Aintzat mugimenduko kidea

CCOO, olagarroak, kibbutzak, euskarafobia

Adrian Unai Zelaia Arieta-Araunabeña
2025eko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Koktel berezia gero. Martxelo Otamendik EAEko Osasun sailburuaz esan bezala, zefalopodo abisalei dien enpatia bera merezi dio euskarak, eta CCOO are gordinago mintzo da euskararen eta euskaldunen aurka. Horra sindikatuko Lan Osasuneko, Ingurugiroko eta Hizkuntza Politikako arduradunaren hitzak. Euskara eskakizunen inguruko kontsentsua dinamitatua ei dago. Kontsentsuaren animalia mitologikoa. Nuestro país delakoa espainolez eta EAEko markoan esanda, dena argi. Egungo euskararen egoera orekatuaz mintzo diren horiek nekez izan dute inoiz arazorik beren herrian beren hizkuntzan bizitzeko, zer esanik ez administrazioak artatuak izateko.

Azken epai euskarafoboen eredugarritasunaz mintzo da langile elkarte hau. Euskaldunak gure jokabideagatik zigortu eta zigorren bidez irakatsi beharreko umeak gara. Gaizki portatu garen umeak. Adostasuna bilatzeko metodologia berria antza.

EAEko biztanleen proportzio baxu batek eskatzen omen du arreta euskaraz administrazioan. Espainiera derrigorrezko bihurtu, inposatu eta hedatu ondoren ohituak gaude. Osakidetza existitzen denetik, osasun arreta espainolez izan da sistematikoki. Euskal Herrian espainiera eta frantsesa ezarrita, langile publikoek dituzten hizkuntza eskakizun hauek (C1 maila sarri), derrigortasun konstituzionala barne, sekula ez dira kexarako motibo izan haientzat.

Jakin badakite zer botere harreman eta ustelkeria dauden EHUn, Osakidetzan, Ertzaintzan, Justizian, eta abar. Ustelkeria aipatuta, epaile (lautik batek) edo epai batek ezin estali dezakeen egia. Espainieraz diseinatutako LEP hauek sistematikoki ustelak izan dira, dimisioak lotsaz onartuak eta ardura gehienak argitu gabeak. Prozesuaren ondorioak: zigortuak izan beharko luketenak, egun sailburu lanetan edota pribatizazioez profitatu diren kliniketako zuzendari.

Ez da kasualitatea administraziorik ilun eta zantarrenak izatea espainol eta frantsesenak, euskararen aurkakotasun handienekoak. Hauexek dira bunker linguistikoak, herria anputatu eta zonifikatzen dutenak, hauexek CCOOko kideek afinitate handiena aurki dezaketenetakoak. Ez da ahaztea komeni: boteredunak eta goi klasekoak euskarafoboak dira.

Zuzendaritzengatik langileak, pazienteak, denak espainierara eta frantsesera indarrez behartuta, ohikoa da paziente edota langile euskaldun zaharrenek ere osasun terminoak euskaraz ez menperatzea. Itxuraz kibbutz terminoa egokiagoa litzateke lurralde bat armaz kolonizatu eta bere hizkuntza inposatu duen talde batentzat. Baztertzailea, monolitikoa, sektarioa, hori guztia da CCOO. Baita elitista ere. Garbitzaileek derrigorrez espainolez jakin behar dute, baina ez dute euskaraz idazten jakin behar izateko duintasun nahikorik. Oso ondo.

Arretaren normalizazioaz ari gara hizkuntza normalizazioaz ez ezik. Kalitatezko osasun arreta euskarazkoa dugunontzat ez da baliagarria hizkuntza eskakizunen ehunekoekin dantzan ibiltzea. Euskarazko arreta dugu eskubide eta kalitate berme bakar, edonon, edonoiz, guk eskatu beharrik gabe. Horren aurka jotzea euskaldunon osasunaren aurka jotzea da, gure integritate fisiko eta mentalaren aurka. Horretarako, euskarazko lan inguruneak ezarri edo sortu ezean, nekez normalizatuko da euskarazko arreta, hizkuntza eskakizun edo euskara planik onenekin ere. Euskaraz lan egin, ikasi, bizi, gaixotu eta hil nahi dugulako, ahal izanez gero euskarafoboek nahi duten baino beranduago.

Laster dator Euskaraldia. Atxikimenduekin, prentsaurreko, irribarre eta txapekin. Itxurakeria, kalitatezko (euskarazko) arreta normalizaziotik kanpo baztertuta. Noizko jendilaje faltsu hau euskarazko osasungintza, justizia, hezkuntza baten alde? Edo gutxiengo baten pribilegioak mantentzearen alde jarraituko ote dute?

Sindikatu gisa lotsa sentitu beharko zenukete. Osasun publikoa, langileak eta pazienteak saldu dituzue. Salmenta hau euskararen eta euskaldunen aurkako diskurtsoarekin estali nahi izatea ez dago ondo, CCOO. Norbere zaborra etxean garbituta etorri daiteke inor gainerakoei iseka egitera.

Gainerakoak goazen Euskal Herriko administrazioa, osasungintza normalizatzera, goazen euskalduntzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.