Gure bizitza aldrebestu duen pandemia garai honetan asko dira izurritea gainditzeko hartzen diren neurriak nekez eta aldarte txarrez jasaten dituztenak, haiek intentzio txarreko botere ezkutukoek nolabait gu izorratzeko irudikatuak balira bezala. Birusaren existentzia bera nabarmen ukatu ondoren gurutzada moduko bat hasteko prest agertzen dira aire epiko eta guzti (hor badabil bideo bat dioena: «A la mierda la nueva normalidad, nuestro espíritu no van a doblegar»). Txertoa aipatu orduko, jende hori desobedientzia zibila aipatzen hasi da, xiringa-ziztadarekin norbait gure erabakitzeko gaitasuna betiko hondatzeko asmotzan bailebilen, gure burmuinean txipa ezarriz-edo: «No queremos su vacuna venenosa», dio bideoko abestiak. Atentzioa ematen dit jabetzeak zein azkar onartu den txertoak ezin duela derrigorrezkoa izan, gure bizitzan derrigorrez beste ezer egingo ez bagenu bezala.
Derrigorrez jaio ginen gure gurasoek hola erabakita, eta derigorrez bidali gintuzten eskolara hizkuntza bat mintzatzera derrigortuz, izan euskara, gaztelania ala frantesa. Derrigorrez moldatu zuten umetan gure izaera, etorkizunerako baldintzatuz. Derrigorrez bizi gara pentsio eskasarekin, urtetan era guztietako lanak eta nekeak jasan ondoren. Derrigorrez daude presoak espetxean eta urrun, legeak debekatu arren, batzuk larriki gaixorik, eta beste batzuk kondenaren hiru laurdenak beteta. Derrigorrez gaude aitortzen ez dugun estatu baten menpe, eta derrigorrez behartzen gaituzte gustuko ez ditugun era guztietako lege eta arauak betetzera, eta sokaren amaieran, derrigorrez hilko gara, bizitzan zehar galdu-irabazi ibili ondoren beti azken bataila galtzera kondenatuak.
Gaia antipatikoa da, zinez, eta modu antipatikoan ekin behar zaio. Eskubidea daukagu hara eta hona ibiltzeko, nahi ditugunak bisitatzeko, otorduak nahi dugunarekin egiteko, libre gara nahi bezala janzteko eta geure burua zaintzeko, baina eskubide indibidualak eskubide kolektiboen baitan ulertu behar direla uste dut; bestela, alferrik gabiltza komunitate garela esanez, edo nazioa osatu nahi dugula. Beraz, pandemia garaian, emergentzia sanitarioko epean, salbuespenezkoan, musukoak eta beste hainbeste murriztapen derrigorrezkoak badira, txertoa zergatik ez?
Derrigor-klase guztiak ez dira berdinak. Badira zigorrarekin bermatzen diren derrigortasunak, eta badira kontzientzia zibikoak (edo moralak, etikoak, ideologikoak edo dena delakoak) eragindako derrigorrak; norberak bere buruari ezarritakoak, alegia. Jendearengan nahi beste konfiantza edukita ere, bistakoa da pandemiari dagokionez hartutako neurri zorrotzenak atzean zigorra zeukatelako izan direla eraginkorrak.
Eredugarritzat jotzen da jendeak etxeratze-garaian izan zuen diziplina eta zintzotasuna, baina ikusiak ikusita, batik bat udatik hona daramagun paraderoari erreparatuta, Eguberriaren aitzakian egingo diren gehiegikeria sozialak kontuan hartuta (agintarien kotraesan eta baimenarekin), nago neurri haiek ez liratekeela sozialki hain efikazak izango soilik geure erantzukizunaren pean egon izan balira. Ikustea besterik ez dago zer gertatzen den gobernuek ematen dituzten aholkuekin: aholkuak diren neurrian norberak hartzen die tamaina, oro har ez dira betetzen eta kito, derrigorrezkoak ez direlako, eta kontzientzia zibikoa uste baino murritzagoa delako, kasu honetan behinik behin. Pandemiak dituen eragin negatiboak ez dira aski geure kontzientzia zibikoa mobilizatzeko, ez behintzat behar den beste, eta, beraz, nola edo hala kanpotik behartutako derrigortasunaren premia ikusten dut nik, kasu honetan, eta bereziki txertoari dagokionez.
Ez al da dagoeneko ebidentzia medikoa txertorik gabe ez dagoela pandemiari benetan buelta ematerik, eta haren ezean olatuz olatu harkaitzen kontra zapartatuko dela gure gizartea, ondorio neurtezinak eta kontrolagaitzak nozitzeko arriskuarekin? Beraz? Nork dauka ardura neurri eraginkorrak (eta antipatikoak) hartzeko?Porroak saltzea osasun publikoaren aurkako jotzen da, maria landatzea ere bai, eta gaixotasun pandemikoaren aurkako txertoa hartzeari uko egitea ez?
Ez dut zalantzarik: hobe da jendea konbentzitzea, gauzak ongi azaldu eta jendeak erabaki sanitarioki zuzenak har ditzan. Eta horretan agintariek eta komunikatzaileek daukate erantzukizunik handiena. Adibidez, zertan da sanitarioki seguruagoa Tolosan daukadan familiarentzat ni, Bilbotik joanda, han agertzea, nire etxean Bartzelonan daukadan lagun mina hartzea baino?
Hemen denok zerbait galdu beharra daukagu, onik atera nahi badugu: mugikortasunean, negozioak aurrera ateratzeko moldean, bizitza sozialean, kontsumitzeko eran, naturarekiko harremanetan, gure ustiapen grinetan, beste gizarte mota bat entseatze aldera.
Ematen du, diskurtso imajinarioak aparte, oso pozik geundela gure bizitza errealarekin, ondorioei begiratu gabe. Harrigarria da zenbat kostatzen zaigun egoera honi egokitzea, kexuka eta marmarrean gabiltza gure zorte txarra deitoratuz, mundua zuritoak edo gin-tonikak hartzeko ala saltzeko moduan agortuko bailitzan.
Erraza da, bestalde, derrigorraren gordina jasotzeko beldurrik gabe, zigorrik gabe alegia, desobedientzia praktikatu nahi izatea. Desobedientzia zibilak zentzurik baldin badauka, kolektiboarentzat injustuak diren neurrien kontra borrokatzean dauka, era guztietako ondorioak ordaintzeko prest.
Derrigorrez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu