Dabilen harria

2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Mugitzera, berritzera gonbidatzen gaitu Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen esaera zaharrak. Kulturgintza eta lidergoa horretarako aukera balira?

Garai hauetan jendarte progresistaren ekimena oso beharrezko da. Azken hauteskundeen emaitzek, adibidez, bide hori iradoki dute Hego Euskal Herrian. Inguruabar horretan kulturgintza bera gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da, egiteko moduetan dagoela gakoa pentsatzen baitugu askok eta askok.

Garai disruptiboak bizi ditugu, teknologiak determinatuta, eta ziurgabetasun giro handian. Tokian tokiko kulturek desagertzeko arrisku handia dute eta jendartea manipulatzeko joerak agerikoak dira. Horrekin guztiarekin batera Adimen Artifiziala loratu dute botereek, indartsu.

Jendarteak, gero eta prestatuagoa dagoen tamainan, gaitasun kritikoa eta irizpidea izango ditu egokia eta desegokia bereizteko, eta mundu justuagoa eraikitzeko. Hori guztia kultura errotu baten baitan, euskal kulturan, gertatzea nahi dugu herritar askok.

Komunitate aurrerakoiek gidaritza era berriak eskatzen dituzte. Horiek horrela, lider edo buruzagi bati jarraitzeko garaietatik lidergoa partekatzeko garaietara goaz.

Gidaritza berriak erakundeetan: helburuak gidatutako lidergoa

Gaur egun, mundu osoan gero eta erakunde aurrerakoi gehiago ari daaldatzen lidergoa ulertzeko era. Eredu goreneko lider bakarretik, lidergoa erakunde osoan banatzeko paradigmak sortzen ari dira. Izan ere, hainbeste aldatzen ari den mundu honetan, gidariak ez ezik, bihotza ere behar baitugu.

Lidergo partekatua maila desberdinetako taldeetan eragina duten elkarreraginen sistema bat da, helburu kolektibo bat lortzeko xedea duena.

Lidergoaren paradigma tradizionalean, gidari guztien ardatz nagusia xedea komunikatzea da. Xede hori erakundearen goiko mailetan garatu eta gero, erakunde osoan beherantz komunikatzen da. Komunikazio horren helburua da erakunde osoa aurrez definitutako helburu baten inguruan lerrokatzea. Baina, azterketa berriak konturatzen ari dira agian ez dela ikuspegi egokia helburu komun bat sortzeko.

Kontua da helburua existitzen dela eta bizirik dagoela. Hori da paradigma aldaketa, eta lidergoaren ulermen tradizionalari desafio egiten dio. Horiek horrela, eredu izatea da komunikatzeko modu baliagarri bakarra. Era horretara, beste lidergo trebetasun batzuk gero eta garrantzitsuagoak bihurtzen ari dira.

Gidariek beren asmo pertsonala ezagutuz, besteei beren helburu pertsonala aurkitzen lagunduz, helburu pertsonala eta antolakuntzakoa uztartzea lortu nahi da. Ardura postuetan dauden pertsonek beste batzuk lider potentzial gisa ikustea da gakoa, eta inor arduratan ez betikotzea.

Gidaritza berritu horietan gaitasun bigunak aldarrikatzen dira, hala nola, ontasuna eta adeitasuna. ZeelandaBerriko lehendakari ohi Jacinda Ardernek aipatzen duenez, «denboran zehar asertibitateari eta indarrari jarri diogu arreta guztia eta pentsatu dugu horiek ontasuna eta enpatia izatea eragozten dutela».

Emakumearen lidergoa

Emakumeak gora! izan zen leloa Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen Nazioarteko Egunaren azken kanpainan. Martxoaren 8a igaro da, baina, egin beharreko lana egunerokoa da. Horregatik ekarri nahi izan dut lerro hauetara.

Lelo horrek aldarrikatzen du gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta eragin postuetan. Kanpainak, aldi berean, erakusten du zeintzuk diren emakumeei lidergo postuetara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopoak.

Nolabait esan, mito faltsuak eraisten ditu, hala nola: emakumeek prestakuntza gutxiago dutela postu horiek betetzeko; emakumeek gerentzia-postuen %6 bakarrik betetzea ez da prestakuntza edo lidergo faltagatik, baizik eta erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako; emakumeek titulazio teknikoetako matrikulen %23 baino ez ordezkatzea ez da bokazio faltagatik, baizik eta mugatzen gaituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren ondorioz; zaintzeko eszedentzien %73 emakumeek hartzea ez da guk bakarrik dakigulako zaintzen, gizarteak rol hori ezartzen digulako baizik, eta horrek garapen profesionala zaildu egiten du.

Horretan guztian aurrerapenak dauden neurrian, lidergoan eta gizarte antolaketan aurrerapenak egongo dira.

Gidaritza euskal kulturgintzan

Euskal kulturgintzak paradigma berri horietan sakontzeko oinarriak ditu, alegia: emakume kopuru handia dago bertan lanean, irabazi asmorik gabeko jarduera da, euskararen normalizazioan eta euskal kulturan aritzeak motibazioa eragiten du, hierarkia txikiko erakundeak ditu, talde-lana sustatzen da, langaia bera gizarte tresna bihur dezake... Hau da, balio eskala aproposa du planteamendu aurrerakoiak egiteko lidergoaren arloan.

Baina, ezaugarri horiek ez dute berez paradigma aldaketa ekarriko. Lehenago esandakoaz gain, ezin dugu ahaztu duela gutxi hezkuntzako ikerketa batek agerian utzi duen beste datu hau: «Emakumeak talde lanetan ezkutuko lanez arduratzen dira, eta gizonezkoak lan publikoez».

Hori guztia horrela izanik, esan genezake lidergo partekatuen garaietan emakumeek, hezkuntzak eta kulturgintzak paper garrantzitsua joka lezaketela, euskaratik eta euskaraz.

Dabilen harriak, herriek bezala, errotak mugitzen ditu. Uda on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.