Joan den mendeko 40-50-60 hamarkadetan, gure aittun-aminek eta aita-amek bazekiten haurrok, eskolan bereziki, debekatua genuela euskaraz hitz egitea. Batzuk, debekuari men eginez, aztapoka bazen ere, ilobekin eta seme-alabekin gaztelaniaz hasi ziren, etorkizun oparoagoa aurreikusten zietelako hauei debekatzailearen hizkuntza erabiltzekotan. Euskara bihotzean giltzapetu, eta ahoan gaztelania.
Beste batzuek, ordea, etxeko klandestinitatean batez ere, belaunaldiz belaunaldiko ohitura ez ahazteko, haiendako betikoa zena erabiltzen erakutsi ziguten ilobei eta seme-alabei, euskara baliatuta gure arteko harreman guztietan. Beharrik! Hiru urterekin hasi baikinen kolonizatzaileena derrigorrean ikasten eskolan, fraideetan, institutuan eta unibertsitatean ere bai. Baina etxera eta lagunarteko zenbaitengana bueltan, berdin astebeteko, hamabostaldiko edo hiruhilabeteko urrutiratzea tarteko: euskara, bihotzean giltzapeturik baino, ahoan hobe!
Beherantz egin zuen euskararen ezagutzak nabarmen eta, ondorioz, erabilerak. Kolpisten berrogeiurtealdian, erregimenaren debekuaren eraginez, galdu zuen euskal herritar askok bere ikur nagusia, eta beste askok, hartaz jabetzeko aukera.
Berrogeiurtealdiaren amaiera ofiziala baino lehentxeago hasi ziren herri mugimendu zenbait klandestinitatean, euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzen. Hortik aurrera, erregimen aldaketa ofizialaren ondoren, euskararen ezagutza asko zabaldu da. Horren lekuko Arabako egoera eta euskararen inguruan antolaturiko ekitaldiak, azkena Euskaraldia. Amaitu berri da bigarrena eta badirudi bi kasuetan arrakastatsua izan dela, antolatzaileen esanetan behintzat.
Lehengoaren 11 eguneko kopurutik bigarrenera izandako egun-gehitzea kontuan harturik (lau egun) eta progresio aritmetikoa aplikatuz gero bi urtero, XXII. mendeko hondarreko urteetan iritsiko lirateke orduko hartako euskaldunak, urte osoan belarriprest eta ahobizi rolekin jardutera.
Progresio berarekin jarraituz gero, lau euskaraldi —zortzi urte— beharko ditugu, hilabete osokoa izateko ekitaldia; 87,5, epea urte osokoa, hau da, 365 egunekoa izateko. Eta bi urtero ospatuz gero, 175 urte behar, urte osoko Euskaraldira iristeko. 2195 urtean ospatuko dute orduko hartako euskaldunek urte osoan. Baina orduko hartako euskaldunak ez dira euskal herritar guztiak izanen, Soziolonguistika Klusterrak 2017an eman zituen erabilerako datuen arabera: 2006an, %13,7; 2011n, %13,2; 2016an, %12,6. Bistan da, orduan, bi urtero progresio aritmetiko berbera aplikaturik, ez dugula euskal gizartea euskaldunduko epe luzean, are gutxiago motzean.
Euskaraldiari, izatekotan, progresio geometrikoa aplikatu behar zaio, egun gehitze-kopurua aldiko bikoiztekoa. Horrela, askoz ere lehenago (hamalau urteko epean) iritsiko ginateke 365 eguneko Euskaraldira: aurrekoan baino egun egun gehiago 2022an; 16 gehiago 2024an; 32 gehiago 2026an; 64 gehiago 2028an; 128 gehiago 2030an; 256 gehiago 2032an; eta, azkenik, 94 egun gehiago baino ez 2034an.
2034an, beraz, arituko ginateke urte osoan ahobizi-belarriprest roletan, gure artean behinik behin. Hamalau urteren buruan lortu beharko genuke euskarak beharrezkoena duen erronka gainditzea, dakitenek erabiltzearena. Izan zirelako gara, baldin bagara izanen dira!
Eta hauxe lortuz gero, euskara prest egonen litzateke hurrengo erronkari aurre egiteko: dakitenen multzoa zabaldu.
Euskararen egoera diglosikoa mendeetakoa da gizartean, betikoa administrazioan, eta hori gainditzeko ez dira ekitaldi testimonialak edo kontzientzia arintzekoak behar, errotiko apustuak baizik; eta oraingoak erabileran du gakoa. Dakigunok ahobizi izan behar dugu beti, 365 egunez urtean, eta gutxienik belarriprest izatera behartu euskara jakinik erabiltzen ez dutenak edo azken berrogeiurtealdian ikasi ez dutenak. Horretara iritsi arte, alferrikakoak epe oso mugatuko ekitaldiak; aminak liokeen eran, idiak behar eta joareak erosi!
Hizkuntza bat gutxi, gutxirekin, gutxitan erabiltzeagatik galtzen da!
Dagoenarekin, dagoenekikoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu