Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat hartuta.
Foroko pertsonek merezi duten errespetutik abiatuta, horietakoren bat pertsonalki ezagutzen baitut, gure gizartearen garapenerako hainbat alternatiba bultzatzeko beharrarekin bat eginez eta foroko zuzendariak bere proposamenak publikoki eztabaidatzeko egindako gonbidapenari erantzunez, defentsan inbertitzeko proposamenari buruz hausnartzera ausartuko naiz.
Hori guztia Euskadiko GGKEen Koordinakundea osatzen dugun 83 erakundeek ematen diguten zilegitasunetik. Izan ere, mundu osoan hiru milioi pertsona baino gehiagorengana iristen diren 839 proiekturen bidez, 63 herrialdetan diharduen 120.000 pertsonako oinarri soziala dugu.
Lehenik eta behin, neure buruari galdetu diot: zer pentsatzen ari dira neurri hori proposatzen dutenean? Ulertzen dut ez direla Muskizen, Hondarribian edo Kanpezun misilak eta tankeak jartzeari buruz hitz egiten ari. Ezta horrelako enpresetan egiten dituzten inbertsio pribatuentzat justifikaziorik bilatzen ari ere; legezkoak izan arren, nire ustez, etikoki oso kritikagarriak baitira.
Beraz, ondorioztatu dut defentsa industria deritzoten horren arazoa dela finantza-erakundeen finantzaketa aurkitzeko duten zailtasun handiagoa, merkatuak eta erakunde arautzaileek inbertsio jasangarri eta arduratsua (ISR) sustatzera behartzen baitute; izan ere, inbertsio baten errentagarritasuna eta arriskua kontuan hartzeaz gain, ingurumen, gizarte eta korporazio faktoreak ebaluatzen ditu horrek (ASG irizpideak ere esaten zaie). Hau da, inbertsioaren etekin ekonomikoa aztertzeaz gain, erabilitako diruak gizartean eragin positiboa lortzeko balio izatea bilatzen du, ingurumena errespetatzen duen oreka mantentzen den bitartean, 2030 Agendarekin bat etorriz.
Suposatzen dut, finantzaketa aurkitzeko zailtasun horren aurrean, 2025-2030 aldirako eskatzen dituzten inbertsio publikoko milaka milioi euro horietako batzuk armagintzara bideratzea nahi dutela. Hori izango da, beharbada, esan nahi dutena, txostenean «defentsan eta segurtasunean inbertsiorik eza» aipatzen dutenean.
Izan ere, oso negozio errentagarria da. 59 gerra baino gehiago zenbatu ziren 2024an. Gastu militarra 1,2 bilioi dolarretik (2000) 2,4 bilioi dolarrera igaro da (2023). 2021etik 2024ra bitartean, %65 hazi da gatazka egoeran dagoen Lurraren azalera. Eta horri gehitu beharko litzaioke Trump boterera iritsi izana.
Hildakoen eta zaurituen kopuruak eta Gazatik zein Ukrainatik iristen zaizkigun irudiak nahikoa izan beharko lukete. Baina zalantzarik egon ez dadin, guk, larrialdiei erantzuten eta gatazka hauetan biktima eta desplazatuei laguntzen diegunok, «gerrari ez» oihukatzen dugu, baina gerra horietan erabiltzen diren armei ere ezetz esaten diegu. «Ez», armek gorrotoa, suntsipena eta mina besterik ez dutelako sortzen. «Ez», gerra ez delako beste batzuen kontua, eta ahaztu egin bazaigu ere, hemen ere gerra bat izan genuelako duela ez asko. Eta «ez», beste mundu bat nahi dugulako guretzat eta hurrengo belaunaldientzat.
Baina oihu egiteaz gain, lanean jarraituko dugu Palestinan, Etiopian, Kongon, Mozambiken eta beste dozenaka herrialdetan, gatazka horietan bizirik dirauten pertsonei arreta ematen lehenak izateko, pertsona ahulenei laguntzeko eta bizitza hobea izateko aukerak eskaintzeko.
Gizarte zibila hezten, sentsibilizatzen eta bere parte-hartzea aktibatzen jarraituko dugu, baina, gure kasuan, aurrerapen ekonomikoan ez ezik, Giza Garapen Iraunkorrean oinarritutako eredu baten alde.
Draghi eta Lettaren txostenak irakurriko ditugu, baina gure gogoetak Jose Maria Arizmendiarrieta, Paul Collier eta Michael Sandelen inspiraziotik egingo ditugu.
Erakundeei, alderdi politikoei eta Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia sailburuari eskatzen diegu aplika dezatela Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna. Eusko Legebiltzarrean onartu zen 2007an, eta, «bake-dibidendu» bat ezartzeaz hitz egiteaz gain, honako hau aipatzen du, hitzez hitz: «Enpresak sustatzeko eta laguntzeko politiketan, Eusko Jaurlaritzak ez die inolako laguntzarik emango armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen diharduten pertsona fisiko edo juridikoei».
Ildo horretatik, eskatzen diegu armagintzarako inbertsioak ahaztu ditzaten, Giza Garapen Iraunkorrarekin koherenteak diren politika sozioekonomikoak bultza ditzaten eta 03/2024 Legean —Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legean— adostutako konpromisoa bete dezaten: urtero Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren gastu osoaren %0,7 lankidetza-politikara bideratzea, azken helburua izanik errenta nazional gordinaren %0,7 garapenerako laguntza ofizialera bideratzea.
Era berean, Zedarriak Foroaren aurkezpenera bertaratu ziren Jauregi eta D'Anjou sailburuei eskatzen diegu eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Finantzen Euskal Institutuak bultzatutako Hegoalde globalerako inpaktu sozialeko funtsa abian jartzea babes dezatela.
Azkenik, finantza-erakundeak, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE / EPSV) eta, oro har, inbertitzaileak animatu nahi ditugu epe laburreko emaitzaren alde egin beharrean inbertsio arduratsu eta jasangarrien alde egin dezaten.
Azken batean, ez dezagun «defentsan» inbertitu, eta bai inbertitu dezagun lankidetza eta bakea bezalako balioen defentsan, planeta honetako pertsona ahulenekin solidarioagoa den euskal gizarte justuagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko.