Confebaskeko buruzagi batek esan zigun, 90eko hamarkadaren erdialdean, lan-baldintzak hobetzeko eskaera errepikatu genuenean, «behia gizendu beharra» dagoela «esnea eman aurretik». Eta, noski, gizendu egin zen. Garai hartan, lan-errentak etengabe jaisten ari ziren, eta kapital-errentak, berriz, geldiezin hazten. Confebasken jateko grina pantagruelikoa amaigabea zen; hala ere, ez zuen batere esnerik eman.
Zerbitzuen sektoreko lanpostuak ugaritu ziren, baina lan-baldintza txarretan oinarrituta. Sektore horietan, hitzarmen kolektiboak negoziatzea edo sektore maskulinizatu eta industrialen lan-baldintzekin parekatzeko gutxieneko baldintzak ezartzea ia ezinezkoa zen, patronalaren blokeoaren ondorioz.
Hiru hamarkada geroago, gizartearen geruza pribilegiatuenen eta prekarioen arteko arrakala areagotu egin da. 90eko hamarkadan, emakumeen eta gazteen bidez hedatu zen lan-esplotazioa; orain, enpresariek migratzaileak ere gehitu dituzte prekaritatearen menuan.
Eta, gure gizarteak sortzen duen aberastasunaren araberako gutxieneko soldata negoziatzen saiatu garenean, Confebaskek negoziazioari beste ezezko biribil batekin erantzun dio. Erabilitako argudio nagusiak XIX. mendekoa dirudi: soldata baxuen igoerak enpresen lehiakortasunari kalte egingo diola. Euskara batuan: enpresen lehiakortasuna soldata miserableetan oinarritzen da.
Argudio hori faltsua da. Nazioarteko lehian jarduten duten esportazio-sektoreetan gutxieneko soldata-igoeraren eragina txikia da. ELAk proposatutako 1.795 euroko gutxieneko soldatarekin ere, horrek langileen %10i baino gutxiagori eragingo lieke. Igoerak batez ere zerbitzuen sektorean baitu eragina, eta, bereziki, emakumeengan, migratzaileengan eta aniztasun funtzionala duten pertsonengan.
Gainera, hainbat ikerketek erakusten dute gutxieneko soldataren igoerak zuzenean eragiten diola lurralde baten hazkunde ekonomikoari eta egitura produktiboari. Euskal Autonomia Erkidegokoaren pareko BPGa duten estatuetan gutxieneko soldata Espainiakoa baino 500 edo 600 euro altuagoa da. Hala ere, Confebaskek estatu horiekin lehiatu nahi du prekaritatearen kontura.
Zenbait diru-sarrera mailatatik aurrera, gastu alferrikakoak eta beharrezkoak ez direnak sortzen dira. Burtsako espekulazioa horren adibidea da. Aldiz, diru gutxien duten pertsonei soldata igotzeak bizitzarako oinarrizko produktuak erosteko gastua sortzen du eta ekonomia erreala eraikitzen du. Eta aberastasuna banatzea enpresari alferkeriari aurre egitea ere bada. Confebaskek ordezkatzen duen enpresaritzak ez du ahaleginik egin nahi enpresa-irabaziak inbertsio produktiboen bidez handitzeko.
2014an, Confebaskek ELAren legez kanporatzea eskatu zuen. Mahai instituzionaletan haren betoei men egiten ez zietenei, eta, beraz, haietan parte hartzen ez zutenei, sindikatu izaera ukatu nahi zien. Hona hemen, hamarkada bat geroago: Confebask bera da legez behartutako eginkizuna betetzeari uko egiten diona: fede onez hitzarmen kolektiboak negoziatzeari, hain zuzen. Ironia onartzen bada, enpresen ordezkaritzaren monopolioa duen baina funtzio hori betetzen ez duen patronal baten legez kanporatzea proposatu beharko litzateke.
Confebasken jarrera autoritario eta atzerakoiak ELAren analisi estrategikoa berresten du. Patronalarekin lortutako akordio-kopurua zuzenean dago lotuta deitutako greba-kopuruarekin. Hau da, behiak esnea eman dezan jetzi beharra dago. Gutxieneko soldatari eman zaion erantzunak, erantzun ezak esan nahi baita, gure estrategia berresten du beste behin.
Azken hausnarketa bat. Manifestu Komunistak jasotzen duenez, langileek ez dute aberririk, ezin zaielako kendu ez duten hori. Confebaskek Marxi arrazoi ematea erabaki du. Soldata-politika bereganatu nahi du eta erakundeek, egitura nazionalek, langile-klasearen espazio ere izan ez daitezen saiatzen ari da. Patronala agenda neoliberala inposatzen ari da eta horrek erantzun irmoa eskatzen du erakundeen aldetik. Confebaskek gutxieneko soldata bezalako tresna funtsezko bat monopolizatuko al du?
Gutxieneko soldata EAEn demokratikoki hartzea ahalbidetzen duen herri-ekimen legegilea jarri dugu martxan, Confebasken beto aukerarik gabe. Gargantua dietan jartzea behar sozial eta ekonomikoa da, baita agindu morala ere. Alderdi politikoen erantzun egokia espero dugu.