Nobela ezagun baten hasmenta doi bat antzekotuz, erraten ahal dugu gure zikintzalea ez dela miresmenezko «Hau da gizona, hau!» batekin nolakotu genitzakeen ezpalekoa, baina bai irriño baten osagarri «Hi haiz, hi!» batzuk maiz samar jasotzen dituztenen multzokoa: koitadu, gizajo, santugai.
Zerengatik eta demokrata delakotz, demokrata amorratua.
Sinestun gogotsuei heltzen zaiena agitu zaio, erraietaraino barneratu du Demokraziaren Mandatua.
Botorik sutsuenez eta sukarrik prestuenaz hartu du leku Kalakamentuan.
Lainezan hazitako umetza baten begiralea iduri du kalakamentarien artean. Begirale etsigaitza ordea, ulertu baitu politikaren politak aulkikeria, konpontzioen adoskeria eta batez ere eskuzurikeria orokorra sustatu izanak behartu dutela Demokrazia anderea Mandatuaren egiterat. Kalakamentuaren muinean dago egokitua politikaren estetika zeharo lizuntzeko arriskua.
Hizketatu da ezker eta eskuin, elekatu da azpi eta gain astiro, garden, ulergarri, herriak memokratikoki hautatu biziondo jaun-andereak AEKko lehen kurtsoko erdi mailako ikasleak bailiran. Debaldetan. Haizearen aldaketarik nimiñoena trabeseko haizea egiten zaie babalasto, babaleka, babalore, babazango hauei.
Eta gure dohakabea nehoiz baino demokratago. Eta inoizko sarrien «Hi haiz, hi!».
Erran gabe doa gure demokrata sendoa, gure pulamentari bakarra ez dela ez artzain ez baserritar, baina ez doala erran gabe Aloñamendiko hariztietan bistatu ahal izan dugula presati, gutariko nahinor narrasean darabilkeen arduramen horretan barrena pentsati, Demokrazia anderea eztulka ikusi beharrez kezkati. Mandatu garratzaren betekizuna ez izaki «Hau da gizona, hau!» miresmenez apain dukegunaren lepora fida litekeen zama, nekez iritsiko ginateke haren gogoetara gure errazpideetatik. Demokraziak behar duen biziberritzea koitadu, gizajo, santugaien ahala da, halakoen menturan egon ohi dira mirariak.
Jakina da marmarikak begiztari saldoak dauzkala barreiaturik munduan zehar, Aloñamendin ez ezik Aizkorri Larrun Gorbeia Aralar Mendarrain Abodi Hernio Urbasa Bigura Larrasa Jurramendi mendietan ere bai, eta arrabotsa dabil kalakamentuan gure dohakabea baserrietako seme-alabarik ergelenak ari dela erreklutatzen Altxamendu baten antolabidean. Bistan da «Hi haiz, hi!» baino zatiaz txatxuagoa dugula erran herren hori, baserria eta baserritarrak zer izan ditugun ez dakitenen zirinkalaka. Hain gangarrak dira lamentario hauek, «Santa Krutz Apaiza» dute izendatu. Eta galdegin baitiote bekoz beko zelako lokatzetan dabilen, gure martirigaiak ahoan bilorik gabe eta begiak ilusioz pindarka die arrapostu Azken Demokrata Euskaldunen Lehen Altxamendua ari dela ereiten. Nekez zenuke sumatuko, irakurle estimatua, zer gisako asmaziotan sar litekeen gurearen gisako demokrata amorratu sendagaitz bat.
Ondikotz, udaberriz loratu ez denak ez du fruiturik emanen udazkenez. Harritzekoa ote tristuraldi batek jotzea? Bihotza erdiraturik baina, asaba zaharren baratzeari barkatzeko otoituz, Marokotik ekarritakoa erosi behar izan du Leclerc Champion Hyper U Auchan Carrefour Eroskin. Bihirik gabe utzi ditu denak, baita Venta Peyo ere.
Bildu baitu laguntzaile presturik «Hi haiz, hi!» sentikor ugariren truke, apika ez dira kaleko ergelenak izanen mitina sutuko dutenak. Izan ere, bihar, eguerdiko hamabietan...
Aurrena, Kalakamentuko atariaz jabetu eta galdara guztiak ilaran kokatu.
«Babalasto, babaleka, babalore, babazango alaenak! Entzun! Herriaren galdarapekoak izateko hautatu gaituzte!».
Hurrena, mezua zabaldu estalkiak kenduz.
«Kakalamentazioak ez du komuneko papera balio!».
Gero, alkandoraren mahukak jaso.
«Eskuak zikindu behar ditugu!».
Azkenik, eskuak galdaratan sartu eta baba egosi mulkoak atera lurrun jario.
«Eskuak zikindu behar ditugu babak galdaratik ateratzeko!».
Errematea, eskuak babatan erre babak egin arte, Azken Demokrata Euskaldunak ohetik altxa daitezen mahuka hutsik.