CUP eta prozesuaren erronkak

Lluc Salellas Vilar
2016ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Irailaren 27tik, ia bederatzi hilabete pasatu dira. Baina Katalunian oraindik ez da inolako erditze lanik izan Europa hegoaldean estatu berri bat izan dadin. Denok ere adia galdurik gabiltza, arreta Kataluniako Parlamentuko asteroko ika-mikan jarrita, eta arazoak begiztatu nahian, konpontzeko ekarpenak egin beharrean; portuan dago gure barkua, Bermeoko arrantzontziak ekaitz egunetan egoten diren tankeran. Erne, baina besteen hutsei erne bakarrik. Eta horrek, bistan denez, batzuei bakarrik egiten die mesede: erakundeak eguneratuz, eliteak berrituz eta deszentralizazio «erregionalista» eginez Estatuaren erreforma egin nahi dutenei. Abertzaleak haiek omen. Lehengoa berriz. Horregatik da hain garrantzizkoa ohartzea zer egin dugun ondo eta zer gaizki 2009ko irailaren 13an Arenys de Munten herri galdeketa bat egin zenetik, orain dela egun batzuk dozenaka euskal herritan egin den bezala. Historian, Kataluniako prozesuek estatua modernizatzeko balio izan dute, baina orain arte sekula ez da izan independentziaren aldeko gizarte gehiengorik, azken urteetan dagoen hori bezalakorik. Gehiengo sozial hori estu lotua dago gizartea aldatzeko eta mobilizatzeko borondateari, eta horrek argiro erakusten digu zer ardatzetan mugitu behar dugun ahal den azkarrena. Horra hor egoera ezin hobea subiranotasunak berreskuratzeko, Mediterraneoko heriotzek egunero islatzen duten Europako Batasun honetan.

Azken hilabete hauetan, ez Puigdemonten gobernuak eta ez Parlamentuak jarri dute martxan herri eztabaidako prozesu konstituziogilea, nahiz eta hori egingo zutela agindu. Kataluniako Gobernuaren bide orria nahasia izan da, eta Convergencia berrantolatzeko dituzten premia diskurtsiboen mendekoegia; gizarte zibileko erakundeek, berriz, hain atsedenaldi luzea hartu zuten inbestidurarako akordioa lortu eta gero, non geroztik ez baitute estutu behar zen heinean. Horixe izan da egoera, eta CUP izan da akuilatzaile nagusia Parlamentuari independentzia aldera tira egiteko, baita desobedientzia instituzionaleko kanpaina batzuekin ere, baina, hala ere, komunikabideek eta Kamamila Partyk, eskola zaharreko tertuliakideak izanik, CUPen joan-etorriei erreparatu diete nagusiki. Horretarako, ederki baliatu dute ezker independentista katalana hilabeteotan ez dela gai izan proposamenak egin eta tentsio dikotomiko handi baten dinamika hausteko, halako tentsioa izan baita erabaki instituzional funtsezko bat hartu behar zen bakoitzean. Eta segi eta segi: egoera arrunt interesgarria genuen, Europako hegoaldean bakana, eta, orain, berriz, azaltzen zaila den zerbait bihurtu da. Eta ulertzen ez bada, ez du balio. Ez Herrialde Katalanetan, ez Euskal Herrian, ez Txinako Herri Errepublikan.

Baina hau ez da hemen bukatuko. Zorionez, eta jendeari esker. Badugu pausaldi bat piezak berriz antolatzeko, ez garela behar bezain zehatzak izan ulertzeko, eta, independentzian oinarriturik, 78ko esparruaren haustura herri ekimenari itzultzeko. Haustura horrek berekin ekarri behar du gizarte harremanak bestela formulatzea, bidezko eredu ekonomiko berri batzuk lortu ahal izateko, ekologismoa, feminismoa eta erradikaltasun demokratikoa landuz. Nola egingo dugu? Lehenik eta behin, Junts Pel Sik eta CUPek hitzarmena berritu behar dute aste hauetan, legealdi ezohiko honetan segitu, eta harantzago begiratu, denbora guztian elkarri begira egon beharrean. Hori posible izan dadin, ezinbestekoa da batera lan egitea, konfiantza izatea eta, batez ere, pauso bateratu batzuk zehaztea 2016-2017ko urte politikorako: herri sustraiko Prozesu Konstituziogile bati ekitea, Erreferendum Unilateral bat planifikatzea modurik egokienean, eta martxan jartzea herri klaseen zerbitzuko politika ekonomiko bat, eztabaida publikoetan adostu eta gero. Alde horretatik, Junts Pel Sik esnatu beharra dauka: hiru adar horiek kontuan harturik, eta zerumugara begira, asko daukagu jokoan, eta irabazteko bidean gara. Epelkeriak eta aiko-maiko etengabeek, ordea, porrota ekarriko dute, eta, bai, Convergenciaren barruan ezkutaturiko batzuek horixe nahi dute, porrota, nahiago baitituzte ordena eta legea.

Eta CUPi egokituko zaio hobeto betetzea gobernuan edo oposizioan dagoen udalerrietan hainbeste estimatzen dioten eginkizuna: kaleko lana, erakundeena eta kolektiboena batzea, agenda markatzeko gaitasuna edukita, eta eskema zaharrak gainditzeko moduko errealitate berriak eraikitzeko ikuspegi batez, errealitate berri horiek bultzatuz baina ia higatu gabe. Eztabaidari heltzea dagokigu, adostasunak definitzea eta, batez ere, indar metaketaz eta irekitasunez izerditzea, eta han eta hemen zabaltzea iraultza ez dela amets bat, baizik eta gure belaunaldiak eskura duen aukera bat. Eutsi eta irabazi. Hori eta askoz gehiago egiteko gai gara. Erakutsia dugu, zeren, esatea maite dugun bezala, «poliki goaz urruti goazelako». Konturatu gabe, ahaztua genuen Lasa eta Zabala lurperatu zituen Estatua genuela aurrean, monarkia ustel bat eta Estatuko herrien kontrako uniformetasuna bultzatu zituena. Kateak behetik haustea, jendearekin batera eta subiranotasunak berreskuratuz: horra hor, dudarik gabe, uda-udazken hauetarako planik onena. Bagoaz. Orain bai.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.