CEN: inoren bizkarretik bizi izateko dohaina

Ivan Gimenez eta Iñaki Zabaleta
2016ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Konplexuz beterik idatzi dugu artikulu hau, ekintzailetza, bikaintasun eta buru-dohainaren apostoluen eraginez. UPNren gobernuak eta inguruan diru-laguntzen mana agortezinaren gosez zebiltzan erakundeek gero eta gorago jartzen ziguten gainerako guztioi bete beharrekoen langa: «arriskatu behar da» esaten ziguten, «ekin behar da», «aukerak hor kanpoan ditugu»... «Lan egiten ez duenak nahi ez duelako izanen da, ez delako arriskatzen enpresa bat sortzera, eta bere buruaren jabe izatera».

Propaganda-ideia horren inguruan erakunde publikoen sare bat osatu zen, haiek denak Nafarroako Aurrekontuaren lepotik; besteak beste, Cein, Anain, Fundación Moderna eta abar. Beste burutazio batzuen artean Agora Talentia antolatu zuten 2009an, «Ezagutza Aroko Talentuaren Munduko Foroa». Izenean luze bezain ideietan motz. Bruselaraino joan ziren Foroa aurkeztera, dena herri-ogasunaren kontura noski. Han, zeremonilari, Enrique de Mulder ari izan zen, Caja Navarraren Viálogos sarearen sortzailea. Gero, Mulderrek bere emaztearen enpresari, CANen lan ilun batzuengatik, 2,7 milioi abonatu ziola argitara atera zenean Kontuz-en eskutik, ke-lainoa bota zuten eta betiko desagertu zen. Inon dohainik badago, Mulderren buruan dago, horretan zalantzarik ez.

Agora Talentiaren orduko hura Anain enpresa publikoaren kontura zihoan (Berrikuntzaren Nafar Agentzia). Agentzia haren zuzendaritzan Maria Beunza Mijimolle eta Belen Goñi Alegre zeuden. Biak hamar urtez baino gehiagoz izan dira enpresa publikoetako goi-mailako kargudunak UPNren gobernuaren garaian, eta haiek sustatu zuten Plan Moderna, Nafarroako etorkizunari buruzko erabaki publikoak pribatizatzeko ahalegin hura (eta baita enplegu publikoaren kontzeptua bera ezabatzeko ere).

Anain eta Cein bezalako enpresa publikoen eta Plan Modernaren beraren ibilbidea aski ezaguna da: milioikako galerak, kaleratzeak eta ia guztietan itxiera. Eta hori guztia Nafarroako Aurrekontutik aparteko diru-sarrerarik, ezta gutxienezkorik ere, lortu gabe. Merkatu askeko ekintzailetzaren eta arrakastaren eredu garbia. Eta zergatik zuten zuzendari horiek eta beste hainbatek hain interes handia Plan Modernan? Haren kontura bizi zirelako. 2008 eta 2012 bitartean Nafarroako Aurrekontuak 1,8 milioi euroz finantzatu zituen Anain eta Cein, Modernatik emandako mandatuen bitartez... Horrek bakarrik Plan Modernaren gastu osoaren erdia baino gehiago xurgatzen zuen. Beste adibide bat gehiago ekintzailetza eta bikaintasunerako; eta, batez ere, buru-dohainerako.

Hala ere, 2011 eta 2012 bitartean Belen Goñik eta Maria Beunzak beren karguak galdu zituzten enpresa publiko horietan (denontzako gozokiak bukaturik zeuden ordurako, urte haietan murrizketa gogorrak egin baitziren); eta orduan praktikan jarri behar izan zuten haiek berek beste batzuentzat emanak zituzten teoriak: ekintzailetza eta buru-dohainenak. Eta Institución Futurora eta Hapennin-era joan ziren. Dena dela, enpresa bat sortzearena ez da horren argi ikusten norberaren kontua denean. Errazagoa da aholkuak ematea aurrekontu publikoaren lepotik, eta lehiaketa edo oposizioetatik iragan gabe.

Eta, hara non, berriz ere buru-dohaina agertu zen. 2013az geroztik Institución Futurok eta Hapenninek aurkitu zuten modua Enpleguaren Nafar Zerbitzuaren diru-laguntzak CEN patronalaren bidez jasotzeko, horrela bizimodu lasaia izanen zuten (besteen) ekintzailetzaren eta (denon) zergen kontura. Jakitera izan denez, Institución Futurok 132.616 euro kobratu zuen herri-aurrekontutik lau ekitalditan (2012-2015), eta Hapenninek, 2014an soilik, 46.139 euro bereganatu zuen (urte horretako fakturazioaren erdia), eta gainera 9.847 euroko zorretan geratu zen Administrazioarekiko (zor bizia 2016ko irailean).

Hau da, soldata enpresa publikoetatik zuzenean kobratzetik hitzarmenen bidez kobratzera aldatu dira —Enpleguaren Nafar Zerbitzuarekin eta CENekin egindako hitzarmenen bidez—, eta betiere haiek argitaraturiko txostenetan zerbitzuen pribatizazioa eta enpresen zergak jaistea goraipatu da. Azken batean, urtetan beren soldaten iturria izan diren zerbitzu publikoak hondatu nahi dituzte.

Horiek adibide batzuk besterik ez dira, baina gehiago badaude, horra hor Club de Marketing, Asociación de Industria Navarra (AIN) eta UPNren gobernuetako goi-kargudun ohiak, besteak beste, Enrique Díaz Moreno. Azken hori Industriako zuzendari nagusia izan zen (2003-2007), baina gero Businessfokus sortu zuen. Erakunde horrek 18.792 euro kobratu zuen Enpleguaren Nafar Zerbitzutik 2014an, enpresaren fakturazioaren ia %100 (eta, hala ere, ez zuen etekinik lortu). Hori bai ekintzailetzan masterra!

CENi diruz lagundutako programetatik CCOOko lehengo buruek ere kobratu dute. Hor dugu Alberto Amescoa (sindikatu horretako batzorde eragileko kide ohia eta Forem-en zuzendari ohia). 2014 eta 2015 bitartean 30.308 euro jaso zituen bi txosten sinatzeagatik. Bi txostenetan, batera, 18.000 hitz bildu baziren; kontua ez zen izan txantxetakoa nafarrontzat, 1,6 euro hitzeko.

Adibide horien berri jakin ondoren, ezin du inork onartu Nafarroako 2017ko Aurrekontuan 720.000 euro bideratzea CENi, ustez prestakuntza emateko, baina izatez laguntxoen arteko sare horiei koipea emateko. Gure borondatea ere bada Nafarroako Gobernuak buru-dohaina sustatzea, baina ekintzaile moduan jarduteko benetako gaitasuna duten pertsonentzat, bikaintasuna frogatzeko aukera izan dezaten. «Sektore publikoaren lastarik eta trakeskeriarik gabe» haien txostenetan esaten duten bezala. Eta diru publikorik gabe, beraz.

Hau da, Parlamentuak patronalarentzako zuzeneko diru-laguntza hori erretiratzea lortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.