Deus gutxi aldatu da

2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
São Paulon, 1980ko otsailaren 10a. Udan ohi den bezala, egun beroa bezain hezea. Diktadura militarraren zapalketa, eguna bezain sargoria. Oporrak baliatuta, Sion ikastetxe katolikoak pertsona talde heterodoxo bati ateak ireki zizkion. Bertan intelektualak, Askapenaren Teoriaren aldeko erlijiosoak, artistak eta sindikalistak elkartu ziren eta langile siderurgiko gazte baten gidaritzapean gerora Brasilgo historia politiko garaikidea markatuko zuen alderdia sortu zuten: Partido dos Trabalhadores (PT) —Langileen Alder- dia—. 40. urteurrena ospatu berri du jaialdi erraldoi batez Rio de Janeiron. Gauza gutxi dira orain sorrera une hartan ziren bezalakoak.

Hastapen hartan parte hartu zuten pertsona anitzek faktore komun nagusi bat zuten: diktaduraren aurkako borroka. Hitza edo ekintza zela medio, zapalkuntzaren kontra aritzen ziren gizarte esparru ezberdinetatik. Pixkanaka-pixkanaka aginte autoritarioa pitzatzen joan zen eta demokraziarako bidea abiatu zen. Luiza Erundinaren eskutik, 1988an, São Paulo megahiriaren alkatetza eskuratu zuen ezkerreko alderdiak, horren agintean lehenbizikoz emakume bat kokatuz. Ondoko hamarkadan PTren toki eta erregio mailako hazkundea eta Washingtongo Kontsentsuaren goraldia gertatu ziren batera. Eskuratutako esperientzia eta hedadura zein neoliberalismoaren ondorio sozial eta ekonomiko lazgarriak batu ziren Lula aginterat eramateko. Brasilek bere herritar arruntaren antzekoa zen presidentea zuen estreinakoz.

Aitzinamendu sozial ukaezinez beteriko aroa zabaldu zen, argi-ilunak —ustelkeria tarteko— gorabehera. Latinoamerikako bertze gobernu askorekin sintonian, nazioarte mailan ahots propioa garatu zuen Brasilek. Eta boteretsuen menderakuntza serioski mehatxatzen hasi zen. Garaiak aldaturik, horiek ezin zuten berriz diktadurako barneko gerra estrategiara jo. Orduan establishment politiko eta ekonomikoak lawfare-ari —gerra judizialari— ekin zion, arerioa erorarazteko demokraziaren bitarteko instituzionalak baliaturik: Dilma Rousseffen aurkako kolpe instituzionala eta Lularen kontrako epaiketak. Brasilgo demokratizazio prozesuarekin batera garatu zen alderdia «demokrazia» horren jomuga bilakatzea lortu zuten botere faktikoek. Eta horrela diktadura eta torturak goresten dituen presidentea Planaltoko Jauregira iritsi zen. 1980n diktaduraren kontra borrokatzen zuten aurrerakoi haiek; 2020an, PTren erronka demokraziaren okertzeari aurre egitea da.

Hasiera hartan, Askapenaren Teologiak eragin nabaria zuen Brasilgo indar aurrerakoien artean, eta, ondorioz, pobreak eta baztertuak jarduera sozial eta politikoaren erdigunean jartzearen aldeko hautua zegoen. PT lerro horretan aritu zen aginte urteetan, eta milioika brasildar muturreko pobreziatik atera zituen, hezkuntzarat sarbidea eman zien, eta, horrela, galaraziak zitzaizkien eremu sozialetarat sartu ahal izan ziren. Alabaina, hamarkada hauetan askotariko eliz ebanjelikoak ikaragarri zabaldu dira, baita aktore politiko aktibo bilakatu ere. Gehienetan establishment-aren aldeko indar gisa jokatu dute, klase sozial guztietarat eta herrialdeko herri urrutienetarat ere beren eragin erlijioso-politikoa hedatuz. Desafio berria bezain zaila da egun aktore politiko gisa aritzen diren aktore sozial hauekiko harremanak kudeatzea.

Segur aski Sion ikastetxeko bilera horren hitzordua ahoz egin zuten, edo asko jota, tentuz eginiko telefono dei baten bidez. Posta elektronikorik ez, are gutxiago Whatsappik. Alta, azken horixe da bihurtu nonahiko suntsipen handiko arma. Garai batean telebistak talde mediatiko erraldoien interesak etxe guztietara sartzea ahalbidetu arren, komunikazio teknologiaren merkatzeak herritarren patriketarainoko bidea bitartekaririk eta etenik gabe egin ahal izatea ekarri du. Albiste faltsuak modu honetan hedatzea herrialde guztietan arduratzekoa bada ere, are kezkagarriago gertatzen da Brasil bezalako toki batean, non herritarren gehiengoaren hezkuntza maila apala den. PTren hasierako pertsonaz pertsonako harremanak eta horietatik garaturiko borroka kolektiboak gain behera doaz, harreman birtualen eta indibidualismoaren mesedetan. Hiperkomunikazioak inkomunikazioa dakar. Orduan, nola berrantolatu herritarren aldarrikapenak oraingo fake news-en meteorito euripean?

Bertze arrazoi batzuk egonen ziren seguruenik, baina Latinoamerikako ezkerreko alderdi nagusiaren 40. urteurrena sorrerako hirian ez ospatzea aferak aunitz aldatu diren seinale ere bada. São Paulo eta industria sinonimoak izan diren Brasil horretan, ospakizuna hortik lekutzea lan munduaren bilakaeraren metaforatzat jo liteke. Izan ere, ekonomiaren tertziarizazioak eta lan merkatuaren malgutzeak borroka modu eta helburuen gaineko azterketa sakona eskatzen diote egungo ezkerrari. Areago, aldaketa klimatikoak eredu ekonomiko oso-osoa birpentsatzea galdegiten dio.

Ospakizunen oholtzaren gainean, PTko, Brasilgo bertze ezkerreko alderdietako eta Hego Amerikako hainbat pertsona erreferente izan ziren. Ia guztiak 60 urte baino gehiagokoak... Horra hor Brasilgo ezkerrak, eta bereziki PTk, dituen desafio guztiei gainjartzen zaion (edo oinarritzen duen?) erronka nagusia: gazteriarekin berriz konektatzea eta hura aktibatzea. Eskubide sozialak defendatzeko eta indar atzerakoi eta neofaxisten aurreratzea gelditzeko ezinbertzekoa da belaunaldi berriak engaiatzea. Duela 40 urteko gazte haiek egin zuten bezala. Izan ere, azken batean orduz geroztik gauza anitz aldatu badira ere, funtsean deus gutxi aldatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.