Des-herriaren hari muturrak

2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Lurraldea ez da, jada, amets handien oinarria, inoren inperiorako aitzakia edo paradisu lurtarra. Lurraldeak aski du bere baitako pertsonen eta kolektiboen eskubideak duintasunez babestu eta datozen erronken aurrean komunitate horrentzat erantzun ahalik eta egokiena gauzatzearekin.

Esaten ari garenak ez du ezer berririk, baina Euskal Herriaren lurralde eremura ekartzen dugunean badakigu zertan garen, errealistena ez da posible eta irrealena ezin irentsi. Irrealena da uste izatea inoren eskutik gure eskutik baino hobeto joango garela edo herri xedez guk baino gogotsuago jardungo duela.

Des-herriaz mintzo gara LAB sindikatuaren eskariz Gaindegiak apailatu duen lan labur eta xumean (Des-herria, hausturak eta etenak Euskal Herrian). Gure herriak bizi dituen des-herriratze prozesu behartuei buruz dokumentazio gotorragoa eman zitekeen, gauza bera esaten amaitzeko, ordea. Hots, gure herriari ezarri zaizkion politika nagusiak herri izatetik ez izatera garamatzaten prozesuak indartu dituztela. Erantzunak aurkitzetik, balio ez dutenak irentsi behar izatera.

Egiturako arazoei erantzun ezina baino des-herriratze handiagorik ez dago. Nor sentitzen da baztertzen duen herri bateko kide?

Des-herriratzeak oinarrizko bi gailu ditu, gailu batek gure eskumenak kudeatzen ditu (lege organiko, errege-dekretu, helegite, araudi eta aurrekontu bidez), beste gailuak pizarrak banatzen ditu (behar den inguru komunikatiboarekin, aseta senti gaitezen).

Des-herriratzea, ordea, ez da gaur goizean hasia. Gure herriari ezarri mendekotasuna aspaldikoa bada ere, Estatuen mekanika programatzailearen ariketa nagusiak ez dira horren zaharrak. Orain 80 urte hasitako gerrarekin ezarri ziren egungo oinarriak herri xedez gainezka zetozen eragile sozial, ekonomiko edo kulturalak indarrez erauzi zituztenean. Inork kalkulatu al du zein bilakaera zukeen gure herriak maila ekonomiko eta sozialean halakorik gertatu ez balitz?

Bigarren urratsa elite ekonomiko eta sozial berri bat aupatzearekin lurralde zein ekonomiari lotutako egitasmo frankistak ekarri zuen. Besteak beste, baliabide ekonomikoak (eta hauen gaineko nagusigoa) industria jakin batzuetan, familia zehatzetan eta lurralde egitura jakin baten gainean ezarri zuenean. Egitasmo ekonomiko haren ondorioak nozitu genituen 60 eta 70ko hamarkadetako hazkunde demografikoarekin, 80ko krisi industrialarekin... Eta horren ondorengoak dira egungo zahartze demografikoa eta hainbat eremutako industria zaharkituaren gainbehera eta abar. Esan daiteke, frankismoak ezarritako des-herriaren leherketa programatua bizi dugula, orduan bezala orain ere des-herria ereiten duena. Horregatik, orain badakigu oinarriak urruneko geroaldi batean pentsatuz ezarri behar direla.

Gertaera berriagoek, ordea, are nabarmenago utzi dute bizi dugun des-herriratzea. 2008ko atzeraldi ekonomikoaren aurrean Espainiako erresumaren gainbehera ekonomikoak eta politika anti-ziklikoak ez ezartzeko Espainiako Gobernuaren aginduek hamaika ondorio utzi dute. Enpresek babestuko zituen sistema finantzario propio baten gabezia nozitu dute, trantsizio teknologikoan sartu ordez itxi beharrean izan direnak. Euskal langileek, profesional aski trebatuak, kale gorrian gelditu dira lan merkatuan berriro txertatuko zituen formazio sistemarik gabe. Enplegu publikoak behar zuen berritze dinamika galdu du, milaka gazte utziaz formatuta eta lan eskaintza publikorik gabe (dekretuz). Eta horren guztiaren ondoan, prekaritate eta zaurgarritasunaren osin beltzean ezin eutsi ikusten ari gara hamaika pentsionista (alargunak batez ere), hamaika familia, hamaika gazte. Egiturako arazoei erantzun ezina baino des-herriratze handiagorik ez dago. Nor sentitzen da baztertzen duen herri bateko kide?

Hego Euskal Herria aipatzen badugu ere, Ipar Euskal Herrian berdin ezarri da des-herria. Bertan erabakitzeko aukerak murriztuz eta egitasmo akulturatzaileak ezarriz, hala nola ekonomian zein lurraldearen antolamenduan, baliabideetan eta abar.

Aipatu behar genituzke, bidenabar, herri orok behar dituen tresna eta prozesu berriak eraiki ezinak dakartzan atzerapenak egiturako auzietan, hala nola, trantsizio energetikoan, errenta unibertsalaren ezarpenean, ezagumenduaren ekonomiaren garapenean, deskarbonizazioan, mugikortasun jasangarrian... Halaber, ez dakigu prozesu hauek zein erronka ekarriko dioten herriei beren ongizate eta geroratzeari dagokionez. Bizkor doaz aldaketak eta makal erantzuten ari dira gure burujabetza apalaren oinarriak. Aldeak alde, Kataluniaren egoera bera bizi dugu funtsean, orain behar ditugun hari mutur asko besteren esku aspaldian.

2017 honetako Aberri Egunean, askok gure euskal herritartasuna harrotasunez eta konpromisoz sentituko badugu ere, aintzat hartu behar genuke indarrean dagoen makinak zer dakarren. Des-herria ez da herri bat desegiten duen prozesua, herri bati bere erantzunak bilatzea eragozten diona baizik. Eta erantzunik gabe, herri atxikimendurik ez, ahalegin kolektiborik ez, atomizazioa eta mendekotasuna. Horregatik, XXI. mendean aurrera goazela ezinbestekoa da eskumen puntualak ez eze, erronkak zehaztu eta behar ditugun erantzunak aurkitzen hastea, adostasun kolektibo zabaletan oinarrituta. Bestela, epe laburrean gure herrian ezarriko diren aldaketek ez digute erantzun horietan geure burua ezagutzen utziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.