Zazpi hilabete joan dira pandemiaren ondorioak lehen pertsonan bizitzen hasi ginela. Pandemiaren lehen urratsetan, segituan hasi ginen saiatzen horrek guztiak zer eragin edukiko zuen aurreikusten edo irudikatzen. Ekonomian, ekologian, maila sozialean, indibidualean. Oraindik ere gure egunerokoari zentzua bilatu nahian heldulekuen bila gabiltza, eta galderak egiten jarraitzen dugu. Baina oraindik erantzun borobilik ez dugu. Hori bai, dagoeneko baditugu pista batzuk. Zazpi hil pasatu direlako eta dagoeneko aldatu garelako.
Ziurgabetasunarekin elkarbizitzen aspaldi ikasi genuen. Ziurgabetasunean bizitzea ez da berria. Are gutxiago sektore sozial zaurgarrienentzat. Pandemia honek mahai gainera ekarri duen elementu gehigarri bat ezjakintasuna izan da. Jakin beharko luketenek ere ez dakite beharko genukeen guztia, eta horrela aitortzen dute. Gure erreferentzia nagusiak diren arren, lehen egunetik ikertzen eta ikasten ari dira, ahalik eta erantzun zuzenenak emateko. Baina oraindik asko dago argitzeko.
Horiek horrela, ziurgabetasunari ezjakintasuna gehituta, gertatzen zaigunaren errudun bila jotzen dugu etengabe. Politikariak, gazteak, tabernariak, turistak… baina oro har esango nuke indartuta dagoen irudi orokor bat herritar arduragabearena dela.
Aldiz, nahiz eta beti dagoen estereotipo zehatz bati erantzuten dion pertsona edo talde bat aurkitzea, eta idealizazioetan ere erori gabe, oro har iruditzen zait herritarrak oso arduratsuak izaten ari garela. Gure berezko joeren kontra ere bai.
Kasu honetan berezko joeratzat dut, izakiak izaki sozialak garen neurrian, besteekin egoteko beharra. Pertsonok beste pertsonak behar ditugu. Etengabe eta edozein baldintzatan bilatzen dugu beste pertsonekin harremana izatea. Isolamendua pertsona suntsitzeko tresna bat izaten da.
Konfinamendua edo itxialdia ezarri zenean oso argi geratu zen hori. Oso modu nabarmenean bilatzen genuen bat-batean sortutako hutsunea zerbait eginez betetzea eta ahal zen neurrian besteekin egotea, nahiz eta etxean bakarrik egon ez. Deiak eta bideo-deiak. Balkoietatik edo leihoetatik urtebetetze zoriontzeak, elkarrizketak, kontzertuak, eltzekadak edo bestelako ekimenak. Eguneroko zortzietako txaloak ere, momentu batean osasun langileentzat ez ezik, taldean egoteko une bat bihurtu zirela esango nuke. Hainbat zaintza-sare komunitarioren arrakastaren zati bat ere besteekin egoteko beharrarekin lotuko nuke. Gure bizilekuak bulego, ikasgela, ikastetxeko patio edo psiko-gela, taberna edo diskoteka bihurtu zirenean, askok gure bizilekua zabaldu eta urruntze fisikoa txikitzeko beharra genuen. Ingurune hurbilarekin harremanetan jartzea bilatzen genuen modu batean zein bestean. Auzokideen arteko harremanak, konfinamenduaren ondorioz areagotutako praktika sozial gisa, adibide argiak dira.
Eta itxialdia amaitu zen, eta kalera atera eta besteekin egoteko beharra inoiz baino handiagoa zen. Baina birusa ez zen desagertu. Testuinguru horretan, oro har, arduratsu jokatu dugulako, aldatu gara. Oharkabean bada ere, uste duguna baino gehiago aldatu gara. Komertzioen aurrean ilarak ohikoak bihurtu ziren aspaldi. Norekin, non eta nola elkartu askoz gehiago pentsatzen dugu. Bat-bateko planak ia desagertu dira. Talde handietan planak bukatu dira. Askok familia urruna bisitatzeari utzi diote. Hurbilekoak ez diren lagunekin, baina lehen harremana genuenekin, solasaldi lasaiak galdu ditugu. Bazkari askori uko egin diegu (lagun zaharrekin, laneko bazkariak...). Hirietara egunpasak edo urrutiko txangoak. Tabernaz tabernako poteoak desagertu dira neurri handi batean. Kontzertuetara, batzuk leku irekian bakarrik egin direnean joan dira, beste batzuk, horietara ere ez. Kirola taldean egiteari utzi zaio neurri handi batean. Aktibismo edo herrigintzako dinamika asko bertan behera utzi dira. Naturguneetara irteerak ugaritu dira… Oro har sozializatzeko eremu fisikoa asko murriztu dugu, eta kontaktu fisikoa eta hurbiltasuna galdu dugu. Pertsona askorekin jada ez dago musurik, besarkadarik, fisikoki gertu egoterik. Hileta asko inongo kontakturik edo hurbiltasunik gabe egiten dira.
Nahiz eta askotan beste gauza batzuk egin nahiko genituzkeen, arduratsu jokatu dugulako, gure errutinak eta portaerak asko aldatu ditugu. Aldaketa horiek, gure egunerokoan ez ezik, gure jendartearen dinamiketan eta aldarteetan ere eragina izan dute eta izango dute. Eragin horiek ez dira berdinak sektore sozial guztietan, eta, muturrera joanda, kasu batzuetan eragin larriak izaten ari da, benetako isolamendu egoerak ere ematen ari direlako. Kasu horietan, konpentsaziorako edo laguntzarako esku-hartze edo neurri zehatzak beharko dira. Baina muturrera joan gabe ere, gauden egoeran egonda nolabaiteko urruntzea edo segurtasun neurriak ezinbestekoak badira ere, soilik debekuen bidetik etortzen den hiper-isolamendua arazo larria izan daiteke. Bai indibidualki, baita kolektiboki ere.
Etengabe arduragabekeriak azpimarratzea baino, emankorragoa izan daiteke herritarroi konfiantza agertzea. Zazpi hilabeteotako Europako datuak ikusita, esango nuke pandemiaren zabalkundea gehiago azaltzen dela egiturazko arrazoiengatik portaera indibidual arduragabeengatik baino. Oro har, uste dut euskal herritarrok beste latitude batzuetako herritarrak bezain arduratsuak izan garela. Edo haiek bezain arduragabeak. Ez gehiago, ez gutxiago. Eta zentzu horretan, errespetu handiagoa merezi dugu. Errespetu handiagoa zor diogu geure buruari. Gainera, egoera honek herritar konprometituak behar ditu, ez soilik neurriak errespetatzeko orduan, baita horiek adostu edota alternatibak pentsatzeko orduan ere. Izan ere, elkarrekin kezkak, ilusioak, beldurrak, ideiak, proiektuak… konpartitzetik sortzen dira aurrera egiteko erantzun berriak, testuinguru berriei egokitutako bestelako praktikak eta alternatibak. Eta susmoa dut horiek inoiz baino beharrezkoagoak ditugula.
Dagoeneko aldatu gara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu