Ez da beharrezkoa sorgina izatea 2020a COVID-19ak mundua hankaz gora jarri zuen urte gisa gogoratuko dugula jakiteko, ondorio latz ugari ekarri baitizkigu zoritxarreko birusak. Lehenik eta behin, noski, hainbat pertsonaren heriotza. Lerro hauetatik, nire doluminik bizienak haien senide eta lagunei.
Bestalde, milaka gaixo, murrizketen biktima izan ohi den osasun sistema publikoko langileen laguntzari esker, gaixotasuna gainditzeko aukera izan dutenak.
Ezin ahaztu ere birusaren albo-kalteak pairatu dituztenak. Besteak beste, haur eta gaztetxoak. Izan ere, ikastetxeak itxi eta etxean gelditu behar izan dute. Egoera horrek hainbat ondorio kaltegarri ekarri ditu, baliabide ekonomiko urriak dituzten familietan nabarmenagoak izan direnak. Gaiaren inguruan UNESCOk egindako txostenaren arabera, honako hauek dira nagusietako batzuk:
Elikadura arazoak: adingabe askok bazkaldu egiten dute ikastetxeetako jangeletan, eta aukera hori galtzeak eragina izan du haien elikaduran, bereziki ikastetxean jasotzen dutena eguneko otordu bakarra denean.
Gurasoek seme-alabei laguntzeko prestakuntzarik edo/eta denborarik eza: ikastetxeak itxita, pertsona helduen (gehienetan, gurasoak) esku utzi da irakaskuntza prozesua. Arazoa da zenbaitetan pertsona horiek ez dutela prozesu hori gidatzeko beharrezkoa den prestakuntzarik edo/eta denborarik.
Seme-alabak zaintzeko zailtasunak: etxetik kanpo lan egiten duten gurasoek zailtasunak izan dituzte seme-alabak zaintzeko eta askok bakarrik utzi behar izan dituzte etxean, horrek arrisku handia ekarri arren.
Ikaskuntza prozesua etetea: adingabekoentzat, eskubidea ez ezik, oinarrizko premia ere bada eskolatzea. Izan ere, ikaskuntza eta, oro har, garapena behar bezala gerta dadin beharrezkoak diren hainbat jarduera egiten dira bertan, eta eskolatzea eteteak adingabekoak behar bezala gertatzea oztopa dezake.
Arazo hori ekiditeko, urruneko irakaskuntzari ekin diote herrialde askotan eta guraso, irakasle eta bestelako hezkuntza-langileen ahalegin itzelari esker, beren ikaskuntza prozesua urrunetik jarraitzeko aukera izan dute ikasle askok.
Urruneko irakaskuntzak gerora izango duen eragina aurresatea zaila den arren, krisialdi guztiek bezala, COVID-19ak sortutakoak zenbait irakaspen ekarri dizkigu, etorkizunari begira erabilgarri izan daitezkeenak.
Hasteko, aste gutxi batzuetan, erabat aldatu da munduko haur eta gaztetxoek jasotzen zuten hezkuntza formala. Izan ere, hezkuntza erakundeak erabat murgildu dira ikastetxeak ixteari erantzuteko irtenbideen bila. Hala, Internet, telefono, telebista, irratsaio eta antzeko baliabideetan oinarritutako irtenbide sortzaile eta berriztatzaileak sortu dira, ikaskuntza prozesua mantentzen lagundu dutenak. Irtenbide horiek agerian utzi dute hezitzaile askoren berrikuntza gaitasuna, eta gaitasun hori oso erabilgarria izan daiteke hezkuntza sistemak hain beharrezko duen aldaketa prozesuari heltzeko.
Ikaskuntza prozesua ez eteteko irtenbide egokia izan daitekeen arren, urruneko irakaskuntzak baditu alde txarrak. Batetik, ez die elikadura arazoei erantzuten, eta, oinarrizko premia izanik, ezinbestekoa da gobernuek horientzako irtenbidea bilatzea, ez bakarrik pandemiek eragindako konfinamenduetan, eskolak ixten diren egoera orotan baizikAukera asko egon daitezke horretarako. Esaterako, jangelan banatzen den janariaz arduratzen direnek janaria egin, eta babes zibileko langileek, udaltzainek edo boluntarioek hura behar duten ikasleen artean banatzea.
Bestetik, hezkuntza-arrakala areagotu dezake. Izan ere, urruneko irakaskuntza jasotzeko beharrezko diren baliabiderik (esaterako, Internet) ez duten ikasleek ezin izan dute ikaskuntza prozesuarekin jarraitu eta ikasleen artean ikaskuntza mailako aldeak sortu edo areagotu egin ditu horrek. Hala, ikasle guztiek urruneko irakaskuntza jasotzeko beharrezkoak diren baliabideak izan ditzaten bermatu beharko litzateke, horretan behar den inbertsioa eginez. Inbertsio diot, diru horrek hezkuntza sistema sendotu eta ikasleek prestakuntza hobea jasotzea ekarriko duelako.
Aipatu bezala, munduko zenbait herrialdetan telebistaz eta irratiaz baliatu dira urruneko irakaskuntza eskaintzeko, komunikabideek hezkuntzari egin diezaioketen ekarpena azaleratuz. Hala, orain da garaia komunikabideen arduradunak hezkuntzan duten eraginaz jabetu eta adingabekoei eskaintzen dieten programazioa birplanteatzeko.
Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana estutzea ere ekarri du ikastetxeak ixteak, bai eta gurasoak seme-alaben ikaskuntza prozesuan gehiago inplikatzea ere, eta hori sendotu beharreko aurrerapausoa da. Hala ere, badirudi konfinamendua hasi zenetik asko igo dela parental burn-out edo guraso-nekea eta anitz direla gaizki pasatzen ari diren gurasoak. Arazo horri heldu beharko zaio, noski, gurasoei laguntza zerbitzuak eta bestelako baliabideak eskainiz. Ezin ahaztu ere gurasoengandik tratu txarrak jasotzen dituzten adingabekoak, oraingoan babesik gabe gelditu direnak.
Askotan, sendotu egin dira ere irakasleen eta gurasoen arteko harremanak. Adingabekoen garapenean horrek duen eragina onuragarria izanik, txanpa hartu eta sendotu beharreko alorra litzateke.
Hezkuntza sozioemozionala lantzeko unea ere izan daiteke, emozioak kudeatzen jakitea, enpatia, elkartasuna, erantzukizuna eta antzekoak ezinbestekoak baitira egun pairatzen ari garen krisiari eta etor daitezkeenei aurre egiteko. Ez dugu ahaztu behar hizkuntzak, fisika eta antzeko ikasgaiak jorratzeko gunea izateaz gainera, hiritar jator, zintzo eta solidarioa izaten ikastekoa ere badela eskola.
Asko da, beraz, COVID-19ak ekarri digun krisiak irakatsi diguna. Ikasitakoa,hezkuntza sistema ez ezik, mundua ere hobetzeko erabiltzea besterik ez zaigu falta.
COVID-19a hezkuntzan: ondorioak eta aukerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu