Unai Pascual.

COVID-19ko kurbaren talaiatik CO2aren kurbari begira

2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Orain dela hilabete pare bat konfinamenduan ginen Euskal Herrian eta baita Europako eta munduko hainbat txokotan ere. Egoera hori Global Pause edo Etenaldi Globala izenez ezagutzen dugu jadanik. Ingurumenari egiten dizkiogun hozkadak, momentu horietan, asko murriztu ziren. Natura gure begien aurrean agertu zitzaigun. Ez zen berragertu, natura bere lekuetara bueltatu zen soilik. Airearen kutsadurak nabarmen egin zuen behera hiri eta herrietan. Nolabait esateko, naturari bere lekua hartzeko aukera eman genion, behartuta bada ere. Mundu mailan sektore anitzetako aktibitatea nabarmen jaitsi zen: hegazkinen hegaldiak %75 jaitsi ziren; lurreko garraioa, %50; industriak %25 jaitsi zuen bere aktibitatea; elektrizitatearen ekoizpenak, %15. Horrek guztiak, noski, mundu mailan CO2 emisioen jaitsiera ekarri zuen. Konfinamenduaren gorenean, apirilean hain zuzen ere, 2019ko apirilarekin alderatuta %17ko jaitsiera ekarri zuen batez beste. Herrialde batzuetan jaitsiera oraindik handiagoa izanik; adibidez, Txinan CO2-aren emisioak %25 jaitsi ziren martxo aldera, beraien konfinamendua hasi eta sei astera.

Egoera berdingabea izan zen. Ez zen halakorik gertatu Bigarren Mundu Gerratik gaur arte. Beraz, zientzialariak, ekologistak, eta gizartearen zati handi batek gauza bat argi ikusi zuen. Posible da natura berreskuratu eta kutsadura etetea hein handi batean. Ideia honen potentzialtasuna ikaragarria da, ziurrenik aukera huts batetik harago, lortu egin zelako, eta mundu berri bat amestetik, asko eta asko hori lortzeko neurriak zehazte aldera abiatu ginelako (ikusi besterik ez dago Euskal Herria postcovid19 manifestuaren arrakasta, adibidez, zeinek EHko milaka norbanako, 750etik ikerlaritik gora eta 190 erakunde eta eragilek sinatu zutelarik). Bien bitartean, planetaren gainean lainotzar beltz bat agertzeko arriskua ere bazegoela nabarmendu genuen, aurretik izandako krisialdiei aurre egiteko errezeta zaharkituak erabiltzearena, hain zuzen ere. Gogora dezagun, Lehman Brothers-ek metxa piztu eta mundura zabaldu zen krisi finantzarioak bortizki jo gintuela 2008aren bueltan eta orain gutxira arte krisialdi sakon horren ondorioak pairatu ditugula mundu mailan. Bada, krisialdi horrek mundu mailan CO2 isurketen jaitsiera ekarri zuen, txikia, baina esanguratsua, inoiz aurretik gertatu ez zena, %1,3koa. Baina bi urteren buruan 2010erako emisioek %5,5eko gorakada izugarria izan zuten. Hau da, errebote efektua izan zen, emisioak goranzko joera baino askozaz gehiago igo baitziren krisialditik atera nahi horretan diseinatutako susperraldi ekonomikoaren eraginez.

2020rako CO2 emisioen aurreikuspena egitea zaila da, ez baitakigu mundu mailan, txertoari itxoiten diogun bitartean, zein agertokitan izango garen. Orain arteko aurreikuspenei erreparatuta, mundu mailan BPGaren jaitsiera %5ekoa izan daitekeela dio Nazioarteko Diru Funtsak. Honek berekin emisioen beherakada ekarriko duelarik. Ikerketa batzuen arabera, 2019arekin alderatuta, aurtengo CO2 isurketen jaitsiera %4-%7 bitartekoa izan daitekeela aurreikusten da; hau da, 2008ko krisian izandako jaitsiera halako bost. Baina, Txina aurrez aurre ikusten badugu, martxoan CO2 emisioen %25eko jaitsiera izan zuen,eta maiatzean %5eko igoera izan zuen. Txinako errebote efektua mundu mailara hedatuko den oraindik ez dakigu, baina oraintxe bertan hori dugu galdera nagusia. Susperraldia eragiteko politikek CO2 isurketak zenbateraino areagotuko dituzte hurrengo hilabete eta urteetan?

Gogora ekarri dezagun Parisko klimaren akordioa, zeina 2015ean munduko 194 estatuk izenpetu zuten, eta aurten martxan jarriko da, 2005ean sinatutako Kyotoko Protokoloaren iraungitze data pasatu eta gero. Parisen lortutako akordioaren helburu nagusia mendearen amaierarako Lurraren beroketa 1,5 gradutik behera mantentzea da. Hori lortzeko aukera izateko, hurrengo hamarkadan,2020-2030 bitartean, urtero emisioen %7 baino gehiagoko jaitsiera erdietsi beharko dugu mundu mailan. Hamarkada hau guztiz garrantzitsua eta erabakigarria da, beraz.

2020an gehien jota mundu mailan emisioen %7ko jaitsiera lortzeko aukeraren bat badago, baina hori COVID-19aren ondorioz, hau da, programatu gabeko ondorioa izan da. Orain egin behar duguna jaitsiera hau mantentzea da. Errebote efekturik ez egotea beharrezkoa dugu. Emisioen jaitsiera izugarri hau mantendu behar dugu hurrengo hamar urteetan. Honek, bai ala bai, orain arteko eredu ekonomikoa errotik aldatzea eskatzen du. Ikusteke dago ea agintariek zientziari kasu egingo dioten, CO2aren kurbaren gorena ukituta, beherakada izateko. COVID-19aren kudeaketa eta horri lotutako birusaren hainbat berragertze kasu ekonomiaren susperraldiari ekiteko isla da, hein handi batean.

Beraz, CO2 isurien goraka berri batberragertzerik nahi ez badugu, ekonomiaren susperraldia eta susperraldi horren mantentzea CO2aren kurbaren tontorretik behera egin beharko dugu bai Euskal Herrian, bai Europan eta baita mundu mailan ere.

Euskal Herrian zientziatik sortutako eta gizartera azkar zabaldu den #EHpostcovid19 egitasmoa martxan jarri da dagoeneko eta egitasmo horretan gizarteko eragileekin batera auzolana egiteko premia nabarmendu dugu. Abuztuko berotzarra pasatu eta gero, Arabako Errioxan mahatsak eta kostaldean txakolina egiteko sagar uzta jasotzeko garaia iritsita, ekonomia ekologikoaren mugimenduari bultzada emango diogu Euskal Herrian. Ordura arte bada!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.