Nola aldatzen diren gauzak... kamarada.
Halaxe da. Zein akordatzen da une honetan brexit-a tsunami bat zela esaten genuen garaiaz? Badirudi urteak pasatu direla iragan martxotik. Munduko txoko guztietara barreiatu den COVID-19 fenomeno globalak, gure bizitzak ertz muturreko hauskortasunera bultzatuz, bere gordintasunean gatibu izatera kondenatu ditu; egunak motelduz, 24 orduak gure testigu bakar bihurtuz.
Hala ere, OCDE-ren azken txostenaren arabera, oso bestelakoak izaten ari dira hiri eta lurraldeak erabiltzen ari diren estrategia eta baita ondorioz jasotzen ari diren emaitzak ere. COVID-19 krisiaren ekonomia beherakada BPGaren %6-7,6 tartean egongo dela diote aurreikuspen baikorrenek. Erresuma Batuarentzat, aldiz (italiar, frantziar, eta espainiar estatuen pare), %11-14 tartean finkatu dira aurreikuspenak.
Oro har, post-COVID-19 gizarteen ustezko susperraldia uztartuta agertuko diren lau faktoreren menpe egongo dela argudia genezake: (i) tokiz tokiko lurraldetasun/demografiaren ezaugarriak; (ii) COVID-19aren hedatze-portaera; (iii) hiritarren erreakzio-tipologiak; eta (iv) gure gizarteak zundatzen diharduten adimen artifizialaren zuntza eta promesak.
Halaber, brexit-a ezin dugu jada COVID-19tik banatu. Zehazkiago esanda, bi fenomeno uztartu hauek beste iraultza sakonago baten atezua besterik ez direla esatea ez litzateke ahuntzaren gauerdiko eztula izanen: aldaketa klimatikoaren krisira itsu-itsuan eta ezinbestean garamatzan adimen artifizialaren iraultza ikusezinaz ari naiz. Delako normalitate berri hori ez ote dira jada gure artean ditugun tresna teknopolitikoak? Gure baimenik gabe gure bizitzetan sartu direnak kasu askotan: telemedikuntza pertsonalizatua, robotika, norbanako eskubide (digital) eta osasun publikoaren arteko arrakalak, derrigorrezko distantziamendu fisikoak eragin duen gizarte kapitalaren pitzadura, ez-ukitzearen norma, kontrol soziala, psikografismoa eta informazioaren kontrola, eta infodemia, besteak beste. Kontu honetan ere, Erresuma Batua Europan aitzindari da eta gure ispilu bihur liteke, post-COVID-19tik atera beharko genituzkeen onurak baliatuz (adimen artifiziala hiritarrekin batera ekoiztu beharraz) eta albo kalteak ekidinez (koronabirusaren osasun ondorio zuzenez gain, arrakala sozioekonomiko eta algoritmiko estrukturalei alternatibak bilatuz).
2020ko urtarrilaren 31n, Erresuma Batua Europako Batasunetik de facto at dago, Boris Johnson eta Dominic Cummingsen abilezia taktikoa dela medio. Pandemiak 45.878 hildako utzi ditu bertan honezkero, AEBekin batera puntako herrialderik jipoituenak izanik. Itxialdiko neurriak berandu hartzeak Johnsonen irudi publikoa ataka garbian jarri du bereziki: britaniarren heren batek ere ez ditu sostengatzen krisi pandemikoan hartutako neurriak eta egindako kudeaketa petrala. Bestalde, oposizioko alderdi nagusia den alderdi laboristan aldaketa nabarmenak gertatu dira bitartean. Azken hauteskunde orokorretan Jeremy Corbynek jaso zuen porrotaren ostean, Sir Keir Starmer alderdi laboristetako buruzagi berria gailendu da. Starmer alderdia trinkotzen saiatzen ari da, brexit-aren inguruan txintik ere esan gabe (oso ohikoa alderdi laboristan, lubakitu ez dadin, zauriak berriro ireki ez daitezen). Starmer iraganean remainzale gisa agertu izan bada modu aktiboan, kalkulu politiko zehatzak egiten dabil, brexit-aren inguruan adierazpenak egin gabe baina Corbynek porrotak erakutsi zuena oso presente edukiz une oro: brexit-a da (COVID-19-arekin batera orain) britainiarren buruetan dagoen afera nagusia. Antza, Starmerrek bete-betean eman du Johnsonen irudia eta gobernua higatzeko ahaleginean; izan ere, lehenengoz, inkestek Starmer aukeratzen dute lehen ministro izateko britainiarrek egingo luketen lehen aukera gisa. Dena den, datozen hilabeteotan, Starmerrek ezingo du (britaniarren artean hain ohikoa den) brexit-aren akrobata ekidistantearen rola jokatu. Eta, beraz, litekeena da, SNP eta Lib-Dems-en alderdiekin batera, Bruselarekin irekita dagoen negoziaziorako luzapen bat eskatzea 2020ko abenduaren 31tik harago, behin betiko brexit-a berriro ere atzeratuz. Britaniarren erdiak baino gehiagok sostengatzen du aukera hau, azken inkesten arabera.
COVID-19ak eraman lezake Erresuma Batua brexit gogor batera, alegia, akordiorik gabeko (no-deal) brexit batera? Erresuma Batuko ekonomia, 2016ko brexit-aren erreferendumaz geroztik, uste zen baino %3 gutxiago hazi da; alegia, 77.000 miloi euro gutxiago. Johnsonen egolatriatik harago ez dago inor interesatua no-deal batean. Enpresarien hazkundea eta city-an jokoan dauden interes ekonomiko-finantzarioak dira hain zuzen ere lobby indartsuenak akordio ordenatu bat erdietsi dadin.
Joko politiko-taktikoaz gaindi, Erresuma Batuaren soziologia politikoak babes osoa eman zion brexit-ari, Johnsonen eta Cummingsen alde eginez azken hauteskunde orokorretan. Beraz, litekeena da Erresuma Batua, Islandia, Liechtenstein eta Norvegiaren gisako estatu txikien liga partikularrera apurka lerratzea. Alegia, Europako Ekonomia Erkidegoaren (EEE) jokalari gisa. Hartara, EEEko jokalariak EBko barne merkatuan aritu daitezke EBko partaide ez izan arren, EBko gobernu erabakietatik at egonda, noski. Erresuma Batua 1973an sartu zen EBn, eta EEE 1994an eratu zen. EEE izan liteke balizko exit-a Erresuma Batuarentzat. Kontua da brexit-a COVID-19aren filtrotik errentagarri egin behar dela politikoki aurrena. Nola aldatu daitezkeen gauzak, kamarada.
Tartean, aste honetan bertan areagotu egin diren COVID-19aren kasuak direla medio, Erresuma Batuaren eta espainiar estatuaren artean hiritarren zirkulazioa eten eta zaildu egin da. Normalitate berria honako hau (izango) da aurrerantzean ere, etenik izango ez duen behin-behinekotasuna: Maila transnazionalean hegazkin eta mugikortasun gutxiago (zorionez), tokiz-tokiko garraioetan (zoritxarrez) kotxe pribatu gehiago, eta (edonon, alegia, etxean) sareratuta egonik etengabean ziber-jonkien gisara. Azken batean, amaitu al da munduko hiritar global/kosmopolita/kosmopaletoen tenorea? Baita Euskal Herritik/an ere? Baina maila lokalean krisi global bati erantzunak aurkitzea komeni ez den garai honetan (Ulrick Beck dixit), nola nazioartekotu globalitate berri honetan subjektu protagonista inoiz bihurtu nahi badugu bederen mundu-mapan? Post-Brexit eta post-COVID, post asko dira, hiritar libre izan nahi duen(gun) ororentzat, xede hori betidanik eraman duen(gun) ororentzat. Haatik, gauza bat garbi dago, Erresuma Batutik edo Euskal Herritik begiratuta ere: honezkero hiritar pandemiko gara denok bai, kamarada. Guztien pare, ez gehiago eta ez gutxiago.
Nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada (hiritar pandemikoa).
COVID-19 + 'brexit'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu