Gaur egungo gizarte globalizatzailearen lurraldea ulertzeak, nahitaez, identitatearen ekoizpen neoliberala aztertzea eskatzen digu, hain zuzen, gure bizierak moldekatu dituen eredu neoliberalen sistemak norbanakoengan izandako eragina aztertzea. Izan ere, egungo gizarte globalak, herritarren ahalduntzea sustatu beharrean, berdintze eta moteltzerako eraginak sortzen ditu, gizarte-eragiletza oztopatu eta taldetasuna hautsiz, hots: norberatasunak zatitu eta sakabanatuz. Hara, subjektu soziala, hiritargoaren hautemateen, jokabideen, aginduen, betebeharren, eraikuntza etiko eta estetikoen balio multzoan zehazten denez, giza taldea, koordenatu horien baitan ulertuko dugu ondoen, baina ez gutxitan, eragin horiek guztiak oharkabeak izaten dira, eta ez ditugu haien kalteak nozitzen haragitzen direnean baino.
Hara nola bizi garen espazio global horren nagusigoak osoki blaitzen gaitu jada, eta eragiten dituen norberatasunak, bakarzale eta nartzisistak izateko joeran sortzen ditu, nortasun zatituak eta aletuak bultzatuz. Naufragioaren erdian, «ahal duenak ahal duena egin beza», agindu nagusiaren meneko bizi gara. Begira, bestela, gizarte-herritartasunerako eskubideen ahultze progresiboak, lan baldintzen prekarizazio hedakorrak, herrien subiranotasun eta burujabetzaren aldarrikatzeko nahia nola itotzen duen, munduera berdindua amets duen «subjektibotasun neoliberalaren» ezaugarrietara ondo moldatuz. Diruaren goseak bultzatuta mugitzen den munduan, oinarrizko eskubideen desegitea, deslotura soziala, merkatuaren nagusikeria edota eliteen pribatizazio nahiak, harrapaturik gaituen lurralde globalizatzailearen ondorioak dira guztiak.
Haatik da hain beharrezkoa gaur egun norbanakoen ekoizpena zein baldintzetan sortzen den ondo ulertzea, eta beregaintasunez jokatu ekoizpen horren arduran, norberak egin ezean beste batek eginez diharduelako. Bakarrik horrela ahalbidetu liteke taldetasun bermean (hots, burujabetzatik) desiogintza biziberritzea, hau da, bestelako eraikuntza soziokultural urratzailearen desiogintza birsortzea.
Giza identitatearen gaur egungo desjabetzea «identitate neoliberal» deritzonak ordezten du. Hain da horrela ezen, zibilizazio-mehatxu hori argi eta garbi ikusi dugula sistema globalak eragin duen krisi ekologikoan eta planetarioan. Arriskuaren gizarteak (U. Beck) etengabeko mehatxu berriak sortzen ditu, gero eta zaurgarritasun eta zatiketa sozial handiagoa eraginez bai herrietan eta pertsonengan. Begira nola, finantza-espekulazioak, kapitalen porrot-arrisku etengabeak, giza eskulan beharrizanen murrizketak, merkatuaren prekaritate biderkatzaileak, edota pentsamendu bakarraren inposizio mediatikoak, subjektu desjabetuaren sakabanaketa areagotzen duen, herritarron mendekotasuna eragin eta gizarte eragiletza geldotzeko. Eta mehatxu horiek eta beste, gizarte gai nagusietan atzematen ari dira, osasunean eta hezkuntzan adibidez.
Haatik, mendekotasun eta mehatxuaren esparrua gainditzeko prest egongo den hiritargo berri baten arkitektura behar-beharrezkoa dugu. Hezkuntzan, esate baterako, gizabanakoaren oinarrizko nortasunaren garapena funtsezko langaia izan beharko da. Izan ere, nortasunaren garapena ez baita jada zeregin pribatua, zeregin instituzionala izatera igaro da, hots: eremu publikoan kokatutako zeregina.
Gaur egungo egiturazko arazoak, indarkeria mota ezberdinak, planetaren krisi ekologikoa, pobrezia, berdintasun edo bizi-baldintzen duintasunik eza, gainezka egin eta lehertutako subjektu baten adierak dira, psikismoen krisia (Z. Bauman) eredu neoliberalaren beraren bizi-baldintzen ondorioa direla ikusten ari gara.
Sistema globalak gure bizierak zuztarretik baldintzatzen dituela arrazoitu dugu hemen, hara zelan, jokoan dagoena, gizarte ereduaren errotiko eraldaketa da. Neoliberalismoaren doktrina ideologikoaz gain, bere baitan, gizabanakoaren eraikuntza eredu jakin bat dagoelako, merkantilizatzeko erraza zaion norbanakoa zer-gauza bihurturik. Horregatik, kapitalismo neoliberalak eragin erabakigarria dauka egungo subjektibotasun moldaeretan, eta gaur, gizaki mota hori, bere agindu hiperkontsumistan harrapaturik bizi da.
Hara, irabaziek eta diruak, gure ortzi-mugaren desira-objektu nagusi izaten jarraitzen duten bitartean, ezingo da desiogintza berri baten ernamuinik aurkitu, giza taldearen desiogintzaren eraikuntza soziokulturalik erdietsi. Hain zuzen, ortzi-muga hori, talde kultura berri batean datza, benetako mutazio antropologikoa ekarriko duen eraldaketa. Ezbairik gabe, guztientzako biziera duinaren baldintzak ekoizteko ongarri soziala, desira-objektu nagusiaren norabide aldaketan datza, bestelako uztartze sozialaren onura ekarriko duen hitzarmen zabal eta berrian.
Desiogintzaren norabide aldaketa, norbanakoa erreskatatzeko premiatik sortzen den arren, giza taldean du bere jomuga, emantzipazio borroka guztien zeruertzari begira dago, herrigintza euskaltzale eta feminista batean zurtoitzen da ondoen.
Desiogintza birsortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu