Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako presidentea

Datuen mendean elkar errespetatu beharra

Unai Aberasturi Gorriño
2025eko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Aurreko urtean, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak 20 urte bete zituen. Lehenik eta behin, Bulego gisa, eta, iaztik, Agintaritza gisa, Administrazio Independente gisa, betiere, datuen babesaren arloan herritarren eskubideak urratzen direnean delitu horiek kontrolatzeko eta zigortzeko ahalmena baitu. Urteurrena otsailaren 27an ospatuko dugu Euskalduna jauregian, hogei urtean zehar gure aurrekoek lan handia egin ondoren datuen mendetzat jo dezakegun gizaldiaren lehen zati horretan.

Mendeari hasiera eman genion aurrerapen teknologiko handi eta azkarrek liluratuta, batez ere Internetek eskaintzen zituen aukera handien ondorioz. Orduan hasi ginen telekomunikazio-operadore berrietara konektatzen, gizarteko sektore guztietan sortzen ari ziren webgune berrietan sartzen: Terra, Canal21, Hispavista, Google bezalako atariak, blog pertsonalak, txatak... Gure pribatutasunagatik eta teknologia horiek ekar zitzaketen arriskuengatik ezer gutxi arduratuta, denok hasi ginen gure datu pertsonalak sartzen geure burua identifikatzeko eta, batez ere, zerbitzu haiek eskuratzeko. Bestelakoa da gaurko egoera, askoz sentsibilizatuago baikaude gure datuen babesarekin; hala ere, gure pribatutasuna arriskuan jartzen duten praktikak egiten jarraitzen dugu egunero. Iaz, esate baterako, enpresa batek begien irisa hogei euroren truke eskaneatzeko egin zuen eskaintzak zekartzan arriskuez ohartarazi behar izan genuen. Eta hasi besterik ez dira egin.

Hitz hauek idazten ditut hainbat erakundetatik, AEBetatik bereziki, ziurgabetasun handia eragin dezakeen diskurtsoa elikatzen ari diren une honetan, urteetan zehar datuen babesaren arloan lortu eta aurreratu den guztia arriskutan jar dezakeena, batez ere Europar Batasunean.

Sektorean hartu diren hainbat erabakiri buruz ari naiz, hala nola bortizkeriatzat jo daitezkeen edukiak haien forma eta adierazpen guztietan antzemateko egiaztatzaileak ezabatzeaz. Zentzu horretan ekarri nahi ditut gogora «Komunitatea bere kabuz autogestionatu dadila» adierazpena, Twitter-en jabe Elon Musk-ek berak esana, bai eta Mark Zuckerberg Metaren buruak berrikitan bota duena: «Trumpek Bruselaren aurrean defenda gaitzala behar dugu», Europar Batasunak bere enpresari Europako datuak babesteko araudia ez betetzeagatik etengabe ezarri dizkion zigorrei erantzunez.

Urrunago joan gabe, ez dugu ahaztu behar Donald Trump bera zipriztindu duen eskandalua, Cambridge Analytica izenez ezagutzen duguna. Izan ere, Facebookeko erabiltzaileen datuak tratatzeko estrategia benetan oldarkorrak erabili ziren, legez kanpokoak ez esatearren, boto-emaileen profilak egiteko eta haien jokabideak manipulatzeko. Korporazio pribatu handien eskuetan datzan demokrazia-eredu bat aurkezten digute, itxuraz behintzat boterearekin bat eginda dagoena, beren negozioaren zati handi bat gure datu pertsonalen eta gure seme-alaben datuen tratamenduan oinarritzen dutena. Ez gehiago, ez gutxiago.

Gauzak horrela, ziurtasuna da une honetan behar duguna. Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak deialdi bikoitza egin nahi du gaur. Lehenik eta behin, legegintza-erakundeei eskatu nahi diegu teknologien erabiltzaileen pribatutasuna bermatuko duten arauak onartzen jarrai dezaten, sare sozialen kasuan, baina baita teknologia disruptibo berriei dagokienez ere, hala nola adimen artifiziala (AA). Izan ere, adimen artifiziala abiadura handian ari da bere bidea egiten, bai eremu publikoan, bai pribatuan. Ezin konta ahala proiektu aurkezten ari dira egunotan, eta AA erabiltzen duten errealitatera eramaten ari dira, zeregin jakin batzuk errazteko edo zerbitzu jakin batzuk emateko: irudiak, testuak, txatbot-ak sortzea, zerbitzu jakin batzuk antolatzea adimen artifiziala erabiliz egindako estimazioen arabera, eta abar.

Ezin dugu ahaztu teknologia mota hori erabiltzeak, gehienetan, izaera pertsonaleko datuen tratamendua dakarrela. Gizarte gisa ohitzen ari gara erabilgarritasunen truke gure datu, argazki, bideo, interes eta behar guztiak esparru horretan ematera, gehienetan gure datuekin zer gertatuko den galdetu gabe. Gauzak gertatzen ari dira, jakina gertatzen ari direla, batzuk ikaragarriak. Gogoratu besterik ez dago iaz bertan 12 urteko nerabeak adimen artifiziala erabiltzen hasi zirela euren ikaskideen aurpegiak gorputz erdi biluzietan edo erabat biluztuetan jartzeko eta irudi haiek beren ingurukoen artean banatzeko. Erabilerraza bezain beldurgarria.

Bigarren deiarekin eskatzen dugu euskal sektore publikoan datu pertsonalak babesteko jardunbide egokiak ezartzea. Gogoan dut duela urtebete elkarrizketa batean adierazi nuela Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan jasotzen genituen erreklamazio gehienek zerikusia zutela osasun-arloko datuak babesteko araudia urratzearekin. «Gehien iristen zaizkigunak dira Osakidetzan historialetara bidegabe sartzeagatik aurkezten diren kexak», gogoratu nuen elkarrizketa hartan. Orduz geroztik Osakidetzan hartu diren erabakiak norabide onean doaz zentzu horretan, euskal osasun-zerbitzu publikoaren erabiltzaileen pribatutasunagatik ardura handiagoa erakusten baitute. Euskal sektore publikoak erronka berriei egin behar die aurre: adimen artifiziala erabiltzen duten informazio-sistemak ezartzea, eremu sanitarioetan datuak partekatzeko gune berriak sortzea, edo datuen segurtasuna bermatzeko beharra, segurtasun-arrakalak ohikoagoak diren eta ziberdelituen kopurua handitzen den une batean.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza, orain arte egin duen bezala, euskal administrazioekin batera arituko da erronka horiei behar besteko bermeekin aurre egin ahal izateko, herritarren pribatutasuna une oro errespetatua izan dadin.


Datuak babesteko lanean lehen hogei urte horiek eman ondoren, Datuak Babesteko Euskal Agintaritza gisa dugun ikuspegia da gure datuak babesteak duen garrantziaz jabetzen den eta datuak pertsonen eskubideak errespetatuz tratatu behar dituen gizartearena. Gizartearen esanetara gaude, hiritargoaren zerbitzura, eta gure zeregin nagusia da haren eskubideak eta interesak defendatzea; lehenik eta behin, hurbilen ditugun erakundeekin elkarlanean arituz, eta, bigarrenik, ardurakidetasuna zainduz teknologia egokiro erabiltzeari dagokionez. Datozen hogei urteak ere benetan zirraragarriak izango dira, zirraragarri bezain erabakigarriak, gizarte aurreratu gisa ager gaitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.