COVID pasaportea, diskriminazio mingarria

2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Koronabirusaren (SARS-CoV-2) zabaltzeari aurre egiteko, neurri desberdinak hartzen ari dira euskal administrazioak. Ikusita datu jasoak eta artaturiko gaixo kopurua ospitaleetan, begi-bistan dago oso eraginkortasun gutxi izan dutela omikron aldaeraren aurrean. Aldiz, eztabaida garratza, bereizketa (segregazioa) eta haserrea eragin dute gizartearen zati batean.

Nahasmena eragin du txertaketa osoa jaso duenari immunizatua dagoela sinetsarazteak, eta horrek erraztu egin du birusaren zabaltzea. Gizartea bi taldetan banatu da, nahita, txertatuak eta ez-txertatuak, lehenak infektatuak izatetik libro (omen) zeudenak, eta bigarrenak, bestalde, gaixotuko ziren eta birusa transmitituko zuten insolidario gisa seinalatuak izan direnak.

Baina Jaurlaritzak bestelakoa esaten zuen bere arauetan: «Oraindik badago arriskua SARS-CoV-2rekin kutsatzeko edo hura transmititzeko, maila apalagoan bada ere, nahiz eta txertoaren pauta osoa jarrita izan. Hori dela eta, funtsezkoa da, txertoa jarrita izan arren, aipatutako prebentzio-jarraibideak betetzea, nork bere burua, gertukoak eta gainerako herritarrak babesteko» (Agindua, 2021eko azaroaren 16koa, Osasuneko sailburuarena).

Izan ere, Espainiako Osasun Ministerioak argitaratu dituen datuen arabera, 2021-11-01/2021-12-26 epealdirako, COVID-19 kasuak 674.475 izan dira txertoaren hiru dosiak zeukatenen artean, eta 179.846 ez-txertatuen taldean. Lehenengo taldekoak 11.641 eraman dituzte ospitalera, 1.040 zainketa berezietara (ZIU) eta 1.027 hil egin dira; bigarren multzoan, hurrenez hurren, 5.424, 870 eta 471 hildako. (Centro de Coordinación de Alertas y Emergencias Sanitarias. Actualización nº 537. Enfermedad por el coronavirus (COVID-19). 07.01.2022).

Aurrekoa nahiz eta jakina izan, euskal administrazioek temati aurrera egin dute COVID ziurtagiri digitalarekin, egun horietan milaka lagun batzen zituen kontzertuak eta bestelako ekitaldiak gaizki aireztatutako eraikin barruetan egiten ziren bitartean —ikus Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketa—. Hau ez zetorren bat aurreko Aginduan bertan gomendatzen zenarekin («Ahal denean, jarduerak kanpoan antolatzeko ahalegina egingo da. Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak. COVID-19a harrapatzeko edo transmititzeko arriskua handiagoa da leku itxietan eta jende asko dagoenean»).

COVID ziurtagiri digitala aurkezteko orduan, pasaporte hura funtsezko ez diren jardueretan eskatuko dela justifikatzen da («lokal horietara sartzea borondatezkoa da eta bertan ez da funtsezko jarduerarik egiten», Espainiako Auzitegi Gorena aipatuz). Antza ez dira funtsezkoak kultura, kirola, giza harremanak edota ospitale eta zentro soziosanitarioetara sartzea. Haurren eta nerabeen kasuan, aurrekoak, gainera, ezinbestekoak dira bere garapen osorako.

Orduan, txertoa jaso dutenek nahiz hartu ez dutenek SARS-CoV-2 birusarekin infektatu eta berau transmititzeko gaitasun potentziala badugu, zerk justifikatzen du COVID ziurtagiri digitala? Alderantziz, pasaportea aldean dutenak, baina koronabirusa bere gorputzean daramatenak, birusa barra-barra zabaltzen ari dira. Eta olatua tsunami bihurtu da.

Ez dira garai gozoak. Pertsona helduen kasuan gertaera tamalgarriak izan dira (kuadrillan, garraio publikoan, ospitaleetan...). Baina zer gertatzen da 12 urtetik gorako nerabe eta gazteekin ikastetxearen kultura-jardueretatik edota kanpo-eskolako kirol taldeko dinamikatik at geratu direnean? Aniztasuna, inklusibitatea, solidaritate balioen aurrean, gero baztertuak izatearen bizipen gogorrak jasaten ari dira. Gizarte arrakala eragin da.

Antigeno eta PCR proben irtenbidea aipatuko da orduan COVID ziurtagiri digitala eskuratzeko. Eta ziurtagiria eskuratzeko hirugarren bide honetan, administrazioak argi dio: «Baimendutako laborategi pribatuetan egindako proba negatiboek bakarrik izango dute balioa». Ospitalean bisitak egin ahal izateko edota kiroldegian aritzeko, PCR proba egin behar da astero (birritan?) behin-behineko ziurtagiria eskuratzeko. Zein familiak du gaitasun ekonomikoa horri aurre egiteko? Honetan, beste bazterketa sozial handia gertatu da.

Horretara, txertaketa pasaportea (Iparralde) edo COVID ziurtagiri digitala indarrean dagoen bitartean (Nafarroa) ikastetxeek bere programazioa berregin behar izango dute ikasleen (eta irakasleen) diskriminazioa gerta ez dadin. Hau gogorra izango ez balitz, txertoa hartu ez duten ikasleak, osasuntsu egon arren, etxean geratu behar izan dira gelan positiboren bat agertzen zen bakoitzean. Ba al dago hau gaztetxoari azaltzerik?

Laburbilduz, oker parekatu da COVID pasaportea edukitzea eta osasuntsu egotearen bermea. Bestalde, ia ez da aipatu osasunerako mesedegarriak diren giza harremanak, elikadura osasungarria, jarduketa fisikoa eta naturan eta aire zabalean ibiltzea. Orduan, gizarte eragileen parte hartzea bermatuz, baleko neurriak hausnartu behar dira, zientzian, esperientzian eta osasunean oinarri dutenak. Amaitzeko, premiaz, pertsonen bereizketa, diskriminazioa eta samina eragiten ari diren funts gabeko neurriak bertan behera utzi behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.