Idazlea

Desnazionalizazio azkarra

2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun

Egunotan irakurri dut historian doktorea den Josemari Lorenzo Espinosa bilbotarraren La renuncia nacional del PNV —EAJren uko-egite nazionala— (2002). Ez da gaur goizeko liburua, baina zer-pentsa ugari eman dit egun ere. Lizarra-Garazi ituna hautsi eta erakunde armatuak jarduerari berrekin eta laster idatzi zuen. Sabin Aranaren heriotzatik ehun urtera. Kontatzen du, dokumentuetan oinarrituz, Sabin Aranak sortutako alderdiak berak nola hil zuen bigarrengoz alderdiaren fundatzailea, haren ikuspegi independentista; batez ere, 1977tik 2002ra, diktadura ondoko hogeita bost urte haietan.

Artikulu honetan, puntu batean zentratuko naiz: justu duela hogeita bost urte, 1999ko uztailean, ETAk EAJ eta EA alderdien ordezkariei egin zien proposamenean, baina aurretik, liburuaren sarreratik, bi paragrafo esanguratsu aldatuko ditut hona:

«Euskal Herriaren askatasuna lortzeko sortutako EAJk aurre egin behar dio beste behin, ziklikoki egin behar izan dion bezala, nazio erreibindikazioen uko-egite eta nahasmen ideologikoari, noiz eta independentismoaren aurka Espainia eraso handi bat egiten ari denean. Euskal menpekotasun politikoak desegiteko sortutako alderdiak, bere bide gehienean, menpekotasunak sendotu baino ez ditu egin. Alabaina, euskal nazionalismoaren sorrera 1882an, eta alderdiaren fundazioa 1894an, inspiratu zuten egoera ez da aldatu; eta horrenbestez, ezin dugu aldarrikapen nazionala hil eta sorrerako helburuak lortu direla aldarrikatu».

Autoreak ikuspegi independentista garbitik idatzi zuen liburu hori. Aurrerago, honela dio eusko alderdi nazionalistaren diskurtso eta portaera politikoaz:

«Alderdiaren jarrera politikoa eta diskurtso ideologikoa ez dira nazionalistak, eta ez dira izan, azken hogeita bost urteotan behintzat. Posibilistak edo indarrean dagoen legeriara egokituak izan dira eta dira. Arzallusen, Garaikoetxearen, Ardanzaren, Joseba Arregiren eta Ibarretxeren EAJk eta Sota, Kizkitza eta Agirre lehendakariak [Elias Gallastegi Gudari eta Aberri eta Jagi-Jagi-ren independentismoari kontrajarria] bat egin dute modu koherentean. Egia esan, EAJk 1977tik gaur arte erakutsi duen diskurtsoa uko-egite nazionalaren diskurtso argia da, Comunion-eko errebisionistek Arana hil ondoren egindakoaren jarraipena. Batzuetan, Foruei, Koroarekin egindako Itunari, autogobernuari, autonomiarekin lortutakoari, ukaezinari baina halaber ahoskatu ezinari eta abarri buruzko aipamenak egiten dira. Baina sekula ez diskurtso nazionalista oso bat, koherentea eta irmoa, jardun politiko berarekin bat datorrena eta nazionalista guztiek, bere horretan, onartzen dutena».

Baina gorago esan bezala, natorren proposamenera: zer proposatu zien ETAk EAJri eta EAri duela mende laurdena? Euskal Herriko zazpi lurralde historikoak (zazpi probintziak) hauteskunde-barruti bakar gisa harturik, bozak antolatzea eta hango emaitzekin Euskal Herri osoko Legebiltzarra osatzea. Legebiltzar hark euskaldun guztion lehendakaria hautatuko zuen, eta hura arduratuko zen Euskal Herri osoa politikoki berrantolatzeaz, eta Euskal Herri burujabeak Euskal Konstituzioa onartuko zuen. Zazpi probintzietako herritar guztien boto unibertsala bermatuz gero, eta kanpoko esku-sartze politikoak ekidinez gero, erakunde armatuak behin betiko utziko zituen armak. Proposamen guztiz demokratikoa, barneratzailea, inor kanpoan utziko ez zuena, eta benetan independentista!

EAJri eta EAri harrigarria gertatu zitzaien. Garaikoetxeak ez zuen aditzera eman delako ETAren inposizioaren kontua, baina politikoki ez zion errealista iritzi, nahiz eta onartu zuen bat zetorrela euskal nazionalisten aspirazio naturalekin: «EAko eta EAJko ordezkariek adierazi zuten proposamen horrek ez zuela errealismo politikorik, nahiz eta euskal nazionalisten aspirazioekin bat zetorren».

EAJko Egibarrek eta Ibarretxek-eta bai, adierazi zuten ETAk euren alderdiaren autonomia politikoari egindako esku-sartze onartezina zela proposamen hura, eta xantaia politiko ezin larriagoa.

Espainiako 1978ko Konstituzioaren bigarren artikuluak dioena: «Konstituzioa espainiar guztien aberri komun eta zatiezina den espainiar nazioaren batasun banaezinean oinarritzen da», eta halaber, zortzigarrenak: «Indar Armatuak Lurreko Armadak, Armadak eta Aireko Armadak osatzen dituzte, eta Espainiaren subiranotasuna eta independentzia bermatzea, haren lurralde-osotasuna defendatzea eta ordenamendu konstituzionala defendatzea dute helburu» ez dira esku-sartze onartezinak, baina erakunde armatu ohiarena bai. Eta Frantziako 1958ko Konstituzioaren lehen artikulua ere ez: «Frantzia Errepublika zatiezina, laikoa, demokratikoa eta soziala da». Hori ere oso demokratikoa, frantsesentzat, ezen ez euskaldunentzat!

Oso garbi adierazi zuen euskal erakunde armatuak zer den demokratikoa euskal abertzale independentistontzat; zer aniztasun den demokratikoa, eta era berean errealismoaren izenean, gure alderdi abertzale direlakoen kontraesanak, menpekotasunak eta lotsagabekeriak jarri zituen agerian. Esaneko eta makurturik, botere handien aurrean, eta lotsagabe eta mutiri, euskal independentisten aurrean.

Oraindik orain entzun diot Otegiri esaten desnazionalizazio «galopantea» bizi dugula Espainiak euskal jokalarien golei esker Eurokopa irabazi eta ikusi ditugunak ikusita, eta halaxe da dudarik gabe, desnazionalizazio bizkor-bizkorra bizi dugu, alde asko hartzen dituena —alderdiena, herritar askotxorena...— eta «boto abertzale» delakoaren gorakadak lausotzen eta ezkutatzen diguna. Noizko biraketa?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.