Ekainaren 15ean, igandean emititu zuen EITBko bigarren kateak Cuadrilla busca cita saioa lehen aldiz. Harriduraz, amorruz eta haserrez jaso ditugu bertan ikusi eta entzundakoak.
Cuadrilla busca cita telebista saioa lehen segundotik azkenera arte eduki sexistetan oinarrituta dago, zeinetan maskulinitate eta feminitate eredu hegemonikoen sustapena dagoen oinarrian. Mutilak dira: aktiboak, subjektuak, eta neskak, aldiz, objektuak. Saioaren tesirik nabarmenena hauxe da: «Ez gara pertsona osoak; laranja erdiak gara, eta beste erdiaren beharra daukagu», hortaz, emakume bat gizon batek osagarritu beharko balu bezala. Gizon guztiak heterosexualak, emakume guztiak heterosexualak, beraien genetikan idatzia egongo balitz bezala. Mutilek casting antzeko bat egiten diete neskei. Neskak banaka jaisten dira, pasarela bilakatzen den korridore bat zeharkatuz; bost mutilek galderaz josten dituzte neskak, eta beraien helburua kuadrillako lagunari neska bat aurkitzea da. Ahalko balute bezala; hau da, kuadrillakoek neska-laguna aurkitzen diote taldeko azken mutil zaharrari, adin batetik aurrera bizitzako helburu nagusia bikote bat osatzea delako, eta ezkontzea, noski. Egiten diren galderak filtrorik gabeko astakeriak dira, bikotekidea casting batean aurkitzerik balego bezala. Kasu honetan, kuadrillako mutilek aurrean dituzten neskak epaitzen dituzte, gustokuak salbatuz eta besteak saiotik kanporatuz.
Urte askotako lana izan da Mugimendu Feministarentzat estereotipoei aurre egitea, jendarteari erakustea harreman mota asko daudela, emakumezkoak ez direla objektuak, eta gizonezkoak ez direla subjektu aktibo izan daitezkeen gorputz bakarrak. Lan hori guztia EITBk zakarrontzira bota nahi du, bikoteen eredu komertzial eta hutsal bat zabalduz, heteroarau hegemonikoena eta hertsiena sendotuz. Berdin du hurrengo kapituluetan nesken kuadrilla batek mutikoei galderak egiten badizkie, balioak berberak izango direlako. Dirudienez, Emakunde lehendik kezkatua zebilen eta EITBri eskatu zion programa mesedez ez botatzeko, berdintasun irizpideen kontra egiten baitzuen, baina EITBko buruek aurrera egin zuten, Eusko Jaurlaritzak berdintasun politikak bermatzeko duen erakunderik garrantzitsuenaren hitzei jaramonik egin gabe. Zertarako sortzen ditu Eusko Legebiltzarrak Berdintasun Legeak (4/2005) eta berdintasunerako erakundeak? Jaramonik ez egiteko? Ez betetzeko? Komunikabide publikoek funtzio berezia izan beharko lukete berdintasun politikak eta balioak zabaltzeko garaian; ez da soilik saio bat, Cuadrilla busca cita gaixotasun sakon baten sintoma da; EITBk ez ditu berdintasun politikak sustatzen, ez barrura eta ez kanpora begira.
EITBk Genero Unitate bat izan beharko luke, identifikatua; alegia, eragileek jakin beharko genuke zeintzuk diren berdintasun politikak bermatzen dituzten langileak euskal telebista publikoan. Ezagutu beharko genituzke beraien planifikazioak; gainera, eragile bezala planifikazio horien parte izan beharko genuke. Tamalez, ez dugu haien berririk.
Dirudienez, EITBrentzat gehiago saltzen du Espainiako kate pribatuetan botatzen dituzten programa kutreenak kopiatzeak, parekidetasun ereduak sustatzen dituzten saioak egiteak baino. Berdin zaie saio horiek matxismorik zikinena sustatzen badute ere, berdin zaie emakumeak objektu bezala agertzen badira, berdin zaie beste eragileok urteetan egin dugun lan guztia.
Ezin ulerturik gabiltza nolatan EITB kate publikoak honelako saio bat sortu eta emiti dezakeen. Higuingarria iruditzen zaigu kate publiko batean, diru publikoarekin eduki guztiz sexistetan oinarritutako saio hau sortzeko erabakia hartzea. Zein da helburua? Jendarte patriarkal honetan egun bizirik dirauten bereizkeria egoerak indartzea? Gazteen artean egun erruz izaten diren indarkeria sexista egoerak indartzea, non sexu harreman afektiboak jabetzan oinarritzen diren? Lotsagarria iruditzen zaigu telebista publiko batek horrelako harreman ereduen aldeko apustua egitea.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak Cuadrilla busca cita programa bertan behera uztea exijitzen du. Hala ere, gure iritziz, saioa kentzea ez da nahikoa, arazoa sakonagoa da; EITBk berdintasuna sustatzeko ardura duela gogoratu nahi dugu; beraz, norabidea aldatu egin behar du, matxismoa sustatzen duten saioak baztertuz.
'Cuadrilla busca cita' EITBren saio berriaren inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu