Desobedientzia linguistikoak Galesko hizkuntza salbatu zuen

2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Gaur egun, Galesko herrialdean, hiru milioi biztanle eta 20.779 km2 dituelarik, bertako hizkuntza nazionala mantentzen da; hain zuzen, hizkuntza zelten artean erabiliena: galesa. Sozialki, Irlandako gaelera baino biziago dago, nahiz eta Estatu independente baten bultzada izan ez. Eta hori posible izateko, ezinbestekoa izan zen 1963-1993 urte arteko galesezko hiztunek egindako desobedientzia linguistiko jarraitua.

Galesko herrialdeak XV. mendean bere independentzia galdu zuenetik, galesa ingelesarengatik ordezkatzeko xedea zuen kolonizazio linguistiko eta nazionala pairatu zuen. XIX. eta XX. mendeetan zehar kolonizazio hau areagotu egin zen industrializazioaren eraginez. Horrela, 1850ean gales hiztunak %90 baziren, 1901ean %49,9ra jaitsi ziren, eta portzentaje hauek XX. mendean zehar behera egiteko joera izan zuten, 1971n %20,8ra iritsiz. Jaitsiera jarraitu honen arrazoia zera zen, herrialdean zegoen hizkuntza galesaren gabezia: administrazioetan, eskoletan, seinaleetan, epaitegietan…, Ingalaterran bezala, Galesko hizkuntza ofizial bakarra ingelesa zen, eta hizkuntzalari askok hizkuntzaren desagerpena iragarri zuten XXI. menderako.

1962. urtetik aurrera, herrialde osoan zabaldu zen gales hizkuntzaren elkartearen sorreraren harira, hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzen zuen mugimendu plural bat hasi zen. 1963tik aurrera, milaka gales hiztunek desobedientzia linguistiko bati ekin zioten. Delitu txikiak egitean oinarritzen zen desobedientzia hau; esaterako, gauez bizikletan argi gabe joatea edota mota guztietako seinaleak galesez margotzea. Aldi berean, ingelesez iristen ziren isunak ordaintzeari uko egiten zioten, eta ondoriozko epaitegietako zitazioetan soilik galesez egiten zuten. Horregatik, hain zuzen ere, ekintzaile ugari espetxeratuak izan ziren.

Hizkuntzaren aldeko desobedientzia eta ekintza zuzeneko kanpaina horiek areagotu egin ziren, epaitegietan galesa hitz egitearen aldarrikapenetik harago, gales hutsezko irratia eta telebista, eskoletan hizkuntzaren irakaskuntza, eta espazio publikoan eta administrazio guztietan ofizialtasuna lortzeko.

Horrela, hizkuntzaren atzerakada jarraitua gelditu, eta 1993. urterako galesaren koofizialtasuna lortu zuten. Hezkuntzari dagokionez, gaur egun eskola publikoen %30 galesez izatea lortu da, galesa eskola guztietan irakasteko derrigortasuna erdietsiz.

Maila politikoan, 1999an Galesko Legebiltzarrera (galesez Senedd Cymru) iristea lortu zuten, non gaur egun Plaid Cymru alderdi independentistak diputatuen laurdenak dauzkan. Herritarren %25 Ingalaterran jaio den arren, eta emigrazioaren ondorioz bizimodua garestitu eta gazte askok alde egin behar izan duten arren, hizkuntzak eutsi egin dio eta egoera eraldatu egin da. Duela 30 urte hiztunen gehiengoa pertsona helduak baziren, gaur egun gazteria da galesez egiten duen gehiengoa.

Desobedientzia linguistikoz beteriko gertakizun arrakastatsu hauek, 50 urte ostean, gales hizkuntzak bere bizitasun osoa berreskura dezan eragin du. Lege bidegabe eta zapaltzaileekin bat egiten ez duten guztientzako eredu argia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.