Andres Krakenberger.

Demagun...

2016ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Demagun bizi zaren munduan etengabe gogorarazten dizutela bigarren mailakoa zarela, babesa behar duzula beti. Bertan, ponte-izena erabiltzen da emakumezko politikariei deitzeko, eta abizena gizonezko politikariei deitzeko. Bertan, tabernetan, edaririk biziena gizonezkoarentzat da beti. Bertan, emakume bat gizon askorekin ibiltzen bada, emagaldua da; gizon bat emakume askorekin ibiltzen bada, berriz, andrezalea da —edo mutil puska—. Bertan, gizona bazara eta zerbait emakumeek bezala egiten baduzu, polit hori «iraina» merezi duzu. Bertan, gauza apartak barrabilekin lotzen dira —cojonudo—, eta gauza txarrak, aluekin —coñazo—. Behingo kontuak direla esango didazu. Bada, ez. Behingo kontuak oso noizean behin gertatzen direla pentsatzen badugu, bada, ez, ez dira behingo kontuak.

Demagun emakumea zarela, eta bizi zaren munduan, norbaitek bi futbolariren bideo bat jarri du sare sozialetan; bideo horretan (norbaitek zabaldu behar zuen horretan), bi futbolariak sexu-harremanak izaten ari dira emakume batekin, eta bide batez, esan beharra dago emakume horrek inoiz ez zuela bideo hori zabaltzeko baimena eman. Hala eta guztiz ere, kirol-egunkarietako izenburua da bi futbolariak «eskandalu batean nahasi dituztela», haiek ezertxo ere egin ez balute bezala. Emakume horrek inolako garrantzirik izango ez balu bezala, are gutxiago intimitaterako eskubidea. Eta are okerrago: emakumearen salaketa dela eta, estadioa goraino bete duen jendearen —gehienak, gizonak— erreakzioa bi jokalariak txaloka adoretzea izan da.

Orobat, demagun emakumea zarela, eta bizi zaren munduan 49 emakumeri eman diotela Nobel Saria hura sortu zenetik; aitzitik, 832 gizoni eman diote. Gainera, zure mundu horretan, emakume batek irainak jaso ditu, baita mehatxuak ere, Twitterren salatzeagatik Nobel Sariaren kontu hori, eta aurten ere emakume batek ere ez duela sari hori jaso. Ziur asko, irain eta mehatxu horiek bota zituztenei basakeria hutsa iruditzen zaie xaria; besteak beste, xariari jarraikiz, emakumeak harrika hiltzen dituzte seme-alabak ezkontzatik kanpo izateagatik. Edo, beharbada, ez zaie xaria basakeria iruditzen, baten batek ondo iritziko dio-eta bere baitan.

Edo demagun neskatxa bat zarela, eta bizi zaren munduan, berri samarrak dira emakume bat ondo-ondo bortxatu zutela ulertarazten duten epai judizialak, minigona probokatzailea baitzuen soinean. Bertan, neskatxa bat zaren aldetik, aitarekin bizitzeko epaia eman dezakete, nahiz eta tratu txarrei buruzko txosten psikologikoak badauden; izan ere, epai horien arabera, diziplina pixka bat ezin da tratu txartzat hartu —neurriz erabiltzen bada, hori bai—. A, eta ez ezazu mutilen eta nesken arteko muga gainditu! Ez alferrik, jolastokian pilota jaso eta irakasle bati ematen badiozu, pentsa dezakete futbolean ibili nahi duzula, eta baliteke dozena bat mutil zure gainera botatzea, zu lurrera jaurtitzea eta ostikoz nahiz kolpez betetako jipoia ematea, munduan zer toki duzun bat-batean gogorarazteko. Bide batez, jolastokia mutilentzat da askotan, haiek ibiltzen dira-eta baloiari ostikoka. Eta oztopo guztiak gorabehera mari-mutiko izaten eta futbolean ibiltzen tematzen bazara, eta gainera, ongi aritzen bazara, gogoratu zuk ez duzula paseorik merezi gabarran. Gizonen munduan, hori ez da zure tokia.

Emakumea zara, eta bizi zaren munduan, gizonen lana da programa bat instalatzea ordenagailuan, koadro bat zintzilikatzea edo poto bat irekitzea, nahiz eta kasu horietan indarra ez den faktore erabakigarria. Bizi zaren munduan, janaria prestatzea emakumeen lana da, baina, tira, goi-gastronomiaz ari garenean, gizonen lana da bat-batean, aztikeriaz-edo.

Emakumea zara, eta bizi zaren munduan, jokabide horiengatik eta beste askorengatik —antzekoak denak—, emakumeak bigarren mailako herritarrak dira erantzukizun handiko lanpostuetara iristen badira —beti haize kontra—, eta halakorik lortzen ez badute, hirugarren, laugarren edo bosgarren posizioan zokoratzen dituzte. Duela gutxi irakurri nuenez, munduko zuzendari-lanpostuen artean, horien guztien %23 soilik betetzen dituzte emakumeek, nahiz eta 2012tik aurrera proportzio horretan %5eko salto ikaragarria gertatu omen den. Hori bai, salbuespen gutxi-gutxirekin, gizonen aldean, emakumeek ia beti irabazten dute diru gutxiago lan bera egiteagatik. Egiatan, gure inguru hurbilean, emakumeek soldata txikiagoa irabazten dute, eta gure enpresetako zuzendarien staffetan espazioa galdu dute. Txosten berri baten arabera (datuak 2013ko urtarrilekoak dira), emakumezko zuzendarien presentzia erdira txikitu da bost urtean. Krisiaren albo-ondorioak, beste asko bezala... Pentsa zer den emakume izatea arlo guztietan azken-azkena zaren mundu batean; aitzitik, krisietan ez, krisietan lehen kaltetua zara.

Delitu bat salatzen denean, ikertu egiten da. Hala ere, emakume batek salatzen badu bere bikotekideak eraso matxista egin diola, emakumeak egin behar du ikerketa, funtsean. Emakumeak jarri behar ditu frogak, delituaren izaera dela-eta salaketa artxibatzea nahi ez badu.

Lerro hauek irakurtzean, gizonen batek Trumpek bezala pentsatuko du bere baitan: gauzak horrelakoak direla, guk (gizonok) agintzen dugula, oso ondo dagoela, eta hala behar badu, ipurdia ukitu edo hil egingo dudala, nirea delako. Beste gizon batzuek, horiek horrela, zorionekoak direla uste dute, emakume ez direlako; hortaz, ez dago zertan kezkatu, emakumeak kezkatu eta arduratu daitezela, haiek pairatzen dute eta. Beste batzuek, aldiz, beren etxean hori ez dela gertatzen esango dute: beren familiako emakumeak duintasunez eta begirunez tratatzen dituzte, eta beraz, arazo horiek eragiten ez dietenez, konformatu egiten dira. Beharbada, haietako baten batek ez du ulertzen zergatik bihurtu den feminista giza eskubideen aldeko ekintzaile bat. Bada, agian ez dira jabetu biztanleen erdiaren baino gehiagoren eskubideez ari naizela. Kontua da zenbaiti lotsa ematen digula eta haserrearazten gaituela gizon izateak horrelako mundu batean, hain desorekatua eta bidegabea den mundu honetan, eta hura aldatzen saiatzen gara. Egoera iraultzeko tresnarik eta aukerarik behintzat ez da falta.

Eta zu zein taldetan zaude?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.