Curriculum vitae

2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Curriculumak bidali eta lana aterako ote den esperantza ia galduaren garaiak dira. Iristen dira gurera ere curriculumak, eta gu ere gure zaharkituak aireatu beharrean egongo gara aurki. Curriculum berritzeen garaiak dira. Saiatzen gara gurea hobetzen, prestakuntza hobea izaten, gure alderik hoberena eskaintzen. Inposatzen diren curriculum ereduak dira gehienetan, heziketa erreformek sustatu nahi dituzten profil europar estandarizatuak, aniztasunari uko eginez denok denerako balio dugun mezu globala barreiatzen dutenak. Goi mailako ikasketak egin dituzten gehienek beren prestakuntza akademikoarekin zerikusirik ez duten lanetan omen dabiltza, merkaturik ez baitago hainbeste lizentziadun eta masterdun asimilatzeko. Orduan, beste maila bateko lanetara jotzen du lizentziadun berriak; normalean bere prestakuntza mailatik beherago dagoena. Behin batean esan ziguten curriculum ona behar zela taxuzko lan bat eduki eta fundamentuzko norbait izatera iristeko. Curriculum hori latinezko curricula-tik omen dator.

Arkeologiak baditu kuriositateak, eta eguna amaitu baino lehen zer edo zer gehiago ikasi duzun sorpresazko sentipen hori ere sarritan izan ohi da. Badira urte batzuk —barkatu nostalgia momentu hau espazio honetan, baino harira dator— Miranda de Ebroko Arce Miraperez aztarnategi erromatarrean genbiltzala; nire lehen indusketa profesionala. Curriculumik bidali gabe lanerako hartu ninduten kasu apur horietako bat. Lau metro karratuko zundaketa batean geunden gari soro baten erdian, ia bi metroko sakoneran irten zen erromatar galtzada zati perfektu bat, eta bertan ageri ziren arrasto zuzen eta paralelo batzuk. Gure enkargatuak esan zigun marra haieklatinezko curricula-k zirela, gurdiek beren ibilera etengabean galtzadan egiten zituen markak, hortikomen dator (beste adiera batzuen artean) curriculum vitae. Bizitzak guregan utzitako markak.

Esanahiari helduta, hotza begitantzen zait gure jardun profesional eta akademikoaren zerrenda aspergarri hori, eta horri deitzea bizitzaren markak, are tristeagoa. Traszendentalegi jarri beharrik ere ez dago, badakit, baina gure lanerako profila besteen begietara erakargarri egiteko ahaleginean sartzen ditugunak gure bizitzaren markak direla esatea ere, askotxo da.

Gure bizitza pertsonalaren inguruko curriculumak bost axola dio enpresariari, baina azkenaldian, egia esanda, pertsona bakoitzaren atzean dagoen istorioak badu zerikusirik langilearen errendimenduan eta lanerako gogoan. Langile bakoitzak duelako bere gurutzea, eta ez gara makinak (oraindik ez behintzat). Izan daiteke bat Oxforden lizentziatua edota hitz potolodun beste hainbat dohain dituena, baina gero lanerako orduan nondik hasi ere ez dakiena.

Letretan lizentziatu ginenok bagenekien gure curriculuma ez zela oparoa eta aukeraz betea; ez inon, ez inoiz; lan irteerak eskasak zirela, irakaskuntza, liburutegiak edo arkeologia zirela irteera posibleak Historian lizentziatu ginenon kasuan. Krisia lizentziatu bezain laster hasi zitzaigun guri, ingeniari egin izan bagina ere ez dut uste alfonbra gorririk zabalduko zenik gure hankapean, baina bizitza osoan ikasten aritu eta obrako peoi batek (errespetu osoz) baino soldata eskasagoa duzula jakiteak, pentsarazten dizu zerbaitetan edo bidegurutzeren batean okerreko bidea hartu zenuela. Zure apunteetatik bizi zen hura enpresaburu denean, punta-puntako kirolari edo politikagintzako lehen ilaretan ikusten duzunean, autokonbentzitzen zara esanez hori ere ez zela zuk nahi zenuena eta oraingoa dela gustuko bidea (ez aldaparik gabea); gainera, koherentea eta zintzoaizan zarela zeure buruarekin.

Eta azken buruan dator, ordea, bokazioa deritzon kontzeptua. Lasta eta harlosa, edozein maina zanpatzen duena eta hitz horren menpeko bihurtzen zaituena, behin Latina hartu zenuelako Biologiaren partez, hortik aurrera egindako hautu guztiak bokazio (delako) batengatik egiten direla dirudi: hizkuntzarekiko bokazioa, historia-artea, letren… bokazioa. Nahi gabe sasi-ilustratu moduko bat bihurrarazten zaituena eta orduan konturatzen zara zure lagunek Trivial-eko galdera horiak, arrosak eta marroiak erantzuteko zugan duten konfiantza itsua berresteko soilik balio duela zure orbanik gabeko curriculum vitae-ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.