Preso politikoak daude, hemen, Estatu espainiarrean eta Europar Batasunean (EB). Bai, Europar Batasuneko herrialde desberdinetan zure ideologiagatik atxilotu zaitzakete, eta kartzelara eraman. Espainiak Interneteko sare sozialetan eginiko txiste politikoengatik jazarria izan zaitezke, batez ere ezkerrekoak edota separatistak badira. Erreferendum bat antolatu nahi duzula herriari kontsultatzeko? Zureak egin du. Baina ez pentsa Espainia salbuespena denik, EBk ez du gehiegi atsegin herrien borondatea, batez ere neoliberalismoaren aurkakoa bada, erreferendum ugari ez ditu hartu kontutan eta beste batzuk, Greziakoa bezala, emaitza kontuan hartu zuen greziar herria gehiago zigortu eta pobretzeko.
EBko herrialdeetan politikariak kartzelatu dira beraien ideologiagatik, eta herritarrak atxilotu dira eta unibertsitateko irakasleak kanporatu EBren edota NATOren aurkako gogoetak Facebooken argitaratzeagatik. Disidentziaren gaineko kontrolak ez du gehiegi diskriminatzen, Giulietto Chiesa, kazetaria eta europar parlamentari ohia lehenengo Demokrata eta Liberalen taldean eta ondoren Sozialisten taldean, Tallinnen lurreratu zen hitzaldi bat emateko, eta Estoniak detenitu eta deportatu egin zuen EBren oniritzi isilarekin.
Adierazpen askatasuna urratzea larria da, baina ez da bortxatu den eskubide bakarra, bestela galde diezaietela EBko herrialde desberdinek sortu, sustatu edota babestu dituzten gerretako biktimei, ez da gai ezta ihesi datozen errefuxiatuei behar bezalako harrera emateko ere. Ez da harritzekoa, Europar klubean bertan Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 15.1 artikuluaren kontra, laugarren eta bosgarren belaunaldiko «etorkinen» seme-alabak jaiotzen direnean Letonian eta Estonian aberrigabeko gisa jaio dira, herritartasunik gabe. Halere, beraientzat ez dago elkartasun kanpainarik. Berdin gertatzen da Hamburgera G20koaren kontra protesta egitera joan eta atxilotuak bukatu duten herrialde desberdinetako pertsonekin. Horien artean dago David Rincon bilbotarra.
1970eko hamarkadan zehar sortu zen G7koa, krisi ekonomiko latz baten erdian. Mendebaldeko zazpi herrialde aberatsenek osatzen dute: Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada. Talde honen helburu nagusia nazioarteko politikari eta ekonomiari buruzko diagnostiko eta ekintza plan adostuak egitea da, betiere Mendebaldeko herrialdeen eta beren aliatuen interesak babestu eta sustatzeko.
Urteak dira G7koek errezeta neoliberalak eta inperialistak munduan zehar barreiatzen dituztela. Halere, herrialde batzuen gaineko kontrola galtzen joan den heinean, ezinbestean taldeak garrantzia galdu du eta beste egitura batzuk sortu ditu munduan eragiten jarraitzeko. 1999an Asiako krisi ekonomikoari aurre egiteko G7koek bilera bat burutu zuten beste herrialde batzuekin egoera kontrolatu ahal izateko. Talde horrek baina, ez zuen funtzionamendu dinamika egonkor bat hartu 2008ra arte. Urte horretan nazioarteko krisi finantzarioak eztanda egin, eta G7koek goi bilera batera deitu zuten Washingtonen munduko herrialde aberatsenen artean eta gorabidean zeuden herrialdeen artean. Guztira, 19 herrialde gehi EB munduko biztanleen etorkizun ekonomikoa erabakitzeko era ez-demokratiko batean eta neoliberalismoa hauspotzeko borondate irmoarekin.
Urtero biltzen dira G20koak pertsonen, herrialdeen eta naturaren etorkizuna erabakitzeko gurekin kontatu gabe. Beraien artean interes kontraesanezkoak egon arren, oro har, neoliberalismoa sustatzea dute helburu, sufrimendua eta pobrezia sortzen duen sistema ekonomikoa elikatzea aburu. Motibo ugari daude G20koen aurrean protestatzeko, aurten mundu osotik ailegaturiko manifestariak gerturatu ziren Hamburgera. Protestek jakinarazi nahi diete boteretsuei herriari bizkar emanez agintzen dutela, gehiengoaren eta naturaren interesen kontra ari direla.
Hamburgen Alemaniako gobernuak gogor erreprimitu zituen manifestazioak. Poliziak 41 pertsona atxilotu zituen, horietako bat David Rincon bilbotarra lagunekin afaltzen zegoenean. Guztiei salbuespen legedia ezarri diete, eta horrek abokatu eta atxilotuen arteko komunikazioa oztopatu du nabarmen, ondorioz, ziurgabetasun egoeran eta babes juridikorik gabe egon dira. Ez da harritzekoa, neoliberalismoaren eta inperialismoaren kontra borrokatzen direnen aurka. Horrelakoak ohikoak dira EBn. Horregatik da garrantzitsua irailaren 25eko epaiketaren aurrean David eta gainontzeko atxilotuekin elkartasuna adieraztea eta beraien egoera salatzea.
David eta besteak aske nahi ditugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu