Judutarrek, musulmanek eta kristauek onartzen duten Bibliaren pasarte ezagunenetakoa David eta Goliaten arteko borroka da. Liburu horretan Daviden aurretik azaltzen diren pertsonaia ia denak mitoak dira, baita Sinaiko basamortua astebetean zeharkatu beharrean, berrogei urte galduta ibili omen zen Moises patriarka ere. Halere, David erregea benetakoa izan zen, Burdin Aroko Israel izeneko erresumaren burua. Estatu indartsua egituratu zuen. Hirietan bizi ziren filistearrak zituen etsai jatorri ibiltaria zuen judutar estatuak. Davidek jardun kolonizatzailea zeukan, eta filistearren lurralde emankorrak bereganatu nahi zituen.
Jaso dugun istorioan, David txikiak Goliat erraldoia akabatu zuen bere trebeziari esker. Ziurki israeldarrek filistearrek baino indar militar handiagoa izango zuten arren, kondairan, Goliat gaizto eta erraldoia, David txiki eta zintzoaren trebeziak gainditu zuen.
Modu batean ala bestean izan, David eta Goliaten arteko borroka ahularen eta indartsuaren arteko, zintzoaren eta gaiztoaren arteko norgehiagokaren ikur bilakatu da gure imajinarioan.
Hitler, Franco, Mussolini eta beste gizon txiki asko indartsuenekin lerratzen dira; pertsona txiki eta handi gehienok, aldiz, ahulen aldeko enpatia sentitzen dugu. Hori dela eta, gatazka bat sortzen denean, ahulari laguntzeko gogoa pizten zaigu, Daviden aldekoak izaten gara. Baina... benetako historia hartan gertatu zen bezala, errealitatea beti konplexuagoa da, eta itxuraz ahul ala biktima gisa azaltzen dena, sarritan ere batera, borreroa izaten da.
Azkeneko urteetan pairatzen ari diren gertaera distopikoen aurrean, noraezak euskarri iraunkorretara heltzeko premiak areagotu ditu. Euskarriari erantzun sinple batez heldu diezaiokegula uste badugu, porrota segurua da, egun gertatzen ari diren gertaera soziopolitiko, ekonomiko eta kulturalen neurria eta konplexutasuna demasekoa baita. Konplexutasunera soilik konplexutasunetik hurbil daiteke.
Hautua egiteko beharra gatazka armatuetan nabarmenagoa da. Esaterako, gure etxeko telebistetan umeen erailketa ikusteak gure gogoan astindu jasanezina sortzen duelarik, errudun baten beharra sentitzen dugu: zigorra jasoko duena, eta zigortzeko gaitasuna izango duen David-a.
Jugoslavia ohiaren gerran, Ruandakoan, Irakeko bi gerretan, Afganistanen, Ukrainan... eta orain, Gazan, gure onera ekarriko gaituen hautuaren premia dugu.
Tamalez, ez dugu irtenbide xumerik. Hamasek egindako sarraskia gure moraletik epaitzea ez da erraza; gure erosotasunetik, garagardo bat eskuan hartuta, Hamasen «gaitasun militarra» mirestea kezkagarria da; umeen hilketa justifikatzeko ahalegina egiteak beldurtzen nau; kolono armatuek Zisjordanian Talion legea erabili izana ikaragarria da. AEBek eta Europako Batasunak Estatu sionistak egin nahi duen erantzun genozida «autodefentsa» eskubidearen isla izan daitekeela esateari higuingarria deritzot; «autodefentsaren» izenean giza-krimenak egin daitezkeela esateak gure humanitatea birrintzen du.
Gandhik esan omen zuen: «Begi begi truk, hortz hortz truk, eta mundu osoak itsu bukatuko du». Orain ere Daviden eta Goliaten arteko dialektikak edozer gauza justifikatu dezakeela onartzen badugu, denok itsu, mutu eta birrinduta bukatuko dugu. Antropozenoan, garai nuklearretan garai daitekeen gerra bakarra Bakea baita.
Munduak pairatzen dituen gatazka armatu guztien aitzinean, benetan iraultzailea den jarrera indarkeriarik ezari eustea da, gatazken konponbide baketsuari eustea eta elkarbizitzarako hautuari zorrotz eustea. Gerrarik ez, ez Ukrainan, ez Boli Kostan, ez Gazan, ezta hemen ere.
David eta Goliat, denok itsu geratu arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu