Castaños jenerala, heroi espainola

2013ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako 1813ko erreketa eta sarraskiarekin lotutako figura historikoetako bat Francisco Javier Castaños jenerala, Bailengo dukea. Eta lotutakoa diot, ez baitago inon jasota bera han zegoenik, sarraskian parte hartu zuenik edota inolako agindurik eman zuenik. Ofizialki eta modu kontrastatuan behintzat, ez.

Alabaina, Jose Antonio Aspiazu historialariak azaltzen zuenez, zurrumurruak ere historiaren parte dira. Besterik da nola aztertzen edo balioesten diren dokumentuetan jasotzerainoko indarra hartzen duten zurrumurru horiek. Betiere, meigengan ez zuela sinisten zioen galiziarraren zuhurtzia izango dugu: «Pero haberlas, haylas».

Kasu honetan sorgin-ehizari ekiteko asmorik ez dugunez, Castañosen Donostiaren suntsiketan eta bertakoen zigorrean izan zuen esku-hartzea gutxienez korapilatsua dela esango dugu. Lehen esan dudanez, ez dago halakorik jasotzen duen idatzirik. Baina pertsonaia ez zen nolanahikoa izango; izan ere, filiarik eta fobiarik sutsuenak pizten ditu, eta hautsak harrotzen ditu joera batekoen eta bestekoen artean.

Nire ustez, arrazoizkoak dira jeneralari mendekua leporatzen dioten hipotesietako batzuk. Ulergarria da Castañosi egoztea «hiria suntsitzeko eta biztanle guztiak hiltzeko» agindua, sarraskitik bizirik atera zen Jose Antonio Agirrebarrena lekukoak azaltzen duenez edo on Jose Ramon Etxanike Presbitero Benefiziodunak («Castaños Jaunaren agindua hiria errauts bihurtzeko edo biztanle guztiak akabatzeko») dioenez, haien adierazpenen arabera. Neurri batean, sarraskia egin zuten soldadu eta ofizialen ahotik entzun zutelako —militarren artean zurrumurru hori nork zabaldu zuen ere gogoetarako gaia izango genuke—. Baina, halaber, Castaños orduan Erregentzia Kontseiluaren presidentea zelako, erregea ez zegoenean aginte gorena zen erakundearena, alegia. Eta ezaguna da euskal foralismoa ez zuela batere gogoko, eta liskar batzuk izan zituela horren kontura Konbentzio gerraren garaian. Donostiako Udalak, 1814ko bere Manifestuan, vox populi hori jasotzen du.

Hain arrazoizkoa ez dena hau da: Castañosen errugabetasuna etsi gabe defendatzen dutenen tema. Izan ere, sortzez garbia bailitzan deskribatzen dute, ditxosozko jenerala inperioa gainbeheran zegoen aldiko beste militar espainol basati bat ez bazen ere, jendea gerrako harrapakintzat besterik hartzen ez zen gerra bateko partaidea. Nazionalismo espainolak su eta gar defendatzen ditu bere heroiak.

Hortxe dago eztabaida. Ez hainbeste argudio kontrajarrien fidagarritasunagatik, baizik eta beren ahuleziarengatik. Horrela, Gipuzkoaren traizioak eragindako espainolen mendekua aipatzen da, azken gerran probintziak Frantziako Konbentziora igaro eta independentzia berreskuratu nahi izan nahi baitzuen. Edo bortizkeria tropa eskoziarren gehiegikeriei egozten diete batzuek, soldaduak agintzen dieten lekura doazela ahaztuta, Donostiaren suntsiketa ez baitzen kasualitatea izan.

Aitzitik, oso susmagarria da gertatutakoa jakiteko, erantzukizunak eskatzeko edo, behintzat, egia historikoa berreskuratzeko erakutsi duten interesik eza. Eusko Ikaskuntzako Lola Valverde historialariak azaltzen duenez, gertakari haren gauzarik harrigarriena ia ez ikertu izana da.

Nabarraldek Donostiako Udalarentzat egin duen Donostia 1813. Hiru inperioren biktima dokumentalak eztabaida horiei heltzen die. Xosé Estévez historialariak sarraskiaren eta erreketaren arrazoiak laburbiltzen ditu, esaldi gogoangarri batean: «Bi gerretan Gipuzkoak hiru inperialismo jasan zituen. Bat, agertzen ari zena, frantsesa zen; beste bat, 1714az geroztik finkatua, britainiarra, eta bestea, gainbeheran zegoena, espainola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.