DiAngelo eta 'hauskortasun zuria'

2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Artikulu honek, izaki zuri gisa dudan posiziotik idazten ari naizen honek, proposatzen du zuriek inplikazio handiagoa hartu behar dutela zuritasuna deseraikitzeko prozesuan, ulertuta zuritasuna dela egiazko pribilegioei eta pribilegio sinbolikoei eusten zaien lekua, eta arrazakeria bermatzen duela gure gizartean.

Arrazakeria ez da kontu moral bat, baizik eta egiturazko gertakari bat, zeinak pertsonei eta taldeei duintasuna ukatzen baitie eta gizagabetu egiten baititu, haien ezaugarri fisikoen edo haien jatorri nazional edo kulturalaren arabera. Franz Fanon, Martinikan jaiotako filosofo eta psikiatra beltza, izan zen arrazakeria nola egituratu zen esplikatu zuten lehenetakoa, kolonizazioaren eraginez arrazak eta haien hierarkia asmatu zirenean. Fanonen arabera, bi eremu daude, eta marra batek bereizten ditu bi eremu horiek. Goiko eremuan —izatearen eremuan— kokatzen dira humanotzat jotzen diren populazio zuriak, eta azpiko eremuan —ez izatearen eremuan— bizi dira ez-humanoaren kategorian sartutako herri arrazializatuak.

Ordutik aurrera, kolonialismoa, kapitalismoa eta arrazakeria elkarren artean josi dira oso modu estuan, eta baliabideetara eta aukeretara iristeko banaketa hierarkizatu bat ezarri dute munduko herrientzat, nola eremu pertsonalean hala sozialean, eta instituzionalean eta politikoan; horrek eragin ikaragarriak sortu dizkio munduko populazioaren parte handi bati. Europak ez du inoiz konpondu kolonialismoaren kontua, zeinak bere historia eta ekonomia eratu baititu, gaur egun arte. Espainiako Estatuan eta euskal testuinguruan, batetik, beharrezkoa da gogoan hartzea nola parte hartu genuen mugimendu kolonizatzaileetan eta esklabistetan; bestetik, erantsi behar da ijito herriaren bazterketa eta haren kontrako indarkeria sistemiko historikoa. Europan, rom herriaren historia arrazakeria eta segregazio historia bat da, afrikarren ondorengoen eta herri indigenen ondorengoen komunitateen historia bezala. «Esklabotzaren edota estatutu azpiratu baten arrasto bat, arraza-kasta sistemaren estilokoa», Vasile Ionesku idazle ijitoak dioskunez.

Jende zuri askok, orain bertan, bere buruari galdetzen dio: «Zer egin nezake?». Robin DiAngelo hezitzaile zuri estatubatuarrak Hauskortasun zuria liburuan azaldu du zuriek arrazakeria iraunarazten dutela, ahulegiak direlako gaiari buruz modu ireki eta zintzoan eztabaidatzeko. Esaten du pribilegioei buruz hitz egiten digutenean oso minduta sentitzen garela. Ez dugu ohiturarik besteek gu zuri gisa ikusteko, eta, moduren batera, agerian eta nabarmen gelditzen gara: gure kontzientzia ez-arrazializatuak ahul bihurtzen gaitu eztabaida horietan.

Hauskortasuna hitzak adierazten du zer gutxi behar den gure arrazaren erosotasun eremutik atera gaitzaten. Baina, ondoren, erreakzioa izan ohi da jarrera defentsibo armatu bat, ezinegon egoera, erasokortasuna, eta erresumina. Historiaren pisuarengatik eta botere instituzionalarengatik gertatzen da hori. Lan puska bat dugu egiteko, hauskortasun horren harira gure erresistentzia garatzeko, baina ez dugu halakorik eraikiko baldin eta aurrerantzean ere pentsatzen badugu nahita eraso egin nahi duten pertsonak soilik direla arrazistak. DiAngelorentzat, arrazakeriari heltzeko hauskortasun emozionala sortzen da zuri gehienak giro segregatuetan hazten direlako, beste arraza taldeetatik bereizita, eta, batez ere, arrazakeriak sortzen duen estres esperientziatik babestuta, zeina «perbertsoki» arrunta baita ijito, beltz, magrebtar, indigena eta beste arraza talde baztertuetakoentzat.

Pribilegio zuria egunero nabarmentzen da, eta forma anitz hartzen ditu. Adibidez, zuri naizen honetan, inoiz ez zait otu kalean identifikatu nazaketela itxurazko arrazoirik gabe, nire ezaugarriengatik iraindu nazaketela, etxe bat alokatzeko askoz traba gehiago jar diezazkidaketela edo segurtasun zaindari batek jarraituko didala supermerkatu batean sartze hutsagatik. Onartzea zaila suerta liteke, baina barneratua daukagu nagusigo hori. Ikerketa berri batzuk oso argiak dira horri dagokionez: 3 eta 4 urte izan artean, ume guztiek badakite hobea dela zuria izatea. Gainera, pertsona arrazializaturik ez izatea erabiltzen dugu gure eremuaren balioaren neurri gisa. Zer da auzo on bat? Zer da eskola on bat? Neurri handi batean, ume arrazializaturik ez egotea hartzen dugu kontuan eskola on bat zer den zehazteko.

Beste konstante garrantzitsu bat da DiAngelok ona/gaiztoa bikotea esaten dion hori: arrazista zara, edo ez zara. Arrazista bazara, gaiztoa zara; nahita eta kontzienteki zara gaiztoa pertsonekin, arrazaren arabera. Eta arrazista ez bazara, ona eta adimen irekikoa zara. Ezartzen da pertsona ona izateak eta arrazakeriaren konplize izateak elkar baztertzen dutela. Eta hori da jende zuriaren jarrera defentsibo ia guztien sustraia: arrazakeriak, arrazakeria izateko, intentzioa beharrezko duela zehazten duen definizio sinple hori.

Zer egin dezakegu?

Lehendabizi, baieztapen hau ezabatu: «Ez naiz arrazista». Horren ondoren, lehen kontua da nork bere buruari galdera egitea eta erantzutea ea nola den posible pertsona heldu bat izatea eta inoiz ez konturatzea ez nindutela hezi arrazakeriaren inguruan; nire bizimoduan, ez dut arrazakeriaz hitz egiten inorekin; ez dut arrazakeriaz hitz egiten pertsona arrazializatuekin; ez dut egiazko traturik ijitoekin edota koloreko pertsonekin; izatez, ez dit axolarik horretaz konturatzeak; ez dut errudun sentitu nahi. Bigarren kontua da galdera hau erantzuteko lanean jartzea: zer esan nahi du zuri izateak? Eta konturatzea nola zuri izateak nire bizitzaren alderdi gehienak baldintzatu dituen; nola zuri izateak baldintzatzen duen nola ikusten duzun zeure burua pertsona bakar, berezi, desberdin gisa; pertsona arrazializatuek eta ijitoek idatzitakotik ahal dudan guztia irakurtzea; haiei aditzea.

Beste gauza bat ere egin genezake: min txikiagoa egiten saiatu, praktikaren eta hutsen bidez; errespetua eduki, baina arriskurik ez hartzetik aparte ibili. Ikastea eta hutsen bidez handitzea da gakoa.

Bukatzeko, DiAngeloren aipu bat, ingelesetik itzulia: «Ez dut uste bizitza osoan askatuko naizenik baldintzapen arrazistatik. Egiaz, ez diot neure buruari antirrazista esaten; koloreko pertsonek erabaki dezatela momentu bakoitzean antiarrazista gisa jokatzen ari naizen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.