Larraitz Ariznabarreta Garabieta.

Definizioez

2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Kulturari lotutako definizio oro ideologikoa da, politikoa. Euskararen diglosiaren auzia politikoa da, gure kulturaren iraupenaren auzia politikoa den moduan. Botereak beren-beregi, tentuz—banaka— pentsatu ditu herritarrok axolagabekeriaz egunerokotasunean erabiltzen ditugun kulturari lotutako hitzok, errealitatea naturalizatzen eta sinbolizatzen laguntzen diguten taxonomia eta metaforok. Horrela, perbertsiozko bukle amaiezin bat bailitzan, metropoliaren interesek eta gure arteko errazkeriak bultzatuta, botere bertikalaren oihartzun bilakatzen dira gure kulturaren definizio bare, hitzaldi faltsu, begi-itsutan emandako iritzi, edo termino arrotzen kalko gehienak. Hedatu eta gure artean txertatu den apatia eta asteniaren erruz ahaztu badugu ere, ideologiak rol esanguratsua jokatzen du edozein herri edo komunitateren identitate, eta kultur glosario sinboloen kreazio eta mantentze prozesuetan, sinbolo hauekiko atxikimendu edo gaitzespen mekanismoen bitartez. Edward Saidek ederki dioen moduan, kultura eta harekin lotutako terminoak definitzeko saiakera oro da —gizarte bat demokratikoa denean ere berdin— botere lehia bortitza. Eta zer esanik ez, kontzientzia hori galtzen duen giza talde menperatuak —de facto— boterearekiko dominazioa onartu eta buru eman du, hondartu da. Fini da.

Definizioen edo iritzien artean aukera egitea taldeen artean aukeratzea da gurea bezalako espazio gatazkatsuetan. Boterearentzat ez ezik, dominazioa jasaten duten gizataldeentzat ere —bereziki esango nuke iraupena bera kinka larrian daukaten heinean— ideologiak funtsezko papera betetzen du. Talde horiek osatzen dituzten gizabanakoen artean, ideologia bere erresistentziaren oinarri eta euskarri izan ohi da, taldekideen artean identitate soziala eta interesak definitzen lagunduko dien marko erreferentzial gisa. Balio inplizituen sistema da ideologia, errotutako printzipio inkontzienteen multzoa, arazoen aurrean erantzunak iritzi erara formulatzera bultzatzen gaituena. Ideologia jakin batekiko lotura sentitzen duen orok helburu komun eta kongruente batek biltzen duela sentitu ohi du; eta, areago, ideologia jakin bati dion atxikimenduak konbentzitzen du ideia horiek erarik eraginkorrenean defendatzeko estrategia eraginkor baten beharraz, eta beraz, akzio politiko zehatz batzuen derrigortasunaz. Taldekide bakoitzaren iritzi pertsonalak ere konpartitutako beste aurreiritzi batzuetan errotzen dira, hots, ideologia jakin batean enmarkatzen dira. Ideologia estruktural horri erreparatu ezean, gutxi jakin ahal izango dugu pertsona jakin baten ideiez. Hitzen jabe izatea arma bortitzetan bortitzena bilakatu da. Ez da armadarik gehiago ahal dezakeenik.

Tresna eraginkor eta berrien bila, botereak diskurtsoa lotsagabe erabili eta hedatzeari ekin dio bere nahia eta herritarron menpekotasuna perpetuatzeko: zenbaitzuetan, oso modu argian; beste askotan, berriz, ageriko mailan azaldu gabe, latentzian. Karikatura moduan baino ez bada ere, estatuaren engranajearentzat lanean irudika ditzakegu metropoliko funtzionario diren profesore, trajedun politikari, ideologo, kazetari, kultur gizon-emakume zein akademikoak. Horra egia monolitikoa «tolerantzia erregimenez», «kultur aniztasunez» edo «bake bidez» mozorrotua. Lehen frankismopean propaganda deitzen zitzaion makineria maltzur horri —menperatzaileen kalaka demagogikoari— eta hein handi batean behintzat, herri xeheak zuhur eta espontaneoki desberdintzen zituen botere ofizialak—estatu inperialistak— inposatutako terminoak kontra-botere erresistentetik —gutasunetik— egindakoengandik. Euskal kodigo abertzalea bizirik mantentzeko eta kolektiboaren gizarte ekimenak sinbolikoki gidatuko zuen erreferentzia markoa eraikitzeko, boterearekiko ukazioa legetzat hartu, eta euskal nortasuna bere osotasunean eraiki zen errealitate arrotza problematizatzeko ahaleginetik, erresistentzia kritikotik, gizatalde menperatuak horren arabera (ere) definitzen baitira. Politikoki markatutako iritzi aukeraketa zen, nabarmen; esentzialismo erresistente batek bideratutakoa. Barbaroen zain bizi ginen garaiak ziren haiek.

Definizioen jabe ez izatearen erruz —eta era guztietako kolaboratzaileei esker—, azken urteotako bigarren frankismopean, errealitatea alienazio modura ageri zaigu gehiegitan euskaldunoi. Eztabaida ideologikoaren buruzagiek banpirizatu egin dituzte herri moduan zehazten gaituzten terminoak. Ez dira gutaz mintzo egunkarietan, testu liburuek gure historia itxuraldatzen dute, abertzaleoi arrotz egiten zaizkigu egungo pentsamendu carlista otzandutik botatako egiak. Konkista biolentoari «asimilazio baketsu» esaten diote, diglosiari «eleaniztasun», kultur menpekotasunari «kultur aniztasun», traizioari «trantsizio demokratiko». Nahasmena hedatuz joan da, arrazoia xahutuz, diskurtso arrotza geure egin dugun arte, eta, ondorioz, gure nortasuna bera patologizatu egin dugu, menpekotasunaren kontzientzia galdu. Askapen bertso herrikoien ordez, barkamen olerki arrotzek zehazten gaituzte egun.

Hori dela eta, urte luzeetan iraun duen kultur inferioritate-konplexuaren orbitan bueltak ematen jarraitzeak, gure kultura —herrikoia zein beste— botereak nahi duen irudiko izan dadin arropa arrotzez mozorrotzeari eusteak, gurekiko tiraniaren betikotzea eta berau estrukturalki aldamiatzea baino ez dakar. Alderantziz, euskal munduan kultur taxonomien grabitate zentroa aldatzeko saiakera orok, kulturarekin lotutako termino operatiboen (bir)pentsatze dinamiko eta esplizitu batek, errealitate kulturala problematizatzeko ekinaldi bakoitzak, dinamika iraultzailea suposatzen du, derrigor. Prozesua bera da liberadorea, bide horretantxe askatuko ginateke herri zein banako moduan. Iraupenaren eta desagertzearen arteko lehia bortitzean, asertibidadea, erresistentzia eta askabide ariketa oro dira gure kulturaren euskarri baitezpadako. Izan ere, herritarrok gure baitako askatasun mintzo espontaneoa isiltzen dugun bakoitzean, gure min sor eta sakona baizik ez dugu isiltzen, eta, bide batez, herriaren eta gutako bakoitzaren menpekotasuna betikotzen laguntzen diogu inperialismoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.