Atzerako ispilutik nolabaiteko maiztasunez begiratzea omen da gidari onen ohitura. Alta, Ekialde Hurbiletik (eta ez bakarrik hortik) egunero heltzen zaizkigun berriak ikusirik, ezin dut saihestu neure buruari galdetzea ea munduko agintariak oroitzen ote diren gidatzeko gomendio horretaz. Izan ere, tamalez, bizi garen une honetako hainbat eta hainbat gertakarik gerrarteko garairat naramate, nagusiki nazioarteko gobernantzari dagokionez.
Nazioen Liga, 1920an Pariseko Bake Biltzarraren ondorioz sortu zen nazioarteko erakundea izan zen. Horren helburuak, segurtasun kolektiboaren eta armagabetzearen bidez gerrak ekiditea eta nazioarteko tirabirak negoziazioaren eta arbitrajearen bidez konpontzea ziren. Ehun urte berantago arrunta irudi dakigukeen filosofia diplomatiko horrek izugarrizko aldaketa ekarri zuen, Lehen Mundu Gerra aitzinekoarekin alderaturik, nazioarteko aferak erakundetu baitzituen. Izurrite, esklabotza, errefuxiatu krisialdi, haurren lan eta lan baldintzen inguruan kontzientziatzen lagundu zuen (gogoan izan dezagun Nazioarteko Lan Erakundeak horretan duela jatorria) eta mundu kolonialean estatugintzarako bideak zabaldu zituen mandatu sistemaren bidez. Palestina bera Nazioen Ligaren mandatu gisa eratu zen, garaituriko Inperio Otomandarraren peko Siria banatzea adosten zuen Frantzia eta Erresuma Batuaren arteko Sykes-Picot akordioari jarraikiz. Gerora, Israelgo estatua ere nazioarteko erakunde bati esker sortu zen, hain zuzen ere Palestina bi estatutan zatitzea erabaki zuen Nazio Batuen Asanblada Orokorraren 181. ebazpena izan zela medio.
Hala ere, jakina denez, Nazioen Ligak ez zuen munduan bakea segurtatzearen xedea erdietsi, batez ere potentzia batek bertze estatu bat inbaditzen zuenean zehapenak ezartzeko eta horiek egikaritzeko gai izan ez zelako. Bigarren Mundu Gerraren hastapena horren erakusle argia izan zen.
Egungo nazioarteko egoeran, zenbait paralelismo argi atzeman daitezke Nazioen Ligaren eta Nazio Batuen artean. Haien aitzinekoak bezala, Nazio Batuek ere bakea eta segurtasun kolektiboa bermatzeko helburua dute, bide diplomatikoen eta armagabetze aldeaniztun eta armen mugatzearen bidez. Modu berean, gerrarteko erakundearen lanari jarraipena emanez, hainbat arazo globali buru egiteko egin izan duen eta egiten duen lana azpimarratzekoa da. Alabaina, gatazka armatuen aitzinean eraginkorki jarduteko ezintasunean dagoen antzekotasuna ere begi-bistakoa da.
Nazio Batuen Kartaren VII. Kapituluak aurreikusten dituen neurri ezberdinak ezartzea eta egikaritzea galarazten du Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren beto eskubideak, Nazioen Ligan guztien adostasunaren beharrak galarazten zuen bezala. Orduan, Ameriketako Estatu Batuak ez ziren erakundeko kideak, eta horrek erakundearen erabakiei sinesgarritasuna kentzen zien; orain, aldiz, betoaren erabilerak du xede teoriko eta delibero praktikoen arteko koherentzia auzitan jartzen. Errate baterako, Segurtasun Kontseiluak bai gaitzetsi zituela aho batez Israelen erasoak UNIFIL Libanorako Indar Behin-Behinekoaren aurka, baina gainerakoan, AEBek Israelen erasoaldiari buruzko ebazpenei sistematikoki betoa ezartzen segitzen dute. Alta, egun guztiok herri palestinarraren aurkako genozidioaren jakitun gara, afaltzeko tenorean albistegiak sukalderaino ekartzen digulako eta une oro sare sozialek lazturarako leihoa irekitzen digutelako.
Bakearen mantentzeari doakionez, azken hilabeteok Nazio Batuen egitura zaharkitua eta ez-eraginkorra den ziurtasuna areagotzea bertzerik ez dute egin. Sakonki aldatu dira duela 79 urteko nazioarteko botere konfigurazioa eta arazo globalak, nazioarteko erakunde nagusian isla egokirik izan gabe. Berriki izandako BRICSen gailurrak bertze behin ere hori agerrarazi du. Hala ere, AEBek eta Europak entzungor egiten segitzen dute. Areago, segur aski Trumpek berriki garaitu izanak egoera okertu bertzerik ez du eginen, jakina baita multilateralismoa bultzatu beharrean, isolazionismoa eta aldebikotasuna hobesten dituela. Bitartean, zenbait aditu zein politikari balizko Hirugarren Mundu Gerra aipatzen hasiak dira, gizateriaren saihetsezineko patua balitz bezala.
Agintari horiek hobe lukete arinkeria albo batera uztea, eta Nazio Batuen sistemaren erreforma sakona lantzeari ekitea, zailtasunak zailtasun. Izan ere, haren huts eta gabeziak gorabehera, nazioarteko erakundeak ekarpen positiboa egiten du alor ugaritan. Bai, interes nazionalak gailendu ohi dira interes orokorraren gainetik, baina sinetsi nahi dut alternatiba Mundu Gerra denean, iraganetik irakaspena aterako dutela. Nazioarteko gobernantzan ez ezik, bertze alor batzuetan ere gerrarteko garaiarekiko paralelismoak egon badaude, baina horrek ezin gaitu eraman fatalismorat. Ez, bederen, biharkoa atzokoa baino hobea izatea nahi baldin badugu.