Jose Mari Esparza Zabalegi.

CANen harako akta haiek

2013ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroan, fobia berria da euskaltasunaren kontrakoa, genetika frankistatik eratorria, eta itsukeria horren izenean burugabekeria aldrebesak egiten dira. CAN, gure ekonomiaren bandera itsasontzia, nafarreroek hondoratu dute; pirata horiek, lehenik, jatorrizko ibilbidea aldarazi zioten, eta arpilatu eta gero, hondoa joarazi. Ramon Doria adiskideari esker, CANen Administrazio Kontseiluaren aktak eskuratu ahal izan ditut, sortu zenetik 1950era bitarteko guztiak; urte haiexetan izan zen CANeko buru Doriaren aitona, Ramon Ullibarri. Eta merezi du akta horien berri jakitea.

CAN eratzeko burutazioa, hain zuzen, Euskal Ikasketen II. Kongresuan sortu zen, 1920an. Eta historiaren ironiak, euskal batasunaren idealak sortu zuena banatze nafarreroaren idealak desegin zuen. Aurrez, izan zen ekinbide haren antzekorik: 1867an, Nafarroako Diputazioak proposatua zien bere senideei «Nekazaritza Banku Euskal-Nafar bat eratzea, lau foru diputazioen babespean»; ideia hura, baina, ez zen mamitu, barregarriro, baskongadoen interes faltagatik.

1921ean, Nafarroako Diputazioak CAN sortzea adostu zuen bere babespean. CANeko lehenbiziko zuzendaria izendatzeak ere izan zuen bere mamia: euskal probintzietako hautagaiak bakarrik onartu zituzten, eta Bajo Ullibarri arabarra hautatu zuten azkenean. Lehen hiru hamarraldietan, huraxe izan zen erakundearen arima; eginahalak eta bi egin zituen CANen foru izaerari eustearren, eta, hasieran, 8.000 pezetako soldata izan zuen urtean; oso gutxi, gaur egungo trukean, oraingo heste-ateratzaileenen aldean.

Berehala, gainerako euskal kutxen aldera lerratu zen CAN, politika bateratu bat eramateko Madrilera, betiere diputazioekin bat zetorrena. Hala, 1921ean, hauxe galdegin zioten INP Aurreikuspenen Institutu Nazionalari: «Ahalik eta autonomiarik handiena administrazioan; prima guztiak bildu ahal izatea; probintzia baskongadoen autonomia erregimena onartzea, eta Estatuaren antzeko kopuruetan egin ahal izatea hobariak kapitalizazioaren aurrezki libretetan». Horrez gainera, «eta negoziazioari begira estutzeko asmoz», INPri inolako kopururik ez ematea adostu zuten. Erresistentzia zibila.

Hasieratik, alarma piztu zen bankan, kutxak oso interes apala ematen zuelako, baina hark bereari eutsi zion temati. 1922ko azarotik hasita, jaioberri nafar guztiei pezeta batekin aurrezki libreta bat irekitzea adostu zuen.

1923an, Espainia Iparraldeko Kutxen Federazioa sortzea proposatu zuen Gasteizko Udal Kutxak, eta CANek erantzun zuen aukeran hobe zela kutxa euskal-nafarren artean bakarrik eratzea federazioa. Hain zuzen ere, lehenbiziko urte haietan, etengabekoak ziren Baskongadetarako bisitaldiak, esperientzia berrien bila, eta talde antolatuen bidezko propaganda bila: karabinariak, enpresak, sindikatuak, udalak… 1924an, Kutxa Euskal-Nafarren Fundazioa sortu zen, nafarrek aurkeztutako oinarriak abiaburutzat hartuta. Atzetik joan ordez, zortzi kutxen buruan zihoan Nafarroakoa.

1927an, Primo de Riveraren diktadura bete-betean zela, trenbide baskongadoen sarea babestu zuen CANek; donazioak egin zizkien Euskeraren Adiskideak elkartekoei, euskaraz hizketan gehien nabarmentzen ziren haurrei aurrezki libretak irekita; eta Orion haurrentzako udalekuak eraikitzea kudeatu zuen —azkenean, Hondarribian egin zituzten—. 1932an, ados jarri ziren, «Kreditu Institutu Euskal-Nafarra sortzeko komenentziaz, gure eskualdean egin beharreko eskolen eraikuntza gastuak ordaintzeko eta herrialde honetako dirua hemendik kanpo irten ez dadin eta Espainiako beste toki batzuetan inbertitu ez dezaten».

1933an, lan Istripuen Aseguruaren xedapen berriak ikusirik, CANen Kontseiluak zera iritzi zion: «Gure industriaren tamaina txikia izaki, gure aseguruaren garrantzia ere halakoxea da probintzia honetan, baina, hala ere, aho batez uste dugu Nafarroak ezin diola uko egin bere foru-lurralde izaera berresteari, eta onespena lortu beharra dauka administrazio ekonomian autonomo jokatzen duen heinean […] Eta onespena lortzeko ezin gaindituzko eragozpenik izanez gero, hiru probintzia baskongadoetakoekin bat egingo du gure Kutxak, Lan Istripuen Aseguruen Eskualde Kutxa bat eratzeko asmoz». Gaiaz eztabaidatzera jo zuen batzorde batek Madrilera, eta, han, zera nabarmendu zuen CANen Kontseiluak: «Komenigarria da Kutxa Euskal-Nafar guztiak batera agertzea». Bi urteren buruan, beste negoziazio bateratu bat gertatu zen, Aurreikuspenen Institutu Nazionalari aurre egiteko.

1940an, Euskal-Nafar Federazioak «desadostasun erabatekoa» agertu zuen, euskal kutxetako funtsen inbertsio libreak mugatzeko Madrilen ahalegina zela eta. Eta ez gerrak eta ez frankismoak ez zuten hautsarazi batasun hura. Vida vasca aldizkarian, 1924tik 1980ko urteetara arte, artean ere elkarrekin iragartzen zituzten zortzi euskal kutxak.

Azkenaldian inoreztatu egin badute ere, Aurrezki Kutxen Federazio Euskal-Nafarrak indarrean iraun du iaz arte. Harrigarria da zer-nolakoeskujokoak egin behar izan dituen lapur jendaila horrek CAN eramateko Caja Canariasera, Caja Burgosera, Sa Nostrara, Banca Civicara eta, azkenik, Caixabankera; betiere, euskal kutxak saihestearren, horiexek izaki hurbilekoenak, kidekoenak eta senitartekoenak.

«Euskaltasunarekiko gorrotoa, izan ere, Nafarroarekiko gorrotoa da»; aspertzeraino ohartarazi gintuzten XIX. mendeko gure klasikoek. Eta berriro ere egiaztatu dugu.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.