Desazkundea garraioan

2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Iaz, Europako Batasunak berriro berretsi zuen bere konpromisoa berotegi efektuko gasen isurketak (BEG) 2050ean %80-95 artean murrizteko, 1990eko mailarekin konparatuta. Garraio sektorean murrizketa %60 izan beharko da. Murrizketa hauek ez dira batere neurriz kanpokoak, baizik eta gutxienekoak hondamenezko klima-aldaketa saihesteko.

Aurrekoari gehitu behar diogu ekonomia karbonogabetzeko beharra, erregai fosilen agortzeak bultzatuta.Petrolioarekiko mendekotasuna izugarria da garraioan: kontsumitzen duenaren %94 petrolioa da. Baina petrolio-putzuen batez besteko urteko agortze-tasa %6 da. Petrolio merkea bukatu da, eta geratzen zaigunaren gainbeherak gero eta gutxiago kontsumitzera bultzatzen gaitu.

Zein baliabide dugu eskuragarri Euskal Herrian, garraioaren isurketak eta energia kontsumoa hainbeste murrizteko? Renewable & Sustainable Energy Reviews izeneko journalak neuk egindako lan bat argitaratu berri du, galdera horiek erantzunez—artikulua eta informazio gehiago, Eusko Ikaskuntzako BAI programaren blogean daude eskuragarri <http://bai.eusko-ikaskuntza.org/bloga/?p=55>—.

Ikerketaren abiapuntua izan da EAEko administrazioak 2008rako energia eta garraioari lotuta ematen dituen estatistikak. Lanaren lehenengo ondorioa izan da datu horien kalitate eskasa eta hutsune garrantzitsu batzuk egiaztatzea. Alde batetik, nazioarteko itsas eta aire garraioak kontabilitateetatik kanpo uzten dira, sistematikoki, energia eta isurketei dagokienez. Estatistikek, bestalde, ez dute kontuan hartzen zeharkako isurketak. Honek guztiak garraio sektorearen kontsumoa eta isurketak gutxiesten ditu. Sektorea elikatzen duen energia primarioaren kontsumoa administrazioak balioesten duena baino %30 gehiago izan liteke, eta isurketak %40 gehiago.

Lan honek EAEko garraioaren argazki errealago bat ematen du. Baina ez da hor geratzen. Burutu dugun sektorearen parametrizazioari esker posible izan da modelatzea nola aldatuko liratekeen energia kontsumoa eta isurketak, garraioaren elementu batzuk aldatuz gero. Zein tarte emango liguke efizientziaren hobekuntzak? Eta garraioaren elektrifikazioak? Eta energia berriztagarriak erabiliko bagenitu? Aukera horiek aztertu ditugu, beste batzuekin batera. Atera ditugun ondorioak orokortu daitezke Euskal Herriko beste lurraldeetara, eta baita beste herri industrializatu askotara ere. Hona hemen ondorio nagusiak.

Garraioan tarte handia dago oraindik efizientzia hobetzeko, betiere teknologia hobetuz, betiere aldaketa teknologiko iraultzailerik suposatu gabe. Aldaketa horiek energia kontsumoa eta isurketak %30ean murriztea ekarriko lukete, guztira. Aldaketak burutzeko ia bi hamarkada beharko genituzke, eta ibilgailu gehienak berritu.

Motor elektrikoak oso efizienteak direnez, garraioaren elektrifikazio ugariak —lurreko garraio guztia, nagusiki— kontsumoa %40 murriztea ekarriko luke, eta isurketak erdira. Kasu horretan, baina, EAEko garraioak urtean 6,9 terawatt-ordu elektrizitate eskatuko luke —2008ko mugikortasuna suposatuz—, edo 2008an EAEn kontsumitu zen elektrizitate guztiaren %42. Uler daitekeenez, hain garrantzitsua izango litzatekeen horrelako elektrizitate-eskaeraren handitze bat estaltzea ez dirudi txikikeria bat. Ibilgailuak berritzeaz gain, sare elektrikoak ere sakoneko aldaketak beharko lituzke. Auto elektrikoen autonomia, eta birkargatzeko modua ere, mugatuagoa da. Mugikortasun elektrikoa ez litzateke egungoaren kalko zuzena izango; inola ere ez.

Garraioak eskatuko lukeen elektrizitate guztia jatorri berriztagarrikoa izango balitz, kontsumo primarioa %60 murritz liteke, eta isurketak %77. Baina horretarako, 3,5 gigawatteko sorkuntza-ahalmena izango luketen aerosorgailuak instalatu beharko lirateke nonbait, edo 4,7 gigawatteko potentzia luketen sistema fotovoltaikoak —erreferentzia moduan, Garoñako zentralaren potentzia 0,46 gigawatt da—. Posible liteke, bai, baina batere ez erraza. Gainera, ez litzateke nahikoa izango. Eszenario elektriko eta berriztagarria 2008ko isurketen %23an geratzen da, eta ezin dugu ahaztu 1990etik 2008ra EAEko garraioaren kontsumoa ia hirukoiztu egin dela.

Kontsumoa eta isurketak are gehiago murrizteko, beste aukera bat izan liteke garraio publikoaren aldeko apustu irmoa, edo antzeko bideak, adibidez ibilgailu pribatuen partekatze derrigortua okupazio-tasa altuak bermatzeko. Nire kalkuluen arabera, bide horretatik energia kontsumoa eta isurketak %60 murritz litezke.

Baina oraindik, gutxienez beste bide bat geratzen zaigu kontsumoa eta isurketak are gehiago murrizteko: ekonomiaren birlokalizazioa. Hipermugikortasunaren gizartean bizi gara. Azken 40 urteotan, mugikortasuna erritmo biziagoz hazi da, jarduera ekonomikoa baino. Mugikortasunaren eta jarduera ekonomikoaren arteko erlazioak 70eko hamarkadaren hasierako maila berreskuratuko balu, 2008ko jarduera ekonomikoa suposatuz, itsas garraioak %35 murriztu beharko luke, eta lurrekoak %60. Horrela, posible liteke energia kontsumoa etaBEGeko isurketak heren batera gutxitzea.

Gauzak horrela, garraio sektorearen energia-kontsumoa eta isurketak %80 murriztea ahalbidetuko lukeen eszenario bakarra litzateke aurreko eszenario guztietako baldintzak berean biltzen dituena.

Ondorioa, beraz, oso argia da. Iraunkorrak izan nahi badugu, eskuragarri ditugun baliabide guzti-guztiak dira beharrezkoak energia kontsumoa eta isurketak garraioan behar dugun bezainbeste murrizteko. Aurrerakuntza teknologikoak guztiz beharrezkoak izango dira: efizientziaren hobekuntza nabarmenak, ibilgailuen elektrifikazioa, energia-fluxu berriztagarrien ustiapen masibo bat elektrizitatea sortzeko. Berrikuntza hauen kostu ekonomikoak izugarriak izango dira, eta gainera ez nahikoak. Garraio publikoaren aldeko apustu irmo bat ere behar dugu, eta nola ez, ekonomiaren birlokalizazioa. Ezinbestekoa da garraioaren desazkundea. Bestela, mugikortasun iraunkorrak kimera hutsa izaten jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.