DD-SS 2016: Kultura? Espektakulua? Simulakroa?

2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Azken bost mende otan merkantzien eremua zabalduz joan da. Globalizazio kapitalistarekin muturreraino ematen ari da. Ez da soilik babes soziala, hezkuntza eta osasungintzaren pribatizazioa, estatuen funtzio sozialen pribatizazioa eta/edo merkantilizazioa. DNA, jakintza, klima, haziak, sexualitatea, afektibitatea, zaintza, ezagutza eta pentsamendua, erreprodukzio biologikoa bera... dena, merkantzia bihurtzen da. Truke balioa nagusi, «erabiltze balioa» morroi.

Sormenaren kultura eta ondarearen kultura, prozesu honetan sartua dago aspalditik. Kultura ere, kapitalaren akumulaziorako baliagarria den merkantzia bihurtzen da, eta degradazio horren abiada azkartu da azken urtetan. Sistema «antikultural» orokor baten menpe gaude, norbanakoaren eta herrien garapen aske, kritiko eta sortzailea «kontzentrazio eremu kultural» batean preso dago. Kulturaren mekanismo globala adoktrinamiento global bat egiten ari da. Zurrunbilo horretan atrapatua dago artea. Eta garai batean espiritu kritikoa lantzeko, begirada modu berriak eratzeko, hitz askeak sortzeko funtzioa zuena, orain sumisioaren espiritua hedatzeko eta indartzeko erabiltzen da, edo beraren eraginkortasuna antzutua gelditzen da sistemak jartzen dituen mugetatik irten ezinik. Mekanismo global kultural honek ezaugarri nagusiak ditu: Mendebaldezentrikoa da (gainontzeko tradizio kulturalak eta hizkuntzak mespretxatuz), Patriarkala da (aski da ohartaraztea publizitatean, zineman, telebistan, historian, filosofian, ekonomian ematen zaien objektu papera, edo nola den «ikusezina» bihurtua, edo ignoratua, edo nola bizitzaren sortze, babeste eta zaintze lana den deskontsideratua), eta kapitalista da.

Kultura, bere zentzuaren muina galdurik, espektakulo hutsa bihurtu da. Gose eta austerizidio garaian gizarte harmoniatsu eta oparoaren irudia ematen du. Irudi hori ematea da bere funtzioa, eta horrela banalizatzen da. Norbaitek (manipulatzeko bitartekoen jabetza duenak) erabakitzen du zer den kultura estimagarria eta zer den kontrakoa. Barne usteldua duen sagar koloretsu dizdiratsua da kulturaren izaera nagusia gaur egun.

Hurbil gaitezen gertuagora. Donostia 2016. Zer dugu hemen? Kultura? Espektakulua? Simulakroa? Adibide xume bat. Urteko ebento espektakular honen hasiera espektakularra. Milaka donostiar danborra jotzen kaleetan barna.

a) Historiaren kontrako espektakulu kulturala. Donostiako historian «danborradak» badu leku bat: protesta ironiko eta ludikoa militarismoaren kontra eta bizitzeko baliabide duinen alde. XIX. mendeko gerrateen giroan sorturiko ekimena. Ehunka urte hauetan tanborrada izan da herriaren nahiak azalerazteko okasioa. 2016 dela medio, danborrez jotzen da Beethoven-en bederatzigarren sinfoniaren zatia. Zergatik?, Beethoven Erdi Aroko mirabetzaren aurkako askatasunaren musikaren sortzaile izan zelako? Ez, Europako Batasunaren himno domestikatua delako. Askatasunaren enterradorearen eta militarismoaren praktikante sutsuaren omenez, Europako Batasunaren omenez. Nor izan da Donostian 2016an gonbidatua? Solana, NATOko buru gerraria (Serbia eta Kosovoren gatazkan, bombardaketak agindu zituena) eta Barroso, austerizidioaren agintari agerikoa eta Irakeko gerra sinatu zenean Bush, Blair eta Aznarren anfitrioia Madeirako uhartetan. Horien eskutik jaso dugu hiriburutzaren domina. Donostiako Udalak saldu du Donostiako danborradaren zentzu historikoa, eta nori saldu!, eta zeren truke?

b) Hiriaren aurkako espektakulu kulturala. Hiria da eraikuntzak eta batez ere jendea eta jendearen harreman askeak. Horregatik, hiriak askatasunaren altzoa beharko luke izan. Baina ez, 2016an Donostia turista dirudunentzat merkantzia bihurtzen da. Merkantziaren jabeak (Donostiako eta Gipuzkoako handikiak) hiri txukun, dotore, elegantea eskaini nahi dute etorriko diren turista dotore eta dirudunen apetentziak asetzeko prestatua. Horregatik estorbo bat dira Kortxoenea eta piratak, traba dira eskaleak eta prostituta pobreak, traba dira langabetuen manifestazioak, etxetik kanporatuen protestak eta presoen aldeko asteroko martxak, traba dira emigranteak. Hiri «garbia», etorriko direnen begiak ez daitezela miseriaren espektakuluaz edo askatasunaren eztandaz desoroso ukituak izan. Zein paper proposatzen zaie 2016an donostiarrei? Turismo exoterikoa egiteko prestatu den Amazoniako herri indigenaren paper bera. 2016a operazio espektakularra da, eta donostiarrei eskaintzen zaiona da funtsarik gabeko eskaparatean dirudunen monigote autoktono sinpatikoa izatea.

c) Kultura bizigarriaren aurkako espektakulu kulturala. Kulturak ez badu gure bizitzaren interroganteekin loturarik, kultura degradatua da, ez du gure erronkei aurre egiteko balio, ez du nahi askatzailearen egoera eta premia berriei erantzun. Orduan, zer da 2016ko kultura? Fetitxe espektakular bat, azpian interes prosaikoenak dituena: nola aprobetxatzen dugu hiriburutza kulturala negozioa egiteko. Eta zerbait gehiago: statu quoa-rekin satisfakzioa agertzea. Baina nola izan asebetea mehatxuz betea dagoen egoeran? Gerra martxan, etorkinen bazterketa obszenoa, austerizidioak eragindako zatiketa sozial mingarriak, nazioen eskubideen ukazioa... Eta gainera, «kulturaren» Europa troikar horrek probokatua!

Eta zer esan nahi du «Arte eta Kulturaren Kontseilu Probintziala»-ren osaketa berriak? Hori ere espektakulua, simulakroa? Edo espektakulua zuritzeko espektakulu instituzionala? Kultura ekologikoa AHT edo Errauskailurekin?...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.