Biziki intentsoa izan da urtea 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren inguruan lanean ari garenontzat. Eta ez bakarrik aurrera eraman ditugun dinamikek jarritako erritmo zoroarengatik, baita bidean sentitu dugun emozio uholdearengatik ere.
Ekimenak zuen helburu nagusia betetzat eman dezakegu. Azken urte hauetan «ofiziala» ezizena zeraman ikuspuntua guztiz desmontatua gelditu da, argudiorik gabe, alegia. «Berdinen arteko anexioaren» teoria defenditzen zutenak, gure historiaren erabilpen politiko hutsa egiten ari zirela demostratu dugu. Eta beste aldetik, 1512ko konkistak utzi zituen ondorioak gaurdaino iraun dutela jarri dugu mahai gainean. Argi dago, zentzu honetan lan asko egiteke dagoela, belaunaldi berriek gure historiarekiko izan behar duten pertzepzioa eta atxikimenduaren kasuan adibidez.
Ildo honetatik, iraila eta urrian zehar pare bat hitzordu garrantzitsu izan ditugu. Lehenengoa, irailaren 9an, Tutera herriak amore emateko behartua izan zela gogoratu genuen, eta Erriberako hiriburuan Kantujira Nazionalean bildu ginen kantari. Bigarrena, urriaren 14an Donapaleun, Nafarroako erresumaren burujabetza berreskuratzeko lehenengo saiakeraren V. mendeurrena ospatu genuen. Ospatu, bai! bere osotasunean ospatu. 1521an gertatu zen ez bezala, 1512ko udazken horretan ez zuten gaztelarrak kanporatzea lortu, baina saiatu, saiatu ziren. Eta, 500 urte geroago, ahalegin hori goraipatzeko prest dagoen herri bat dagoela erakutsi dugu, eta hori garrantzitsua da.
Donapaleutik deskonkistarako deialdia zabaldu dute jada. Goazen ba lekuko hori jasotzera! Bost mendeetako akulturazio prozesu baten ostean, bizirik gaude. Baina konkistatuak jarraitzen dugu. Konkistak utzitako ondorioak deuseztatzea da helburua, lapurtutako burujabetza berreskuratzea, guztiz zilegi da eta. Gure buruak deskonkistatu behar ditugu, gure hizkuntza, gure instituzioak, gure kultura, gure nortasuna, gure sexualitatea... Gure lepoak estutzen dituzten kateak apurtzeko beharrean gaude, gure burua deskonkitatu, berriro gure buruaren jabe izan gaitezen.
«Eta orain zer? 2012. urtea eta gero, zer?». Hori galdetzen digute Nafarroa Bizirik ekimenean gaudenoi. «Lanean jarraitu !», erantzuten dugu. Sortutako kimetza elikatzen jarraitu behar dugu. Nafarrak sentitzen gara, jatorri askotariko nafarrak, XXI. mendeko nafar menderakaitzak, espainiar eta frantziar estatuekiko duten loturaren inguruan erabaki nahi dutenak. Barcina eta Del Burgo jaun-andreak, urte hau bukatzearekin ez gara erditik kenduko, eta bidean elkartuko gara berriro. Guk argi baitaukagu deskonkista prozesu hau geldiezina dela, guztiz demokratikoa eta osasuntsua, konkista bortitz batean oinarritutako jendarte batek etorkizunik ez du eta.
Gure aldetik, egin dugun lanaren balorazioa egiteko eta hemendik aurrera ditugun erronkak zehazteko nahian, azaroaren 17rako 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko Sarearen Batzarra deitu dugu. Bukatzeko, urteari agur duin bat eman ahal izateko, Jaso eta Azpilikuetar Frantziskoaren egunaren ospakizunekin lotua, abenduaren 1ean, ekitaldi nazionala ospatuko dugu Iruñean. Lodosakoak, Oiartzungoak, Garruztarrak, Senperekoak, Etxarrikoak, Aguraingoak, Getariarrak, Zangotzakoak, ... gonbidatuak zaudete !
Gure oroimena berreskuratzearen bidean bat egin dugun lagun guztiei besarkada bana. Deskonkista garaia heldu da.
Deskonkistaren bidea garatzearen beharraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu