Koronabirusaren gaia gure etxeetan sartu da; Covid-19 bera ez, hala espero dut, eta gu etxean gauzka. Izua ere ate joka dugu. Arduradun politikoek esaten digute birusari kontra egin behar zaiola, zientzialarien irizpideetan oinarrituz. Komunikabideak sokari etengabe ari dira tira eta tira; sare sozialetan ere informazio, fake news, iritzi edo txantxa ugari dabil. Wuhango irudiak ikusi genituen: herri oso bat setiatua, eta bi erietxe lego bat balira bezala eraikiak. Guregana bazetorren birusa. Lodi probintzia, Lombardia erregioa eta Italia estatu osoa eta, oso gutxira, gure artean! Neurriak pixkanaka hartzen joan dira eta egoeraren larriaz hasiak gara jabetzen: badakigu funtsezkoa dela elkar kutsatzeko aukerak gutxitzea. Ez birusa berez oso larria delako, baina gure osasun sistema osorik babesteko, pandemiari aurre egin ahal izateko. Badakigu Txindokiren itxura duen grafikoa txarra dela, eta Gorbeiarena, aldiz, hobea, eta hori dela helburua: grafiko tontorra luzea eta leuna izatea, eta, horretarako urruntasun soziala gorde eta norbere burua bakartu beharra! Jaurlaritza neurri sendoak hartzen hasi zen, eskolak itxiz, talde ekitaldiak murriztuz, osasun larrialdi zona deklaratuz. Batzuentzat, ohiko gripearen adibidea ekarriz, azkarregi hartu ziren; besteentzat, beranduegi. Atzera begira, denok jakintsu!
Eta hara non alarma egoera ezarri duten Euskal Herrian agintzen duten bi estatu-gobernuek. Iruditzen zait Espainian alarma egoera honek gehiago daukala salbuespen egoeratik 2010eko abenduan aire kontrolatzaileek sortutako alarma, edo Pariseko 2015ko azaroko Daesh-en atentatuen ostean ezarritako urgence (bi urtez, bost aldiz luzatua izan zena) aurrekarietatik baino. Gobernuaren Errege Dekretua irakurriz ulertzen dugu hartu diren neurriak beharrezkoak direla. Zientzialarien aholkuak betetzen dituztela, segituan zuzendu zen ile apaindegien kasuaz aparte. Baina ez da ulertzen zergatik erabaki prozesuak hierarkizatu eta zentralizatu behar diren, zergatik ezin diren koordinatu. Agintari guztien ardura zatekeen helburuak lortzea. Zergatik ez zaio gehiago helburuari —kontaktuak urritzeari— erreparatu eta jendeari hori lor dezan konfiantza eman? Adibidez, Frantzian onartzen da jendea etxetik bueltatxo bat ematera irtetea, urruntasun soziala gordeta; Espainian, aldiz, erabateko debekuak eta zigorren mehatxua lehenetsi dira. Neurri legalaz gain, Espainiako Gobernuko presidentea edo Frantziar Errepublikako presidentea entzutean susmo bitxi bat etorri zaigu: hau birus baten aurkako gerra da, sakrifizio gogorrak eskatzen dituena...
Sakrifizioak eta aginte bakarra. Euskal Autonomia Erkidegoan lehendakaria da estatuko ordezkari gorena, Nafarroako Foru presidentea, Generalitateko presidentea, edo Madrilgo presidentea bezala, euren erkidegoetan. Baina har ditzaketen neurriak, nahiko inbasiboak izanik ere, osasun larrialdira mugatzen dira. Ez dira deus Espainiako Gobernuak har ditzakeen neurriekin alderatuta: salbuespena ezartzea alegia. Eta horrek gogoetarako bide eman dit: nor da subiranoa?Eskaini diren teorietatik, Carl Schmittenak bete-betean jotzen du: subiranoa da salbuespena ezar dezakeena. Eta salbuespenak normaltasuna iraultzen du: ohiko arauak, eskubideak eta askatasunak eten egiten dira arrazoi nagusi baten, zehazki pandemiari aurre egitearen, mesedean. Pertsonen mugimendu askatasuna, nahi dugun lekutik lekura joan-etortzeko aukera, desagertu egiten zaigu dekretu bidez. Etxean atxilo bezala geratzeko beharra inposatu zaigu: arrazoi sendorik ez badugu, ezin atera. Ateratzekotan, banaka eta ez lagunduta. Bakardadea, halabeharrez. Horrelako neurriak erabateko salbuespenak dira. Eta neurri osoa denean, neurria galdu egiten da. Arrisku absolutua eta totala izanda, izua ere ezarri egiten da, panikoa.
Izua eta demos-a oreka zailean daude. Hitz joko bat eginez, pandemia inglesez pandemic da: dem kendu eta panic dugu. Adierazi den egoera honek alarma itxura izango du, baina funtsean salbuespen egoera da, eta konstituzio demokratikoa irauli egiten du. Konstituzio demokratikoan subiranotasuna herrian kokatuta dago: gu gara gure buruaren jabe, eta, demokrazia ordezkariaren bitartez, gure gobernuak aukeratzen ditugu erabaki publikoak har ditzan, gu guztion onuran. Parlamentuetan gobernuak kontrolatzen ditugu gure ordezkari politikoen bitartez. Baina salbuespenarekin hau dena eten egiten da: gobernua subirano bilakatzen da, eta denbora mugatu batean neurri osoak, neurri totalak har ditzake. Guk, esaneko herritarrok, salbuespen neurriak betetzea besterik ez daukagu. Premiazkoak direnez, neurri total horiek neurrigabeak izan daitezke, eta horixe da salbuespena.
Erabateko salbuespen osoa oso tentagarria da botere osoa dakarrelako, eta izuaren bitartez, demos-aren onarpen osoa ere badakar. Erkidegoetako gobernuek, agian, salbuespenaren tentaldia izan zezaketen, Madrilgo kasuan bereziki, baina eskuduntzarik ez, beraz, aginterik ez. Europako Batzordeko buruak ere, akaso, tentaldi bera izango zuen, eta bere eskuko neurriren bat hartu du, gehienbat estatukideei zuzenduta; eskuduntzarik ez, ordea. Erabateko salbuespena estatuko gobernuburuak du edo errepublikako presidenteak du: horra hor subiranoak. Bide batez, esan dezagun Espainiako monarkia ere eten egin dela pandemiaren aitzakiaz, baina beste funtsezko arrazoiengatik. Panikopeko demokrazian subiranotasuna eskuz aldatzen da, eta exekutiboak herritarron demokraziaz jabetu dira. Premiaren aurrean batasuna behar dugu bai, baina ez dezagun ahaztu normaltasuna zer den eta salbuespena ahalik eta laburrena eta mugatuena izan dadila. Hurrengorako ikasiko dugulakoan nago.
Demokrazia panikopean: erabateko salbuespenaren tentaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu