Sarri etortzen zait burura The Secret Barrister (Legeen inguruko historiak eta nola hausten diren) liburuaren hainbat pasarte. Epaitegietako jardunaren inguruan kontatzen digu makina bat historia, zorrotz baina umorez apainduz. Ardura galantaz ere aztertu dute pentsalari eta juristek gai bera: Arauek jokabide-eremua marrazten digute, baina ezer gutxi dakite eremu horretako hitzarmen, praktika, harreman, egiteko, pentsatzeko eta izateko moduez, eta ezin ahaztu hauek bilakatzen direla muin (G. Zagrebelskyk, besteak beste). Oraingoan B.G. Españako Presidente den emaztearen inguruan argitaratutakoak ekarri dit abokatu sekretuaren gogoeta, legeak sistema barnetik urratzen direla eta.
Ikerketa penal bati hasiera ematerakoan, ikerketapean jarriko diren egitateak zehaztea ezinbestekoa dela diote indarrean diren arauek. Salaketarekin batera, salatzen dena gertatu izanaren zantzuren bat epaitegira eraman behar dela esan ohi dute ebazpen judizialek ere. Deskribatzen denak itxura penala badu, instrukzioari hasiera emango zaio. Prozesu Penalaren legeko 301. artikuluak dio ikerketa penalak erreserbatuak izango direla (2015 arte, sekretuak) eta ahozko epaiketa irekitzea erabaki arte (hala balitz) erreserba horretan mantendu behar direla eginbideak. Pertsona baten inguruko ikerketa orokor edo eta prospektiboaren debekua maiz azpimarratu du Auzitegi Gorenak, ekintza zehatzak ikertu behar baitira. Baina, B. G.ren abokatuak zioen legez, bere bezeroari buruz epaitegitik kanpora ailegatzen den guztiak zalantzan jartzen du indarrean dirauten arauek agindutakoa betetzen ote den.
Beste hamaika konturen artean, batean jarri nahi dut oraingoan arreta: hedabideetan agertu denez, B. G. ikuskatzen ari den epaile instruktoreak Guardia Zibilari agindu zion lehen salaketan deskribatzen ziren ekintzak ikertzea, eta G. C. (polizia judizial lanetan oraingoan) delitu zantzurik ez dela ondorioztatzeak kasua artxibatzeko eskari ugari ekarri zuela irakurri genuen ere.
Jakina da epaileek inoren laguntza beharrezko dutela instrukzio penalean gertatu denaren zantzuak ekarri eta aztertzeko. Laguntzaileen artean, polizia. Delituen ikerketa burutuko duten poliziek (G. C.; P. N.; Ertzaintza, eta abar) polizia judizialaren estatusa hartzen dute. Halakoetan, polizia-gorputz bakoitzeko agintarien hierarkiapean izatetik instrukzio epailearen (edo fiskala, kasuan kasuko) mandatupean egin behar dute lana, eta izaera bikoitz horrek hamaika arazo sortarazi ditu. Luze joko luke poliziei agintzen zaien funtzio zabala deskribatzea: hiritarren seguritatea; trafikoa; delituen prebentzioa; informazio lana, besteak beste; eta jardun bakoitzean kode eta buruzagitza ezberdinak. Eta polizia judizial legez, epaitegietara eramango dituzten atestatuak osatu behar: ikertutakoak delitu itxura badu, egitateen inguruko datuak emateaz gain, polizia zientifiko papera (peritu edo aditu) betetzen dute delituaren osagaiek hala eskatzen dutenean. Epaileen agindupean gardentasunez eta legeek ezarritako mugak betez aritu behar, bestela ez bailirateke baliagarriak polizia judizialak epaitegira eramango dituen frogak. Instrukzio fasearen emaitzak ahozko epaiketara bideratzen badu kausa, lekuko eta peritu le(ge)z deklaratuko dute polizia horiek.
Ahozko epaiketan, Polizia judizialeko agintari eta funtzionarioen deklarazioek beste edozein lekukoek emango dutenaren balio berbera izango dute, arrazoizko irizpideetan oinarrituta beti (Zigor Prozedura Legeko 717. artikuluak). Aditu batzuek diote XIX. mendeko legegileak ez zuela epaileengan konfiantzarik, ezin bestela ulertu halako ohartarazpenik. Baina makina bat sententziatan, errugabetasun printzipio-eskubidea poliziaren deklarazio irmo, koherente, seguruarekin hautsi dela lasai asko idazten eta ebazten da. Poliziak ez duela inolako sasi-interesik diote (gainontzeko lekukoek bai??). Bidezko diren azalpenetan deklarazio horien edukia balekotzat emateko arrazoizko irizpideak falta direlakoan nago.
Peritu edo adituen ekarpenaren inguruan ere jurisprudentzia zabala: ezin zaiela balioa eman egilea zein den kontuan hartuta, edukiaren arabera baino. Adituak azalduko ditu bere iritziaren nondik norakoak baina ezin du epailearen lana ordezkatu. Ezin luke, inondik inora, erabaki eremua lekuz (eskuz) aldatu, baina hain ohituta gaude desbideratze hauetara, B. G.ren kasuan, G. C.ren hitza sententziatzat hartu duela batek baino gehiagok.
Halako praktikak zenbateraino urratzen dituzten oinarrizko eskubideak ere esplikatzen digu gure ezkutuko abokatuak, bere lanaren jarduneko adibidetako baten dioen moduan: atxilotutakoaren ohore eta zintzotasuna justifikaziorik gabe zalantzan jarriz hasitako polizia-txostena, ekintza bat bera ere zehaztu gabeko salaketa bideratu zuen poliziak haren bezeroaren aurka, behin behineko kartzelaldian sartzea lortu arte. Iritzi (ez egitate) eta orokorkeriak gehituz jarraitu omen zuen agenteak, eta atxilotuaren izaeraren aldeko datuak hasieratik jakin arren, ezkutatuz jarraitu zuen lekuko moduan deitua izan zenean ere. The Secret Barrister jaunak zalantzan jartzen du polizia horren zintzotasuna, baina hala funtzionatzen ohituegiak omen. Honaino ere eraman dute praktika, harreman, egiteko, pentsatzeko eta izateko moduek arauen muina.