Nazioarte mailako kezka eragiten duen osasun larrialdia bizi dugu. Koronabirusak Euskal Herriko Mugimendu Feministakadierazi duen moduan, bizitza sostengatzeko zaintza lanen krisiaren gordintasuna agerian utzi du. Arazoa globala da. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) COVID-19 gaixotasuna mundu mailako epidemia, alegia pandemia, izendatu ondoren, osasun krisi global bat pairatzen ari gara. Baina gaur, globala den beste krisi bat nabarmendu nahi dugu. Cambridgeko Unibertsitateko Demokraziaren Etorkizunerako Zentroko ikerketa taldeak ondorioztatu duenez, 2019. urtean, mundu mailan orain arte izandako demokraziarekiko asegabetasun mailarik altuena neurtu da.
Demokraziaren sinesgarritasuna kolokan dago mundu osoan. Munduko herritarrek sistema demokratikoarekin duten atsekabe mailak markak haustea lortu du. Duela lau hamarkada, herritarren heren batek baino ez zuen bere burua «atsekabetutzat» jotzen bizi ziren sistema demokratikoarekin. 1995ean, duela 25 urte, tasa %47raino igo zen, eta, 20019an, %57koa izan da, errekorra. 154 herrialdetako herritarren % 57k, tartean Espainiako Estatuak, demokraziarekin «pozik ez» daudela adierazi dute. Cambridgeko Unibertsitatea duela 40 urte txosten hori egiten hasi zenetik ezagutzen den tasarik altuena da; horrela, herritarren nahigabe politikoak errekor berri bat ezartzea lortu du.
Aipatutako ikerketa herritarrek demokraziarekiko dituzten jarrerak aztertzen dituen mundu mailako azterlanik handiena da. Txostenak 4 milioi pertsona baino gehiagoren datuak erabili ditu nazioarteko 25 inkestaren bidez, 30.000 dolar baino gehiagoko per capita BPG duten 154 herrialdetako herritarren asebetetze demokratikoaren maila aztertzeko. Ia mundu osoa hartzen du: Europa, Afrika, Asia, Australia, Amerika eta Ekialde Ertaina. Herrialdeka, asegabetasun demokratikoaren mailarik altuena Erresuma Batuan, Australian, Brasilen, Mexikon eta AEBetan erregistratu da, tasa heren bat igo delako 1990eko hamarkadaz geroztik. Beste herrialde batzuetan, hala nola, Japonian, Espainian eta Grezian, asegabetasun demokratikoaren maximo historikoetatik gertu daude. Hala ere, Europan, Danimarkak, Suitzak, Norvegiak eta Herbehereek gogobetetze demokratikoaren maximo historikoak erregistratzen dituzte: herrialde horietan, biztanleen laurden bat baino gutxiago ez dago pozik bere sistema politikoarekin. Txostenaren arabera, Europatik kanpo, asebetetze mailak nabarmen handiagoak dira Asiako hego ekialdean eta, neurri txikiagoan, Asiako hegoaldeko eta ipar ekialdeko demokrazietan.
1973tik Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek egiten duten ikerketaren ondorio nagusiak hauek dira: mundu osoan egoera demokratikoarekiko ezinegona agerikoada, areagotu egin da denborarekin, eta munduko maximoa lortzen ari da, bereziki sistema politiko hori finkatuago dagoen herrialde garatuetan. «Mundu osoan, demokrazia ezinegon egoeran dago», ohartarazi du Cambridgeko Politika eta Nazioarteko Ikasketa Saileko kidea den Roberto Foa txostenaren egile nagusiak. Txostenak dio, halaber, prozesu hori 2005ean hasi zela, «atzeraldi demokratiko globala» agerian geratu zenean eta ondorioztatzen du azaleratzen ari den populismoa ondoez demokratikoaren sintoma dela, eta ez sorburua.Zergatien artean, ikertzaile horiek bi aipatzen dituzte: ustelkeria politikoaren kasuak eta 2008an mundu mailako finantza krisiaren hasiera; izan ere, azken kasu horretan, demokraziaren funtzionamenduarekiko mundu mailako atsekabea ehuneko 6,5 puntu inguru handitu zen, eta igoera hori «iraunkorra izan dela dirudi».
Azken urteotan hainbat ikertzailek ondorioztatu dute mundu mailan demokrazia gainbehera puntu batean dagoela. Pew Research Centerreko Richard Wikek eta Sharon Schumacherrek zuzendutako 34 herrialdetako herritarren inkestetan oinarritutako ikerketa batek adierazpen askatasuna, berdintasuna edo justizia bezalako balio demokratikoak herritarrentzat duten garrantzia aztertu dute. 2015eko emaitzei dagokienez, handitu egin da genero berdintasunaren edo adierazpen askatasunaren garrantzia. 2019ko maiatzaren 13tik urriaren 2ra, 34 herrialdetako 38.426 pertsonaren artean egindako azterlanak adierazten du, balio demokratikoekiko konpromisoa izan arren, munduko inkestatuen% 52 ez dagoela pozik demokraziak bere herrialdean duen funtzionamenduarekin. Ikertzaileek diotenez, klase politikoa da arrazoi nagusi bat. Aztertutako 34 herrialdeetan, inkestatutako hamar pertsonetatik seik pentsatzen dute politikariak ez direla beren herritarrez arduratzen. Europarrak eta estatubatuarrak dira klase politikoarekin frustrazio maila altuena dutenak, Suedia bezalako salbuespenak dauden arren.
Autore batzuen aburuz, fenomeno horrek alderdi politikoen funtzionamendurekin zerikusia dauka. Alderdiak despribatizatu liburuaren egileentzat adibidez (Gomez Yañez eta Navarro, 2019) , gaur egun alderdiek denbora gehiago ematen dute boterea lortzen edo mantentzen, ordezkatu behar dituzten interesak ondo ordezkatzen baino. Alderdien barne demokrazia sistema demokratiko baten osasunaren funtsezko oinarria da, hots, alderdiek ez badute ondo funtzionatzen, demokraziak ez du ondo funtzionatzen.Lehen Mundu Gerraren atarian, Robert Michelsek Alemaniako SPD (Sozialdemokratische Partei Deutschland) alderdia aztertzean, oligarkiaren burdinazko legea delako izenaz ezagutzen dugun alderdiaren teoria politiko bat egin zuen, alderdi politikoen barnerako eta kanporako demokraziaren eskasia seinalatuz. Mende bat geroago, lege horrek orduan bezain indarrean jarraitzen du, alderdi politikoen funtzionamendua eta antolaketa deskribatzeko orduan. AdibidezEuskadikoPP alderdian gertatu dena, estatu mailako alderdiko zuzendaritzak erabaki du nor izango den euskal hauteskundeetarako hautagaia, EAEko PPren iritziaren kontra. Edo Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren betoa Podemos Euskadik Equo Berdeak alderdi ekologistarekin koalizioa errepikatzeko. Erabaki autoritario horiek demokraziaren paradoxa agerian uzten dute. Alderdi politikoakdemokraziaren erakunde nagusiak izanik, erakunde ez demokratikoak izan daitezke?
Demokraziarekiko mesfidantza pandemia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu