COVID-19a eta indarkeria matxistaren prebentzioa

Araitz Amatria Jimenez eta Maddi Isasi Azkarraga
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Emagin elkartetik urteak daramatzagu indarkeria matxistaren prebentziorako lana egiten Euskal Herriko mila txokotan. Batzuei agian ezaguna egingo zaie jai-giroetan izaten diren erasoen aurrean sentsibilizatzeko, informatzeko edota arreta berezia eskaintzeko Emaginen Indarkeria Sexistarik gabeko guneak ikusi izana, edo litekeena da askotan Mugimendu Feministarekin ere telefono bidezko gau eta egunez aktibatzen diren protokoloen berri eduki izana...

Urteetako esperientziatik, kezkaz bizi dugu gaurko egoera. COVID-19aren pandemiarekin batera, izan ere, indarkeria matxistaren aurkako programa eta baliabide asko bertan behera geratzen ari dira. Gaur da eguna, pandemia hasi zenetik hilabete luzeak pasatu direnean, baliabideak birpentsatu eta gauden egoerara egokitu beharrean, zuzenean programak bertan behera geratzen direna.

Arduraz bizi dugu egoera hori: ez bakarrik herri eta auzoetako jai ofizialak antolatzen ez baldin badira ere erasoak egoten jarraitzen duelako, baizik etapandemia hasi zenetik konfinamendu ostean harreman, jokabide eta eraso batzuk normalizatzen ari direla uste dugulako. Hau al da emakumeontzat normalitate berria? Balio askatzaileetatik oso urrun kokatzen diren giroak bizi ditugu bereziki aisialdi eremuan: jarrera oso oldarkorrak, espazioaren erabilera maskulino eta bortitzak...

Bitartean, erasoen prebentzioa eta erasoei aurre egiteko programak oso leku gutxitan garatzen ari dira. Ez da zerbitzu hori eskaintzen, eta, beraz, ondorio zuzena da gertatzen diren erasoak ezkutuan geratzen direla edo gertatzen diren erasoei aurre egiteko tresnarik gabe aurkitzen direla emakumeak*. Zintzoki uste dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela biolentzia heteropatriarkalari aurre egitea, argitara ekartzea eta tresnak eskaintzea.

Finean, garrantzitsua dela uste dugu berandu baino lehen eremu honetan atzera urratsik ez emateko erabakiak hartzea eta baliabideak jartzea. Azpimarratu nahi dugu instituzio publikoek daukaten ardura, uste baitugu ardura honi ihes egiten ari zaiola, jaiak ofizialak ez direlako aitzakiarekin.

Emaginek argi dauka: gure jarduera guztiarekin aurrera jarraituko dugu, egiten duguna inoiz baino premiazkoagoa dela uste dugulako. Indarkeria matxistak lehen mailako arazo sozial eta politikoa izan behar duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.