Bistan da nire aurreko artikuluak zalaparta sortu duela bazter ugaritan, eta gai honetan dauden desadostasun eta iritzi kontrajarriak azaleratu. Orain, iritziak emateagatik Voxekoak al gara? Ba al dago ezer eskuin muturrekoagorik, eztabaidak deskalifikazioekin etetea baino? Ongi etorriak izan bitez kritikak, baita jaso ditudan irainak ere —hauek, Chavezek zioen bezala, «ni las ignoro»—, baina artikuluak izan zitzakeen forma probokatzaileak, ni bezalako nafar basati bati dagozkio, eta ez gaituzte gaiaren muinetik aldendu behar:
Bat: emigrazio behartua, erbeste guztiak bezala, tragedia bat da, ekidin beharrekoa; emigratuarekiko elkartasunak gaitzaren errotiko salaketarekin batera joan behar du, XIX. mendean esklaboen salerosketari aurre egin zitzaion indar berarekin aurre eginez.
Bi: migrazio masiboa elite kapitalistek beren interesetarako sustatzen duten zerbait da (mila esker, Confebask, nire lintxamenduaren egun berean hau argi uzteagatik).
Eta hiru: ezkertiar zintzoek kapital handiaren diskurtsoa irentsi dute, batzuk pasio handiz defendatu ere, egunotan ikusi dugun bezala.
Emigratzaile behartuen semea eta biloba naiz, eta badakit zertaz ari naizen. Nahikoa da bi amona atzera egitea ikusteko, azken karlistaldiaren ondoren, Nafarroako herriak bolborategi bat zirela, eta agintari liberalek laguntza eskatzen zutela erregimen kapitalista berriaren eta haren ondorioen aurkako matxinadak saihesteko: kintak, lur komunalaren lapurreta...
Cisnerosek XVI. mendean Nafarroa konkistatu ondoren iradoki zuen bezala, nafartarrak Espainiako probintzietan edo kolonietan sakabanatzeko ahotsak entzun ziren. Batzuk Itsasoz Haraindira abiatu ziren, baina askoz gehiagok mendietara itzultzeko mehatxua egiten zuten, mendean enegarren aldiz. Gobernadoreek doako trenen azenarioa eskaini zuten Bizkaiko meatzeetarantz joateko, edo militarraren makila, hura aski ez zenean. Tafallatik 400 mutil eskatu zituzten, gizonezko biztanleria osoaren %30 kasik. Meategietan lanaldi amaigabeak zituzten zain, baldintza osasungaitzak, barrakoietan pilaketak...
Espainiar immigrazio masiboa baino lehen, nafarrak izan ziren burdinazko zulo haiek zulatzen lehenak. Historiaren ironiak, urte gutxi batzuk lehenago Somorrostron liberalismoa garaitzear egon ziren jornalariak, hara itzultzen ziren beharturik, beren enpresa gorrotagarrietan lan egitera —orduko Confebask—, fusil errebelde harroa pikotxarekin trukatuz.
Odoluste harekin hasi zen egungo euskal metaketa kapitalista. Nekazari jornalari haien birmoldaketa, ezkerreko langile bihurturik, berehalakoa izan zen, eta Perezaguaren atzetik joan ziren, lehenago Radica-ri jarraitu zioten suhartasun berberaz.
Alta, gehienak Ameriketara bideratu zituzten, tartean nire birraitonak eta aitonak. Jotak kantatu beharrean, gaur egun argentinar tangero bat izango nintzateke, baldin eta herriminak ene ama itzultzera behartu ez balu. Espainiar estatu liberalaren manu militari zentralizazioa, Txile edo Argentinakoarekin batera etorri zen, eta 1885era arte, itsasontzietatik jaitsi berria zen hango liberalismoa, basamortuko gerran buru-belarri aritu zen, europar estiloko bere batasun nazionala osatzeko. Eta ikustekoa zen nola euskal herritarrak, beraien herrialdean lur eta askatasunik gabe geratu ziren haiek, foruak eta lurrak panpa, txarroa edo maputxeei kentzeko erabiltzen zituzten. Asko aberastu eta gizendu egin ziren, ikusi besterik ez dago euskal abizenen ugaritasuna oligarkia haien artean.
Ez dira garai bateko ipuinak: berrogei nazio indigena haien bilobak auzunerik txiroenetan pilatzen dira gaur egun, eta Buenos Aires geldiarazten duten mobilizazio handietan ikus ditzakegu, beraien danbor, kanpaldi eta arrantxo herrikoiekin: aurpegi indigenek eta mestizajeek adierazten dute, esplotazio ekonomikoarekin batera, arraza, hizkuntza eta nazio esplotazioa nola bateratzen den. Estatu liberalak nagusitu eta berrehun urtera, jatorrizko herriek zutik jarraitzen dute, Amerikan eta Euskal Herrian.
Emigrazio masiboa erabiltzen segitu zen frankismoan, kapitala pilatzen jarraitzeko eta, bide batez, Euskal Herriko eta Kataluniako separatismoa ekiditeko. Gogoan dut, 1960ko hamarkadaren amaieran, ELA sindikatuak gobernuaren barne-zirkular bat banatu zuela esparru klandestinoetan (mila esker, Aranbarri), ETAren inguruko asaldura sozialak zekarren arriskuaz ohartarazteko eta etorkin elkartetxeetan inbertitzeko, desberdin izateari eusteko eta emigrante espainiarrak euskal ezkerrarekin kutsatzetik babesteko. Zorionez, ezker abertzalearen diskurtso integratzaileak —gogora ditzagun Txiki edo Argala— borroka independentistari immigrazio haren geruza ez gutxi gehitzea ekarri zuen.
Gaur egun, gizon-emakumeen trafikoak aurrera jarraitzen du, gure kapital handiak bultzatuta. Nire artikuluagatik liskar betean, Confebaskek adierazpen batzuk egin zituen, nire kontrako asko zoriontsu egingo zituztenak: jaiotza-tasa txikia dela eta, eta gure ongizateari eutsi ahal izateko, datozen 30 urteetan, EAEko hiru probintzietan 400.000 langile berri eta 140.000 gehiago beharko direla gure hazkundea sendotzeko. Horretarako, Confebaskek pertsonen etorrera erraztearen aldeko apustua egiten du, «behartsuenei laguntza ematea alde batera utzi gabe», eta «ihes egiten dutenei edo babesa bilatzen dutenei elkartasuna eskainiz». Zein eskuzabalak diren gure kapitalistak!
Bitxia bada ere, sareetan jipoitu nautenak, kritikatu egin nauten nire lagun politikoki-zuzenak barne, isilik geratu dira humanismoaren zelofanez bildutako Confebasken plan basati hauen aurrean. Espero dut isiltasun hori onarpena ez izatea, bestela Panpara itzuliko bainaiz, aitona Jose Mariak landatu zuen onbuaren arrimura.