Dena dugu asmatzeke

2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Duela hamar urte ez geneukan WhatsAppik. Ez geneukan ia smartphone-rik ere. Bestelakoak ziren gure sare sozialak, eta euskaldun gazte eta errebelde izateko ez zen giro. Errealitate horrek jarri zizkion oinarriak Topaturi, hamar urtez gazteon ahotsa izan den proiektu komunikatiboari.

Topatu ez zen, ordea, ezerezetik jaio. Ongi prestatua utzi zion lurra Gaztesareak. Proiektu aitzindaria izan zen, ideia on gehienak bezala, ziur aski, ideia zoro bezala sortu zena hasieran, baina helburu oso argi eta estrategikoa zeukana: Euskal Herri osoko gazteak eta gazte mugimenduak saretzea. Ongi atera zen esperimentua, eta atzetik etorri zen Topatu: gazte mugimenduen ahotsa. Freskatu eta eguneratu egin zen Gazte Proiektu Komunikatiboa, eta egiteko modu berriak ere sortu zituen.

Argi dago hamar urtez gure egunerokoa asko eta azkar aldatu dela, batez ere gazteona. Onerako zein txarrerako, teknologia berriek erabat irauli dituzte elkar komunikatzeko eta informatzeko ditugun moduak, eta aukera bezainbeste arrisku ekarri dizkigute. Naturala den moduan, errealitatea aldatu ahala, aldaketarako beharra sortu zaigu guri ere. Eta hor, Topatuk agur esatea erabaki du Gazte Proiektu Komunikatiboaren beste fase bati bide egiteko.

Gazte Proiektu Komunikatiboa 2020ra ekartzeko beharra dugu, egungo gazteen eta gazte mugimenduen ispilu izan dadin. Baina zein oinarri izan behar ditu? Nola egin 2020an eragiten jarraitzeko? Zein dira egungo gazteen eta gazte mugimenduen beharrak? Zeren egarri gara? Nondik hasi? Galdera horiei erantzun bat emateko saiakeran bildu ginen pasa den otsailaren 27a Gasteizen, Gazte Ahotsa Euskal Herrian, Komunikazioaren Erronkak Egun mahai inguruan, eta aipagarriak dira bertan atera ziren hainbat klabe.

Azken urteetan informazioaren bila joatetik, informazioa gugana etortzera pasa gara, eta horrek iraultza handia suposatu du. Gainera, informazioa orduz ordukoa baino, minutuz minutukoa, ia segunduz segundukoa, bilakatu da, eta horrek erabat baldintzatu du oraina kontatzen jarduten dugunon lana. Txikitik oso zaila egin zaigu azkartasunaren lehia horretan handienekin jokatzea, sare sozialen azkartasun horren atzean etengabe lanean dauden pertsonak ezkutatzen baitira.Horregatik, gaurkotasuna kontatzeko beste modu batzuk bilatzeko erronka daukagu aurrean, segundoz segundokoa ahaztu eta arnasa luzeagoko kazetaritza egitekoa.

Eragitea izan ohi da herri mugimendu gehienen lana, eta hala da mugimendu horietatik sorturiko proiektuetan ere. Egun ditugun komunikazio tresnek eragiteko gaitasuna biderkatu digutela ukaezina da, baina, era berean, zarata guztiaren erdian beste soinu bat izateko arriskua ere hor dago. Horregatik da ezinbestekoa herri/gazte mugimenduekin zein bestelako proiektuekin elkarlanean aritzea. Euskal Herrian ekosistema komunikatibo zabala daukagu; bada, imaginatu nola biderkatuko litzatekeen gure eragiteko gaitasuna denok elkarlanean eta norabide berean jardungo bagenu.

Tresna berriak dira hor erabakigarriak, eta mahaiaren inguruan etengabe hitz egin genuen horien inguruan. Sagar pozoitsuak dira, sistemaren intereseko tresnak direnik ez baitugu ahaztu behar. Baina, era berean, eragiteko gaitasun izugarriak eskaintzen dizkigute, eta bertan gaude gazte gehienak. Oreka bilatzea dagokigu, esperimentatzen jarraitu eta egiteko eta eragiteko modu berriak bilatzea. Ausartzea eta probatzea. Eta horretan, gazteok izan behar dugu eskola eta eredu, pertsonalismo eta indibidualismoetatik urrunduz eta proiektuengan pentsatuz. Kolektiboak proiektatuz egin behar dugu hori, ni-ka beharrean gu-ka.

Gainera, tresna berri horiek aukera asko eskaintzen dizkiete gazte mugimenduei beren bozgorailu propioak izateko, ahotsa edukitzeko inoren bitartekorik gabe. Eta hori izan da beti Gazte Komunikazio Proiektuak defendatu duen praktika: geure oraina guk geuk kontatzea. Saretzeko beharra, baina, hor dago, eta alde horretatik ezinbestekoa zaigu proiektuaren jarduna berpentsatzea. Bozgorailu huts izatetik errealitateak kontatzera egin behar dugu salto, kontakizuna sortzera, loturak egitera, irudikatzera eta saretzera. Gazteon munduaren isla izan behar du Gazte Proiektu Komunikatiboak, eta gazteok gazte mugimenduez harago ere badugu zer esan. Mundu honetan gure ahots propioa izan nahi dugu, eta, era berean, gure mundu propioa kontatu gure ahotsez.

Bidean, abiapuntura itzuli beharra dago sarri, berriro ere bideari ekiteko. Eta hala egingo du Gazte Proiektu Komunikatiboak ere: bildu, bilakatu eta berriz lehertu. Big bang-ean bezala, gure indar eta ilusio guztiak puntu batean biltzera goaz, materia metatzera. Eta emango du hutsik dagoela espazioa, baina momentu batean eztanda berriak berreraikiko du unibertsoa, eta birsortuko dugu gazte mundua. Izan garena ahaztu gabe, izango garena amestuz.

Eta guzti hori betikoa egiten jarraitzeko: gazteok gazteontzat erabilgarri zaizkigun tresnak sortzeko. Salto berriak emateko garaia da, ausartzekoa eta lehertzekoa. Ilusioz betetzekoa eta gogor ekitekoa. Eta horixe da egingo duguna, dena asmatzeke baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.