COP21 Parisen: ezer ez da berdin

2015eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Abenduarekin batera, iritsi da Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Goibilera (COP21). Aurten Parisek hartu du lekukoa, baina oraingoan ere, aurreko urteetako gauza bera esan behar dugu. Batetik, dagoeneko berandu ari garela, klima aldaketa sufritzen ari baikara. Eta, bestetik, COP21ean parte hartzen ari diren gobernuek aurreratu duten informazioaren arabera, ez dute hartuko beharrezko neurririk. Planteatu duten bakarra borondatezko emisio murrizketak izan dira, eta, hori aurrera eramanda ere, 2100erako planetaren tenperatura hiru gradu igoko litzateke, gutxieneko egonkortasun klimatikoa izateko muga den bi graduko igoeratik urrun. Bestalde, herrialde txiroenei klima aldaketara egokitzeko funtsak ez du nahikoa diru jasoko, beraz, klima aldaketa gutxien eragiten dutenek gehien sufritzen jarraituko dute. Badirudi, ordea, karbono emisioen merkatuaren eta konpentsazioen inguruan ez dutela arazorik izango, mekanismo horiek ere berritu behar dituzte, eta gobernu gehienek argi dute beraien jarrera zuritzeko eta industria kutsatzaileari bere horretan jarrai dezan uzteko ezinbestekoak direla, beraz, beraien interesen arabera berritzeko ez da arazorik egongo.

Eta horren guztiaren aurrean zer esan? Kopenhageko porrotaren ondoren, eta Kiotoko protokoloa bete gabe eta berritu gabe iraungi ondoren, Parisko goi bilera da negoziazioen azken geltokia. Ez dago zehazturik hurrengo urteetarako agenda. Ez dago denbora gehiago 2020rako emisioen murrizketak egia bihur daitezen. Klima aldaketa guztion arazoa da, eta etorkizuneko gerra eta indarkeriaren iturri izan daitekeena gainera. Parisen neurri konkretuak eta lotesleak hartu behar dituzte gobernu guztiek:

—2020rako berotegi efektuko gasen murrizketak %25 eta %40 artean egon behar dute, 2100ean planetaren beroketa bi gradutara iritsi ez dadin. 2050rako emisioen %80a murriztu behar da.

—Energia fosilak dira emisioen iturri nagusia. Beharrezkoak diren emisio murrizketa egiteko petrolio, gas eta ikatz erreserben bi heren lur azpian geratu behar dira. Energia trantsiziorako pausoak ematea ezinbestekoa da, energia berriztagarrietan oinarrituta eta energia nuklearra behin betiko baztertuta.

—Klima aldaketa eragitean herrialde bakoitzak izan duen ardura bereizi eta aitortu behar da, eta honen arabera klima aldaketaren eraginei aurre egiteko baliabiderik ez duten herrialdeei finantzatzeko funtsera ekarpenak egin behar dituzte.

—Klima aldaketari aurre egiteko saltzen dizkiguten soluzio faltsuak albo batera utzi behar dira: karbono emisioen merkatuko mekanismoak, REDD programak, agroerregaiak, fracking-a, energia nuklearra, transgenikoak, geoingeniaritza... Eta naturako baliabideen pribatizazio ahaleginak behin betiko geldiarazi.

—Bizitzaren iraunkortasuna erdigunean izango duen ekonomia eredu berri bat izateko, trantsizio ekologiko eta sozialerako pausoak eman behar dira. Baliabideen erabilera eraginkor eta iraunkorra, kontsumo arduratsua eta hondakinen kudeaketa iraunkorrean oinarrituko den eredua da egoera honi buelta emateko alternatiba bakarra.

Jada esan daiteke puntu horiek ez direla akordio lotesle bihurtuko, Parisen. Negoziatzen ari diren dokumentuak ikusita ezinezkoa izango da.

Hori horrela izanik, Parisen mobilizazio sozial handiak egotea espero zen, ados ez gaudela eta alternatibak baditugula oihukatzeko. Baina azaroaren 13ko gertaerek egoera aldatu dute. Gobernuek klima aldaketari aurre egiteko hartu beharreko erabakiak bigarren mailan utzi dituzte. Komunikabideek ez dute ia ezer esaten hurrengo egunek gure etorkizunean izango duten garrantziaz. Bien bitartean, jendearen beldurraz baliatzen ari dira larrialdi egoera deitu, eta oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako agenda errepresiboa ezartzeko, bere garaian Naomi Kleinek Shockaren doktrina-ean ongi azaldu zuen bezala. Kalean mobilizatzea inoiz baino garrantzitsuagoa den honetan mobilizazio guztiak debekatu egin dituzte, azaroaren 29an eta abenduaren 12an Parisen egitekoak ziren manifestazio jendetsuak barne. Traba eta mehatxu horien gainetik, baina, mobilizazioak birplanteatzen ari dira antolatzaileak.

Orain, bereziki garrantzitsua da tokian tokiko mobilizazioetan parte hartzea, mundu osoan egindako mobilizazioek presio egin beharko baitiete Parisen bilduta dauden agintariei. Euskal Herrian ere mobilizazioak egin beharko dira. Sistema aldatu, ez klima leloa betirako errealitate bihur dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.