Diaspora eta diasporak

2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Egun estatu mailan emigratzen dutenen profila ez da garai batean emigratzen zutenen berdina. Elkano Institutu Errealeko Carmen Rodriguez Enriquek esan zuen, Eusko Jaurlaritzako kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaritzak antolatutako Migrazio eta mugikortasuna kanpoan den euskal komunitatean udako ikastaroan. Lehen emigratzen zutenak prestakuntza profesional bako pertsonak ziren, eta, gaur, ordea, unibertsitate karrerak dituzten gazteak. Horrez gain, migrazio eta diaspora kontzeptuek eboluzio bat izan dutela errepikatu zuen, eta Europara joandako gazteei buruz ari garenean, mobilizazio hitza erabili beharko genukeela diaspora edo migrazio hitzaren ordez, dauden komunikazio erraztasunak direla, eta, haren ustez,aldaketa bat gertatu delako definizioan. Horrekin lotuta, Kingsley Aikins diasporako adituak ere esaten zuen, Euskal Herriaren kasuan, diaspora bat barik diaspora asko genituela.

Aurreko artikulu batean aipatu nuen bezala, immigrante taldeek, herrialde berri batera heltzean, hainbat era dituzte antolatzeko; eta horien artean daude, besteak beste, euskal etxeak, jaialdiak edota hizkuntza, dantza edo euskal kirolak irakasteko eta ikasteko ikastaroak. Egia da, ordea, nahiz eta komunak izan antolatzeko era horiek, immigratzeko garaiaren eta jende motaren arabera, aldaketa batzuk egon direla elkarte edo antolatzeko modu horretan. Kofradiak, hotelak, euskal etxeak eta frontoiak izan dira eta dira Euskal delegazioekin batera, gure ordezkaritza zentroak atzerrian. Euren lana burutu dute, herrialde berri batera immigratzen duten euskaldunen artean familia bat sortu dute, eta euskal identitatea mantentzen lagundu dute. Baina udako ikastaroan esan bezala, Europan bizi diren euskaldunek euskal etxeak sortzen dituzte euskaldunak direlako, eta Ameriketan bizi direnak euskal etxeak sortzen dituzte euskaldun izateko. Horrek erakusten digu bigarren eta hirugarren belaunalditik aurrerako euskaldunek sortutako euskal etxeak eta lehen belaunaldikoek sortutakoak desberdinak direla. Euskal Herritik euskal etxe horiek jasotzen dituzten laguntzak orokorrak dira, eta kontuan hartu behar dugu eskaria eta beharra ez dela beti bera. Kasu batzuetan, laguntza hori izan daiteke bisa lortzeko, atzerriko unibertsitatean sartzeko aukera izateko edota bueltatzean bere lizentziatura onartzeko; beste batzuetan, ordea, Estatu Batuetan edo Argentinan sortutako dantza taldeak Euskal Herrian bira bat egiteko laguntza ekonomikoa, edota turismoa egiteko informazioa nahiko du. Laguntza ez da beti ekonomikoa izan behar; izan ere, eta ikastaroan esan bezala, informazioa ere oso garrantzitsua da kanpoan bizi diren euskaldunentzako, hala nola berritzuliak edo berriro Euskal Herrira bueltatu nahi duten horientzat.

Argi ikusten da Euskal Herritik badagoela kanpoan dauden euskaldunekin dagoen harremana birmoldatzeko nahia, eta udako ikastaro honetan hainbat aldiz aipatu da beharrezkoa dela 8/1994 Legearen (kanpoan bizi diren euskaldunekin harremana legeztatzen duena) berrikustea. Nik ere hori uste dut; izan ere, kontuan izan behar dugu, diaspora bat barik, diaspora asko dauzkagula, eta horienganako estrategiak euren eskaera eta beharretara moldatu behar ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.