Denok batera!

Xabier Albala
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Zergatik dugu haurrok hain ahots eta boto gutxi gure gizartean? Zergatik erabakitzen da dena gure ordez, guri ezer galdetu gabe, guk zer pentsatzen dugun kontuan hartu gabe, guk zer sentitzen dugun, guk zer nahi? Etengabe ari dira gure, neska-mutilon ordez erabakiak hartzen, baina guri zer pentsatzen dugun ezein unetan galdetu gabe. [...]

Espero dugu behintzat hori ez dela toki guztietan horrela. Nik, 16 urte nituela, Europako Kontseiluko kide izateko deialdi batera aurkeztu nuen neure burua eta, era horretan, Eurochild Europako Kontseiluko kide izendatu ninduten, eta haurren eskubideen aktibista lanean hasi nintzen Europako Parlamentuan 2017ko azaroaren 20an. Kroazian, Opatjako Neskatilen Kontseilua 2000. urtetik existitzen da. Nire adiskide Petrak 15 urte ditu orain, eta sei urte darama kontseiluan eta, hasi zenean, partaidetza hitza zer zen ere ez zekien arren, orain hiriko alkate txikia da. Eta gu nola gaude gai horretan? Oro har, nire ustez, haurren parte hartzearen aldeko oso kultura gutxi dugu gure artean. Udal eta erakunde batzuek, adibidez, UNICEFek, haurren eskubideen alde dihardute lanean, eta urratsak egiten ari dira; adibidez, Bilbo, Ortuella, Pasaia eta Vitoria-Gasteiz UNICEFen Haurren Hiri Lagunak dira; horretarako, besteak beste, Partaidetzarako Udal Kontseiluak jarri behar izan dituzte martxan. Nire ustez, garrantzizkoa da gaurgero haurrek eta nerabeek ahal den arlo guztietan parte hartu ahal izatea: familia-ingurunean, auzoan, komunitatean, ikastetxean eta abarretan; izan ere, eskubide bat da eta, aldi berean, norbere eta hezkuntza-garapenerako iturri.

Haurren eskubideak gure iritzia kontuan hartzea baino gehiago da, ditugun eskubide garrantzitsuenetako bat da; izan ere, ez badugu parte hartzen, ez gaituzte ikusten, ez gara existitzen, ezin dugu geure burua adierazi, ezta benetan zer nahi dugun esan ere. Parte hartzea prozesu bat da, lehenik eta behin errespetatuak izan behar dugu, helduek babestu behar gaituzte, bizitza duina edukitzeko beharrezkoa dena eskuratu, eta gainera ahotsa behar dugu. Nik lego gaztelu baten gisa ikusten dut, non piezak jartzen joan behar zaren, elkarrekin lokarriak dituzten eskubide guztiak bertan finkatzen joateko. Eta parte hartzeko eskubidea bereziki garrantzitsua da zure bizitzako protagonista izan zaitezen, dituzun beharrizanak azaltzen joan zaitezen, baina baita eragiten dizunari buruz eta hobetu uste duzunari buruz zure neurrian ekarpena egin dezazun.

Oso etsigarria da dena helduek pentsatuta egotea. Lehenik eta behin, gehienok sufritzen dugun zerbait hezkuntza-sistema da. Ikastetxeko gure arauzko orduez gain, non ia ez dagoen jolasteko eta ondo pasatzeko tokirik, amaitzen ez diren etxeko lanak eta ikasketa orduak ditugu arratsaldeetan, ia ez dira kontuan hartzen ikasteko era edo erritmo desberdinak... Beste adibide batek sortzaileak izatearekin du zerikusia: zein tokitan dugu aukera gure sormena askatzeko? Nola izango gara ekintzaileak hazten garenean, ez bazaigu askotariko gauzak egiten uzten haurrak garen bitartean? Horretarako, gure inguruan gertatzen denaz ohartu behar dugu; gauzak asmatzeko, deskuidatzeko edo akatsetatik ikasteko beldurrik gabeko, talde-proiektuetan lan egiteko espazioak.

Nabarmendu nahi dudan beste alderdia soziala da. Nola parte hartuko dugu 18 urterekin gaurdaino inoiz utzi ez badigute? Egia da adinez nagusi zarenean bozka dezakezula, baina inork ez dizu irakatsi eskubide hori ohartuki erabiltzen. Une horretan, galdera pila bat sortzen zaizkizu: nori bozkatu, zertarako, zer inplikazio izango du nire botoak? Ez baitugu gugandik gertu ere ikusten parte hartzearen gai hau... eta, beraz, ez nau harritzen jendeak, gero, parte hartu nahi ez izatea, politikariekin ez fidatzea, edo politikan baliagarritasunik ez ikustea. Txikien begirada kontuan ez hartzean, galtzen ari gara bestela pentsatu ahal izateko, askotariko erabakiak hartzeko, bestela jokatu ahal izateko gizarte-espazio partekatuak sortzeko aukera. Benetan entzungo bagintuzte, eta gure iritziak errespetatu, gauza asko bestelakoak izango lirateke, bai horixe. Elkarrekin parte hartuz, ez dago dudarik ikasi egingo genukeela, guk helduengandik, eta helduak gugandik, eta herritar arduratsu eta konprometituagoak izanez haziko ginateke.

Ederra da ikustea pertsona, elkarte eta zerbitzu publiko batzuk irmo borrokatzen direla gu hobe bizitzeko gauzak egitearen alde. Avilésko I. Haurren eta Nerabeen Partaidetzarako Kontseiluen Europako Topaketako manifestuan sinatu genuenez, «gizateriak esnatu egin behar du, ohiturak aldatu, eguneroko bizitzan Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat etorriz ekintza txikiak eta iraunkorrak egin. Eta proposamen horiek guztiak bultzatzeko, herrialde guztietako gobernuen laguntza lortu behar da». Partaidetzaren bidea elkarrekin eraiki behar dugu, guztion artean, eta espero dut hala egiten jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.