Denis Mukwegeren Bake Nobel sariak kontatzen ez duena

Iker Zirion Landaluze
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Denis Mukwegek eta Nadia Muradek ez zuten gauza komun askorik 2014an. Bata, gizona, kongoarra, kristaua, beltza eta medikua. Bestea, emakumea, irakiarra, yezidi gutxiengo erlijiokoa, arabiarra eta ikaslea. Urte hartan Estatu Islamiarrak Nadia Muraden herria suntsitu eta bera sexu esklabo bihurtu zuen. Egoera horretatik ihes egin ostean, beste emakumeak laguntzen eta Estatu Islamiarraren praktika bortitzak salatzen hasi zen. Denis Mukwege, bere aldetik, ginekologo aritu da azken bi hamarkadetan Kongoko Errepublika Demokratikoko (batez ere ekialdean dauden Ipar Kivu eta Hego Kivu probintzietako) gatazka armatuen ondorioz sexu bortizkeria pairatu duten emakumeei zaintza medikua eskaintzen. Eta ibilbide horretan, sexu bortizkeria horren tamaina eta larritasunaren bozeramaile bilakatu da.

Nahiz eta haien bizipenak oso bestelakoak izan, zenbait gauza partekatzen dituzte. Esaterako, egindako lanagatik jaso dituzten sariak. Haien artean, abenduak 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Nobel Komite Norvegiarrak eman zien 2018ko Bake Nobel saria, «sexu bortizkeria guda arma gisa erabilpena bukatzeko egindako ekimenengatik».

Ez naiz ni izango Denis Mukwegeren kontra hitz bat ere ez esango duena. Hala ere, nire ustez, berari emandako Bake Nobel sariak hausnarketa batzuk merezi ditu. Lehenik eta behin, Kongoko Errepublika Demokratikoan (KED) emakumeen kontrako bortizkeria sexuala ez da bortizkeria mota bakarra. Muturrekoena, ikusgarriena, akaso; baina, inondik inora, bakarra. Beste gatazka armatu testuinguru moduan, Ipar Kivun eta Hego Kivun emakumeen kontrako indarkeria ez da gatazka armatuen ondorioa soilik. Indarkeriak jarraipena du (continuum bat dago), modu (fisikoa, estrukturala, sinbolikoa) eta esparru (ekonomikoa, soziala, politikoa) desberdin askotan adierazten dena, hala gatazka armatuetan nola horietatik kanpo. Gatazkek aldez aurretik existitzen ziren emakumeen kontrako indarkeriak areagotu eta larriagotu baino ez dituzte egiten.

Bigarrenik, saria Denis Mukwegeri eman badiote ere; niretzat, giza eskubide aktibista kongoar askoz gehiago dira saridunak. Eta horiek guztiek emakume izena dute. Justine Masika, Joséfine Kusinza, Eudoxie Nziavake, Caddy Adzuba, Marie Dolorose Masika, Adèle Safi, eta abar eta abar. Izan ere, KED-ko emakumeen taldeak izan dira urteetan zehar bereziki, alde batetik, bakea, segurtasuna eta justiziaren inguruko emakumeen interesak eta beharrak agendan barneratzeko lobby-a egin dutenak; bestetik, gatazka armatuek emakumeengan dituzten inpaktuak eta haien kontrako krimenen zigorgabetasunaren kausak eta ondorioak salatu dituztenak; eta azkenik, baita bortizkeria pairatu duten emakumeen prozesuak lagundu dutenak ere.

Eta, hirugarrenik, Denis Mukwegeren lanari buruz hedabideek isilarazten duten ideia. «Emakumeak sendatzen dituen gizona» izendatu zuen Mukwege, Colette Braeckman kazetari eta idazle belgiarrak liburu famatu batean (l'homme qui repare les femmes, 2012). Emakumeak sendatzeaz gain, gizonak ere baditu helburu. Jakin badakielako KED-an emakumeen kontrako bortizkeria (eta bortizkeria sexuala) gauzatzen dutenak gizonak direla. Horren ondorioz, gizonak sentsibilizatzeko eta hausnarrarazteko ekimenak ipini ditu martxan aspalditik.

Denis Mukwege eta KED-ko egoerari buruzko lerroak direnez honako hauek, erraza da gure testuingurutik deskonektatzea. «Egoera honek ez du zerikusirik gurearekin», pentsatu ahal dugu. Edo agian bai? Lehenik eta behin, hemengohedabideak aztertuta pentsa daiteke hilketak eta bortizkeria sexuala direla gure testuinguruan emakumeek jasaten dituzten bortizkeria mota bakarrak, baina Euskal Herrian ere emakumeen kontrako bortizkeriak baditu hamaika aurpegi; bigarrenik, Euskal Herriko mugimendu feminista da bereziki emakumeen zapalkuntza honen kontra aritu, salatu eta lobby egin duena; eta hirugarrenik, Euskal Herrian ere gizonok gara emakumeen kontrako bortizkeriak sortzen ditugunak. Gizonak sentsibilizatzeko ekimenak egon badaude (hala nola Emakundearen Gizonduz programa edota berdintasunaren aldeko gizon talde batzuk) baina arlo honetan lana egiteke dago.

Mukwegeri emandako sariak gizonoi bidaltzen digun mezu nabarmenena, oparitzen digun hausnartzeko abagunea, honako hau da: Zer egiten dugu guk, gizonok, egunez egun patriarkatua ez erreproduzitzeko? Zer egiten dugu gure portaera kuestionatzeko eta eraldatzeko? Nire ustez, isila, egunerokoa, barnekoa izan behar da batez ere gizonon lana berdintasunaren alde. Mugimendu feministari protagonismoa utziz; gizonak izateagatik ditugun pribilegioak aztertu, jabetu eta uko eginez; egikaritzen dugun boterea zalantzan jarriz; hainbat esparrutan atzera joanez emakumeak aurrera joan daitezen; gehiagotan isilduz emakumeen ahotsak hobeto entzuteko; eta zaintza lanetan aurrera pauso emanez gure betebeharrak onartzen. Finean, etengabe gure burua eta portaerak hausnartuz (zergatik aritzen garen aritzen garen moduan?) eta eraldatuz. Hor dugu hor, gizonok, gure ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.