Celac-EB gailurra: karabelen belak zabaltzen?

2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Bruselan uztailaren 17an eta 18an egindako Celac-EB gailurra aurreko goi-bileratik zortzi urtera heldu zen, (ultra)eskuinaren ofentsibaren ostean Celac-ek kemena berreskuratuta. Egungo indar-korrelazioak, sozialdemokraziarantz dezente eskoratuagoa, makroeskualde hori Europa kolonial zaharraren aurrean ahots bateratuagoarekin eta sendotasun handiagoarekin aurkeztea ahalbidetu du. EB Europako Batasuna oso behartsu heldu zen gailur horretara, Ukrainako gerrak nabarmenki areagotu duen energia- eta lehengai-iturrien premiaren menpe.

EBk porrot egin du Ukrainako erregimenari babesa emateko eta Errusiako isolamendua legitimatzeko Celac inplikatzeko saiakeran. Izan ere, Washingtonen idatzitako historia eta errealitatearen irakurketarekin EB lerrokatzeak (ez dezagun inoiz ahaztu Victoria Nuland Europako gaietarako AEBetako enbaxadorearen «Fuck the UE» adierazpen hura), ez du translaziorik munduko leku gehienetan, propaganda masiboaren hedabideek horrela erakutsi arren. Celac ez da erori gaitzespen hipokrita eta interesatuetan. Gailurraren adierazpenean (Nikaraguak ez sinatuta), Kuba eta Venezuelak proposatutako aldaketen ondoren, kezka adierazi zuten eta bake justu eta iraunkorra lortzeko ahalegin diplomatikoen alde egin zuten.

Era berean, Zelenski Europa, Latinoamerika eta Karibeko agintariz inguratua agertzeko pentsatutako show-ak hainbat parte-hartzaileren kontrako erantzun irmoarekin egin zuen topo. Europa zaharrak, eskualdean eragina badu ere, ezin ditu bere kolonia ohiak menpekotzat hartu.

Goi-bilerak bereziki islatzen du EBeko Estatuek beren koloniak ziren eremuetan zuten eragina berreskuratzeko eta energia- eta lehengai-iturrietara iristeko duten beharra. Errusiako petrolioaren eta gasaren horniduraren murrizketa nabarmenak, AEBetako gas likidotuaren kostu handiak eta Ukrainako zein munduko beste leku batzuetako gatazken etorkizun zalantzagarriak behartzen dituzte Europako Estatuak beste eremu batzuetan energia-iturriak lortzera. Energia berriztagarriak ekoiztea eta garapen bidean dauden teknologia berriak (hidrogenoa...) ez dira nahikoa Europako gizarte kapitalisten garapen ekonomikoaren oinarri den energia-bolumen erraldoia betetzeko. Osagai teknologiko handiagoa duten energia-forma berrietarako trantsizioak planetako gune zehatzetan kokatutako elementu kimiko urriak ere eskatzen ditu.

Latinoamerikak hori guztia dauka, kopuru handitan. Laura Richardson AEBetako Hego Komandoaren buruak era ezin argigarriagoan aipatu zituen litioaren triangelua (Argentina-Bolivia-Txile), Guyana eta Venezuelako petrolioa, Amazonas eta Latinoamerikako mineral, lur arraro eta ur gezaren erreserbak. Lurralde horrek munduko litio-erreserben %63 inguru omen du, kobrezkoen %33, nikel eta zilarrezkoen %32, baita hidrogeno berdea sortzeko potentzial handia ere. Richardsonek Monroe doktrinaren indarra berretsi zuen 200 urte geroago, hotsandiko esaldi batekin: «Asko dugu egiteko. Zonalde hau garrantzitsua da. Nazio-segurtasunari estuki lotuta dago eta gure jokoa areagotu behar dugu». 2019ko Boliviako kolpea edo Peruko Castilloren gobernua kentzea bezalako gertakariak ezin dira mineral estrategikoen kontrolaren aldeko borrokatik bereizi.

Energia eta lehengaiak lortzeko lehian, EBk ere lurralde hura behar du. XXI. mendean, berriz, eragin-eremu horiek mantentzeko edo berreskuratzeko lehia gauzatzen da, beste potentzia batzuen aurrean ere (Txina, Errusia, Iran...). Egun, ordea, Europa gonbidatu txikia da. EBeko ahultasuna (baita AEBetakoa ere), neurri batean, Chavez eta Fidelek abian jarritako integrazioko prozesuaren ondorio da. Era berean, Latinoamerikak mundu multipolar bat du erreferentzia gisa, non Europa eta AEBekiko mendekotasuna gero eta txikiagoa den, BRICS taldera harreman komertzial asko bideratuta eta zonaldeko Estatuen arteko merkataritza-harremanak indartuta (Mercosur da adibiderik onena). Horrez gain, EBk interesa dauka sektore ekonomiko zehatz batzuetan inbertitzeko, baita Mercosurrekin merkataritza libreko akordio bat ixteko eta Mexikorekin eta Txilerekin dituenak «modernizatzeko» ere.

Asmo merkantilista horien gainean, eta kirats neokolonial nabarmenarekin, Global Gateway estrategia kokatzen da, baita Von der Leyenek 2027ra arte iragarritako 45.000 milioi euroko inbertsioa ere, energia berriztagarriak, osasun publikoa, hezkuntza, azpiegiturak edo digitalizazioa bultzatzeko programetan. Celac-eko kideek ondo dakite zer gabezia duten lehengaiak ateratzeko eta eraldatzeko teknologiei dagokienez. Agerikoa da estraktibismoaren gainean oinarritzen den ekonomiak ez duela herrialde baten etorkizuna bermatuko. EBeko eskaintzak Txinako Zetaren Ibilbide berriaren hedapena ordezkatzea du helburu. Horregatik, lehengaien erauzketatik harago joan nahi duela adierazten du, tokiko industriaren garapenari eta langileen gaikuntzari helduz, gai horiek bertan eraldatzeko (Von der Leyen litioko bateria eta ibilgailu elektrikoen ekoizpenaz aritu zen). Europako eskaintza hizkera paternalistarekin edertzen da orain: «Ez nator zure arrainak erostera, baizik eta kanabera egiten irakastera, eta zurekin batera egin nahi dut».

Potentzien arteko lehiak Latinoamerika eta Karibea ditu giltzarri, eta Celac-ek badaki. Era berean, jakina da Latinoamerikako Estatuen arteko zatiketak, nagusiki bertako oligarkien interes partikularrek eragindakoak, eskualdeko garapen endogenorako oztopo handienetakoak izan direla, eta izaten jarraitzen dutela.

Bruselan gertatutakoak erakusten du Celac indartu dela munduari begira, askotarikoa eta kontraesankorra den zonaldearen erakunde moduan. Latinoamerikako eragile anitzen arteko barne-tentsioek, injerentzia inperialistak, munduko beste potentzia batzuekiko harremanek eta langile-klaseak botere-gune berriak lortzeak markatuko dute Celac eta eskualdearen etorkizuna. Latinoamerika eta Kariberekiko harremanak indartzeko beharrak eta beraien asmoen azpitik geratu den gailurraren adierazpenak berretsi dute antzinako metropoli inperialaren ahultasuna, inperio yankia eta sektore gerrazaleen interesetara are gehiago makurtuta. Europako herriok, Estatu kapitalisten mundu multipolarretatik haratago, Europako eta munduko gainerako herriekin elkartasun-harremanak eraikitzeko premia larria dugu, EB gobernatzen duten eliteen interes ziztrinetatik aldenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.