Larraitz Ariznabarreta Garabieta.

Demagogoa

2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Orain bete zena iragan huts
nola bilakatzen zaigun, bada
ordena halaxe doa galduz […]
Aldaketa aro da hau, lagun

Bob Dylan, The Times They Area-Changin (1964)

Inoiz politikagintza formalean ibili gabeko demagogo batek irabazi zituen 2016ko azaroanUSAko hauteskundeak, eta mundua (barka: mendebaldea) harritu egin zen. Garaiotan, justifikazio moral modura erabiltzen da harridura. Harridurak salbatu egiten gaitu, izua edota lotsa sortzen digun horretatik aldendu. Harridurak ez du, haserreak bai bezala, politikoki konprometitzen. Hala, politika bazterreratua duen gizartean, erresistentziarako mota kasik bakar gisa dabil harridura, eta hark dakartzan imintzio eta planta xalo nahiz interesatuak. Azaleko sentipena da harridura, eta, beraz, gauzen barneko izaera eta dialektika ez denez berez nabarmentzen, haragoko ahalegin bat egin behar da azaletik mamira apur bat sakonduko bada. Trumpek berak adierazi zuen garden-garden kazetari txundituen aurrean: «Ni Presidentea naiz, eta zuek ez». Harridura guztien gainetik, errealitatea eta haren ondorioak gailentzen dira.

Oximoron peto-petoa da Donald Trump outsider politikoak hauteskundeak irabazteko saldu zuen etorkizunerako promesa: kontserbadore iraultzailearena, beregan haragiztatua; herri xehe baztertuaz ideologien gainetik arduratuko zen enpresari diruz ase idealista. Ideologia garbiak gain behera etorri diren garaiotan, aurrez finkaturiko pentsamolde homogeneoak blaitzen du dena. Testuinguru horretan, marketinak eta diruaren kudeaketa zorrotzaren promesak balio du. Beste guztia hortik etortzen da, edo ekartzen. Sistema eginda dago; betor sistema aldaezin hori elikatu eta egoki kudeatuko duen ez-politiko konplexugabea.

Behin agintean, kontserbadore iraultzaile hautatuak kazetariak isilarazi ditu, matxismoa hauspotu, diplomaziaren arau sakratuei iseka egin, hezkuntzarako aurrekontuak murriztu, klima aldaketarik edo arrazismorik badenik ukatu. Trumpek lotsarik batere gabe erakutsi du ondotxo ulertu duela bere aurretik beste hainbat politikarik ordura arte disimuluz egin dutena: alegia, hitzak ez direla errealitatea adierazteko erabiltzen, baizik eta ideiak eta jokabideak ezartzeko eta erritualizatzeko.

Bitartean, Washingtonen, erritualizatze prozesu horren bidean, zarata gailentzen da, eta benetako komunikaziorik ez da, botere lehian daudenak elkar ulertu nahi ez dutelako. Trumpek atzo esan zuena ez da gaur esango duenaren iragarle. Gaur esaten duen horrek ez du bihar esaten duenarekin zerikusirik. Egunean eguneko presidente da Trump. Eta, haren oldean harrapaturik, haren aurkari politikoak eta balizko hautesle gehienak. Agian horrexegatik fetixizatu dute lider adats-gorria haren jarraitzaileek, eta hain finko irauten du haren hautesleen atxikimenduak.

Uste genuen agintera helduko bazen mozorro demokratikoa janztera behartuta zegoela ezinbestean totalitarismo modernoa. Horregatik edo, istriputzat ulertu zuten aditu askok Donald Trump inperioaren presidentziara heltzea. Bada, itxura batean, demokrazia modernoaren matxura bitxi bati zor zaion istripu inolako ez, eta, hain zuzen ere, mendebaldeko egitura politikoaren epitomea da Donald Trump, gauzak nondik nora doazen erakusten duen aitzindari atzerakoia.

Eta badirudi bakarren batzuk jabetzen ari direla gelditzeko etorria dela trumpismoa mundura; ikus, bestela ere merezi baitu eta hasi benetan ikaratzen izenburuetatik bertatik, The Good Fight serie usatarra (nazio barrukoaz) eta Years and Years brexitarra (mundu zabalaz, noski Txina eta Errusia barne). Bigarren horretan, hauek dira amona zaharraren azken hitz zorrotzak: «Zuek zarete errudunak. Zuek ekarri duzue hau, eta ez duzue ezer egin horren aurka».

Aipatu den jendearen harridura ondoriorik gabea, bada, eroso zaio noski politika berriari. Gutxienez Makiabelotik idatziz ere garbi geratu den moduan, zinismoa da agintariaren bertute nagusia, beste guztia posible egiten duena. Besteak beste —nihil novum— asmakeria gezurtagarrienak ere plazaratzea, luze-zabal errepikatzea, ugaltzea eta, jakina, aurkariari egoztea intoxikazio guztia. Gure Otañok laburki bildu zuen kontua: nor dirade gaiztoak? / besteak bai, gu ez // indarra nagusi ta / gogorrena juez. Eta zer izen du zinismoz jendea gogo-bahiturik agintzen duen ororen tresnak? Demagogia; alegia, guztien ongia lortzeko hoberentzat saltzea grina-bazkarik ustelena. Eta zer egin liteke horren kontra? Potoloa galdera; hara: harridura gainditu, haserretik asaldatu, eta gogor egin, begiak zabalik eta belarriak erne, fake-krazia zahar berri-itxuratiei. Nola? Ai ene, are potoloagoa galdera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.