Italiak azkenaldian bizi izan duen hauteskunde-osteko komeria, 5 Izarren Mugimenduaren ustekabeko arrakastak presidentea aukeratzeko momentuan alderdi tradizionalen arteko nahaspilak sortutakoa, demokrazia berezi bat duen herri batean gertatutako beste arazo bat besterik izango ez balitz bezala azter zitekeen.
Halaber, eta Italiakoa klabe historikoan eta nazioartean aztertuz gero, mugimendu ausart, erradikal, konplexu eta zehaztugabe honek sortutako hedatze-uhina haratago joan zitekeela ondoriozta genezake. Horrela, mundu osoan pairatzen dugun maila baxuko demokraziaren zilegitasunik eza handitzeko prozesu zabal eta sakon batean hasteko aukera egongo litzake. Izan ere, demokrazia hau ez da gai gehiengo zabalen interesak asebetetzeko ezta parte-hartze, justizia eta bake beharrizan globalari erantzuteko ere. Prozesu hau, beraz, indartsu hel zitekeen Europara.
Zentzu honetan, gero eta nabarmenagoa da herritarren eta erabaki garrantzitsuen arteko aldentzea; gero eta argiagoa da parte-hartzearen kalitate demokratiko eskasa, lau urtean behin ordezkariak aukeratzeko sistema moduan ulertuta; gero eta ageriagoa da enpresa eta merkatuek pertsona eta gobernuekiko duten nagusitasuna; gero eta adierazgarriagoa da alderdi politikoen zilegitasunik eza, bai masen tresna modura zein proposamen eraldatzaile eta burujabeen aurkako babes bezala.
Hala, demokrazia liberal-ordezkatzailearen eredua eta bere eragile nagusiak —alderdi politikoak—gero eta gehiago jartzen dira zalantzan, eta herritarrek eredu honen inguruan sortu den hauteskundeetara aurkezteari eta instituzioetan egoteari begirako sarea, arrotza, garrantzirik gabekoa eta euren interesen aurkakoa dela ere uler dezakete. Horrela ulertzen dira, adibidez, Latinoamerikan gertatutako aldaketa prozesu esanguratsuenetako batzuk: ekimen ausartenetako askok—Bolivia, Ekuador eta Venezuela— erro bera partekatzen dute, alderdi tradizionalak, agenda estuak eta kultura politiko itsuak alde batera utzita, eta parte-hartze eredu berriak proposatzen dituzte ikuspuntu liberala baztertuz, baita alderdikrazia delakoari aurre eginez ere. Era berean, munduan barrena borroka eraldatzaileetan protagonista izaten ari direnak eta agenda berrien inguruan sektore herrikoi garrantzitsuak biltzen dituztenak mugimendu sozial desberdinak direla ikus dezakegu.
Hori ez da berria, beti egon baita balio gutxiko demokrazia honen aurkako erantzuna eta honi aurre egitea lortu duten pertsona zein erakundeak ere. Aitzitik, eredu ustel eta bidegabe honekiko nekea eta demokrazia, parte-hartzea zein boterea ulertzeko beste eredu batzuetara aldatzeko beharra gero eta handiagoa da. Horregatik, herritarrok zein alderdi politikoek —eredu honen seme-alabak— etorkizunari ahalik eta modu onenean aurre egiten prestatuko gaituzten lezioak ikasi behar ditugu.
