Cristina Uriarte: elite ekonomikoen ala pertsonen beharrak?

2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Hezkuntza sailburuak familiak bahitzea leporatu die ELA, LAB eta Eilas sindikatuei. Adierazpenok prentsan irakurri ditut urtarrilaren 12an. Aipatu sindikatuek, martxoa eta ekaina bitarte hainbat greba egunetara deitu dute EAEko irakaskuntza publiko ez-unibertsitarioan.

Bi ardatz edo ezaugarri nagusi izan ditu EAEko hezkuntza politikak azken urteetan. Batetik, 2009an hasi eta gaur egun mantentzen diren murrizketak (soldaten izozteak, gelako ikasle kopuruen handitzea, ordu lektiboen igoera, ordezkapenak berandutzea...). Bestetik, LOMCEren alaba den Heziberri dekretua, 2015-16tik zailtasunez ezartzen ari dena, besteak beste, hezkuntza eragile gehienak kontra daudelako.

Murrizketaren ardatzek bat egiten dute Europako eskuin mutur, eskuin, zentro eta ezkertiartzat jotzen diren hainbat alderdi zein gobernuren agenda neoliberalarekin. Ideologiak ideologia, batzuk eta besteek bat egiten dute ekintzetan: hezkuntzan gero eta gutxiago gastatu, gero eta gutxiago inbertitzen dute. Zergatik?

Hezkuntzan gastatzeari jarrera okerra irizten diotelako. Orain, nonbait, hezkuntzak zerikusi lausoagoa du herrialde baten garapenarekin zein giza eskubideen babesarekin. Boteredunek planteamendua irauli egin dute, Lehenengo Mundu Gerraren ostean hasi eta bigarrenaren ondoren nagusitu zen joera aldatuz.

Gaur egun Europa menperatzen duten aberatsek (bankariak, multinazionalak, enpresariak) zein hauen menpeko burokratek (Europako Komisioa, Kontseilua, Parlamentua) tesi hau defendatzen dute: eraginkortasunez inbertitu behar dela dirua hezkuntzan. Eta boteredunentzat kale garbitzaile baten hezkuntzan inbertitzea ez da eraginkorra: zertarako dirua gastatu erratza astintzen lan egingo duen pertsona batengan? Zertarako dirua gastatu bizimodua kan?ak zerbitzatzen aterako duen kamareroaren hezkuntzan? Zertarako dirua gastatu soldata agureei ipurdia garbitzen aterako duen langilearen hezkuntzan?

Beraz, pertsona baten hezkuntzan inbertituko da baldin eta kontsideratzen bada pertsona horrek (beteko duen lanpostuaren bidez) jendarteari itzuli egingo diola berak jaso duen dirua. Sinplifikatuz, merezi du dirua gastatzea ingeniariak, medikuak, abokatuak, ekonomialariak hezten; eta ez kale garbitzaileak, zerbitzariak edota kamioilariak.

Boteredunen eraginkortasunaren logikari jarraitzen badiogu, sekulako garrantzia du ongi aukeratzeak zein ikaslek jasoko duen heziketa, zein ikaslerekin gastatu dirua. Horretarako, emaitza hoberenak aterako dituzten ikasleak detektatu, lokalizatu eta identifikatu behar dira. Era berean atzeman behar dira ikasle txarrak, haiekin alferrikako gasturik ez egiteko.

Munduko herrialde askotan PISA azterketak ezartzen duen hezkuntza filosofiaren bidez egiten dute bereizketa; Espainian, LOMCErekin eta EAEn, Heziberrik ezarri nahi dituen azterketekin.

Azterketa horiek (lehen hezkuntzako hirugarren zein seigarren mailakoak ) filtro moduan erabiliko dira: emaitza hoberenak dituztenek aurrera egingo dute ikas prozesuan, eta tontoenak albo batera utziko dituzte. Emaitza onenak dituzten ikasleek, filtroak gainditu ahala (errebalida, selektibitatea... ), unibertsitaterainoko ibilbidea egin ahal izango dute; elitea izango dira. Besteak, zaborra.

Eta hementxe dago gakoa: zein ikaslek lortuko ditu emaitza hoberenak? Ez pentsa langileenak edo azkarrenak lortuko dituenik, ingurune sozioekonomiko hoberena duenak baizik. Hots, aberatsen seme-alabek pobreenek baino emaitza hobeak aterako dituzte, jadanik hala dela demostratua dagoelako: «Beste hitz batzuekin, nahiz eta haur guztiek oinarrizko hezkuntza jaso, oso litekeena da maila sozial apalekoek emaitza okerragoak izatea maila altukoek baino. Hauxe islatuko zen errepikapen tasa edo eskola porrot tasa altuagoekin, kalifikazio txarragoekin eta abar.» (Morduchowicz, 2003).

Laburbilduz: Europan azken urteetan bultzatzen diren hezkuntza politikek diru gutxiago xahutu nahi dute pertsonak hezten. Gastatu nahi dutena emaitza hoberenak lortzen dituztenekin inbertitu nahi dute. Ondorioa: aberatsen eta pobreen arteko diferentziak handitzen ari diren ingurugiro sozioekonomiko batean, hezkuntza sistemak erabili nahi dituzte aberatsek gehiago irabaz dezaten, pobreek pobreen lanak egiten jarraitzeko.

Ez da soldata kontua soilik, ez dira geletan ditugun ikasle kopuruak soilik, ez da heziketa bereziko langileen edota sukaldarien prekarizazioa soilik. Jokoan dagoena: hezkuntza, elite ekonomikoen ala pertsonen zerbitzura? Etekin ekonomikoa ateratzeko ala pertsonen eskubideak babesteko?

Uriarte anderea, zuk ez dituzu familiak bahitzen, ez. Zuk bazterkeriara eta pobreziara kondenatzen dituzu. Zure murrizketek eta politikek aberatsen eta pobreen arteko arrakala handitzen dute.

Beraz, sindikatuek konbokatu dituzten greba egunak, eskubidea ez ezik, hezkuntza jendartearen kohesiorako tresna dela kontsideratzen dugunontzat, betebeharra ere ez ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.