Denon artean eraiki behar dugu

2015eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Beste behin ere, Hezkuntza-komunitatea kalera aterako gara gure hezkuntza-sistema eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berresteko eta inposizioei indarrez ezetz esateko. LOMCE onartu zenetik, mobilizazio ugari egin ditugu Hego Euskal Herriko herritarrok. Eta gauza gutxi aldatu dira. Nafarroako eta EAEko gobernuak, bestelakorik adierazten badute ere, lege hori aplikatzen ari dira gure eskoletan modu ezkutuan eta informazio kontrajarriak zabalduz. Inposizioei eta lege arrotzen aplikazioari ezetz esatearekin batera, ozen esango dugu gure herrian nahi eta behar dugun hezkuntza-sistema eraikitzeko eskubidea dugula. Gure hezkuntza-eredua nolakoa izango den eztabaidatu, hausnartu eta erabaki nahi dugu. Hau da momentua!

Euskaldunon garaia da, Euskal Hezkuntzaren garaia da, gure lege propioak egin nahi ditugu, Euskal Herritik Euskal Herrira. Espainia zein Frantzia aldetik etorriko zaizkigun lege eta erreformek euskal herritarrok behar eta nahi dugun hezkuntza-sistema mugatzea eta baldintzatzea dute helburu. Eta ez dugu lege inposatzaile berririk onartuko. Inposizio horien guztien gainetik urratsak egin behar ditugu Euskal Herriko Hezkuntza-Sistema propioaren bidean. Eta lan horretan ez gara hutsetik abiatzen, herri honetan hainbat proiektu eta lan burutu baitira dagoeneko. Eta aurrera egiteko, geure hezkuntza eraikitzeko eta inposizioei aurre egiteko, guztiok elkarlanean aritu behar dugu. Eta guztiok esaten dugunean, ez gara bakarrik hezkuntza-komunitateaz ari.

Gure iritziz, hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean, baita jendarteakohesionatzeko ere (pentsaera guztiak errespetatuz, doktrinamendurikgabe...). Horregatik, hezkuntzak lehen- tasun soziala izan behar duela deritzogu.

Nafarroako eta EAEko administrazioei euskal hezkuntza-komunitatearekin eztabaida eta hausnarketa prozesu bat ireki dezatela eskatzen diegu, gure errealitatetik eta gure beharretatik euskal hezkuntza-sistema propio baten oinarriak eraikitzeko. Eraiki dezagun denon artean Euskal Eskola Publiko Herritarra eta parte hartzailea. Euskalduna, hezkidetzailea, aniztuna, kalitatezkoa, eredu pedagogiko propioa izango duena… Azaroaren 28an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritar guztiei. Gu ere han egongo gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.