Zentzu honetan, eta lehenik eta behin, gaur egun berez balioa galdu duen demokrazia baten balio galera prozesu batean murgilduta gaude. Batetik, Italian sistema babesten duten alderdi guztiak —eskumakoak, liberalak, sozialdemokratak— herriaren gobernagarritasuna bermatzeko, hau da, iraupena bermatzen dien statu quoa mantentzeko zein azkar batzen diren ikusten dugu. Aldaketa haizeak suntsitzeko asmoz egindako eskumen batuketa hori edonon gero eta gehiago ikusiko dugun zerbait izango da; bestetik, errepresioa, protestaren kriminalizazioa eta indarkeria instituzionala gero eta indartsuagoak direla dirudi, desberdintasunak areagotzen diren bitartean eta pertsonak euren eskubideen alde borrokatzeko antolatzen diren heinean. Munduan zehar gertatzen diren erailketa politiko pluralak (Guatemala, Mexiko, Kolonbia, eta abar) zein Etxe-kaleratzeen aurkako Plataformako kideen aurka Espainiako estatuak zuzentzen duen kriminalizazioa edota euren militantzia politikoagatik Ertzaintzak gauzatutako 8 gazte euskaldunen atxiloketa,krisiari eta kosta ahala kosta euren pribilegioak mantentzearren boteretsuek egindako saiakerari lotutako garai berri honetan gertatutako adibide batzuk baino ez dira. Ezin dugu bistatik galdu gero eta nabarmenagoa den errealitate hau.
Baina, gainera, eta bigarrenez, ezkerrak beste oinarrizko lezio bat ikasi behar du demokraziari buruzko diagnosi honetan: hauteskundeetara aurkezteari eta instituzioetan egoteari begirako jokoak, gaur egun garrantzi handikoa bada ere, hutsune sakonak dauzka, zilegitasuna guztiz galdu du eta, beraz, gero eta maila txikiagoan ordezkatzen du jendartea. Oinarrian hauteskundeetara aurkezteari eta instituzioetan egoteari begirako estrategiaren erritmoak eta dinamikak lehenesten konformatzen bagara, Titanic hondoratzen ari zenean jotzen jarraitzen zuten musikariak bezala amaitzeko arriskua dugu.
Irabazteko asmoa dugu, bakarrik —edo batez ere— eskumak iruzurrez kontrolatzen duen karta joko batean. Ostera, gero eta argiagoa dirudi aldaketak gertatzen ari diren joko-zelaiak aniztunak direla eta bertan kartak ere askotarikoak direla. Eskumak botoak besterik ez du behar gobernuan egoteko eta boterea mantentzeko, eta ezkerrak botoak baino gehiago behar ditu: konbentzitzea falta zaio, formazioa sustatzea falta zaio, alternatibak proposatzea falta zaio, indar politikoak metatzea falta zaio. Horiek izan behar dira gure kartak, hori da gure jokoa, eta hori ez da soilik —eta oinarrian— instituzioetatik egiten —baina baita ere—.
Intentsitate baxuko demokrazia eredu hau amai zezakeen olatuak eragileen artean ezberdintasunik ez egiteko arriskua dakar, eta zintzoenak ere suntsi ditzake, baldin eta ez bada gai momentua ulertzeko eta ez badu ikuspuntua zabaltzen. Horregatik, demokrazia zabaldu behar dugu, baita ordezkaritza dugun instituzioetan ere: lehenik, ahalik eta leku gehienetan demokrazia zuzena eta parte-hartzailea ardatz duten esperientziak martxan jartzea lehentasunezkoa izan behar da, modu estruktural eta iraunkorrean, berebizikoa izanik zer eta nola egiten den, eta emaitzari beldurrik izan gabe: azken finean, demokrazia zuzena berez ariketa ezkertiar bat da; bigarrenez, desobedientzia zibil aktiboaren tresnak sustatu behar dira —Aske Gunean euskal gazteriak emandako jarraibidea guztiz txalogarria da—; hirugarrenez, eta modu estrategikoan, mugimendu sozialekin artikulazioaren garapenari ahaleginak, baliabideak eta denbora eskaini behar zaizkio, konfiantza eta elkar-ulertzea oinarri duten espazioak eta agendak sortuz—baina benetakoak—. Azken finean, gain behera dagoen demokrazia honen marko estuak gainditu behar dira, eta gainezka egin —berak gure kontra gainezka egin aurretik—, herritarrei demokrazia eredu burujabeagoak eskainiz. Demokrazia ezkertiarra da, aldarri egin dezagun.
Demokrazia ezkertiarra da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu