Desobedientzia zibil eraikitzailea ardatz

2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hizkuntza politikaren teorian badira, beren izaera sozial zabala eta erreferentziala dela medio, garrantzia estrategikoa duten hizkuntza erabilpen esparruak, hala nola administrazioa, irakaskuntza, lan mundua eta kultura. Hizkuntzaren funtzio nazionaltzat jo izan dituzte lau funtzio horiek aditu askok, bertan hizkuntzaren erabilera normalizatzen ez bada, hizkuntza komunitateak etorkizun beltza duela ziurtatuz.

Baina, bestetik, aditu berek behin eta berriz azpimarratzen dutenez, minorizatutako hizkuntza baten erabilera eta normalizazioa ezin da dekretu edota lege bidez egin. Koadro juridikoaren betebeharra bestelakoa da, komunitateari aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzen direla ziurtatzea, alegia. Baina hizkuntza eskubide horiek herritarren esku geratzen dira, beraiei dagokie eskubide horietaz jabetzea eta erabiltzea.

Eta eztabaida horixe da une honetan Euskal Herria zatitzen duten hiru elkargo administratiboetan ematen ari dena, bakoitzari dagokion ezaugarriekin.

Hezkuntzaren esparruan, adibidez, argiak dira Frantses Estatuaren aldetik ezartzen dituen oztopoak. Murgiltzearen aurkako jokabidea eta brebeta zein beste azterketak euskaraz egiteko debekua horren adierazle dira. Nafarroan ere begi bistan daude hezkuntza esparruan ezartzen diren mugak: beraien seme alabak euskaraz hezi nahi dituzten euskal herritarrak apartheid bat den zonifikazio politikara kondenatuak daude. Eta Euskal Autonomia Erkidegoan prestatzen ari diren Hezkuntza Lege berritik murgiltze kontzeptua bera ere baztertua izan da, eta inork ez daki «euskara ardatz duen eredu eleanitza» horrek praktikan zer emango duen. EAJ, PSE eta Podemos akordioan daudela kontuan izanik, zalantza handiak edukitzeko arrazoirik ez da falta. Eta hori guztia gertatzen ari da, gainera, azken 50 urteotan euskal herritar gehien-gehienek Euskal Herriko hiru zati administratiboetan murgiltzearen alde, D ereduaren alde egin duten apustua hegemonikoa denean.

Irakaskuntza den funtzio estrategikoan, beraz, gure herriari dagozkion hezkuntza eskubideak babesteko marko juridiko nazionalik ez dugu. Beste hitz batzuekin esanda, gure aurkako erasoez babesteko koadro juridikorik ez dugu. Ez ahaztu Katalunian murgiltze ereduaren aurka Madrilek inposatu duen gaztelaniaren %25eko presentzia hemen ere aplika dezaketela…

Eta, administrazioaren esparruan, gauza bera gertatzen da. Ipar Euskal Herriko 49 udalerrik Europako Hizkuntza Gutxituen Kartarekin bat egin dute administrazioan eman nahi dituzten urratsak babesteko asmoz. Izan ere, Estatu frantsesak euskararen ofizialtasuna bera ukatzen du, administrazio eremuan egin litezkeen urrats guztiak zapuztuz. Nafarroan, denontzat ezaguna da zonifikazioaren ondorioz administrazio eremu ezberdinetan ematen den hizkuntza eskubideen apartheida. Nafarroako toki gehienetan administrazioan lan egiteko ez da euskara jakin behar eta bertan langile bihurtzeko frogatan euskara ez da ezta meritu gisa ere kontsideratzen askotan. Eta EAEn, langileen artean Hizkuntza Eskakizunen Dekretu Berria gisa ezagutzen denak, erabileraren arautzearen aldetik aurrera egin beharrean, atzerapausoa emateko aukera zabalduko du baita hizkuntza eskakizunen inguruan ere. Eta hori guztia, administrazio esparruko inboluzio juridiko betean gaudenean, Irun edo Laudioko azken erabaki judizialek erakutsi duten moduan. Administrazioaren funtzio estrategikoan ere, beraz, ez dugu dagokigun babes juridiko nazionala eskainiko digun marko juridikorik. Espainiar eta Frantziar konstituzioek inposaturiko mugen baitan gaude oraindik.

Eta, oso motzean bada ere, lan munduan ELAk eta LABek proposatu zuten 50 langile baino gehiago dituzten enpresentzako Euskara Planak garatzeko beharra baztertu egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Zer esanik ez Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Eta euskal kulturaz gauza bera esan genezake. Literaturan, ikus-entzunezkoen esparruan, teknologia berrietan, telebista eta zinean, antzerkigintzan... toki guztietan erdarak oso nagusi izateaz gain, ez dago euskal produkzioa benetan indartzeko eta babesteko marko juridiko nazionalik.

Bi hitzetan esanda, urte hauetan herri dinamikari esker hizkuntza politikaren lau esparru estrategiko hauetan aurrera egin dugun arren, 2022an gure hizkuntza eskubideak ikuspegi nazionaletik babestu eta bermatuko dituen marko juridiko nahikorik gabe jarraitzen dugu. Etorkizun euskaldunaren bermea beste nonbait dago, herritarren borondatean alegia.

Herri erantzuna, Korrika

Gure hizkuntza eskubideak babestu eta bermatuko dituen marko juridiko nazionalik ez dugunez, eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko eskubidearen aurkako erasoak, orain arte bezala, etorkizunean ere emango direnez, desobedientzia zibil eraikitzailea antolatzea da geratzen zaigun bitarteko nagusia.

Hezkuntzan, administrazioan, lan munduan eta kultur esparruan dugun hutsune juridikoa desobedientzia zibilaren bidetik gainditu behar dugu. Euskaraz bizi nahi dut leloa aldarrikapen hutsa izatetik, gure eguneroko praktikaren ardatz bihurtu behar dugu: Euskaraz bizi naiz. Eta horrek, ezinbestean, desobedientziara garamatza. Eta norberaren desobedientziatik, desobedientzia zibil eraikitzailera. Euskaraz biziz soilik gaindituko baititugu erdaren erresumak. Hastera doan Korrika, egoerak eskatzen duen herri erantzun bateratua izan dadila Euskal Herri osoan, euskara baita euskaldunon aberria eta lurralde libre bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.