CAN zelakoaren batzorde aztertzailea bukatzen ari da eta ematen du ez dela ondorio handirik izanen. Nafarroa ez bakarrik bere finantza erakunde garrantzitsuena kenduta, baizik eta ardurak eskatzeko bideak gehien batean murriztuta gelditu da.
Legebiltzarreko batzorde aztertzaile honetan azken garaiko gorabeherak soilik aztertu direla dirudi; nire ustez, zoritxarrez. Gai honetaz idatzi diren zabalkunde handiko bi liburuetan gertatzen den bezala: El banquete, Intxusta, Gil eta Zamorarena; eta CAN: eta hemen ez da ezer gertatu, Senarrena. Liburu bi horietan oso lerro gutxi eskaintzen zaizkio lehenagoko bilakaerari; eta hori, baldin eta ez bada azkeneko istiluekin lotura zeukatelakoan edo. Ez da behar bezala aintzat hartu eta ez zaio ondoriorik ateratzen igarotako azken hiru hamarkada eta erdian gertatukoari. Pixka bat agian, epaitegietan gertatu denaren antzera.
Horra bada, lokatzetan murgiltze aldera, bi galdera eta bi baieztapen arranditsu bezain gogor. Zergatik gertatu ziren agintean zeuden politikari batzuk protagonista zuzen eta nagusiak CAN zelakoaren azken uneetan? Zergatik ez zen kontuan hartu ehun urte baino gehiagoko euskal kutxen elkargo edo federazioa? Eta hona baieztapenak: CAN legez eta etikaz kanpoko egoera batean kudeatu zen eta bilakatu zen 1980ko hamarkadako lehen urteetatik hasita bere bukaera arte. CAN, Nafarroako finantza erakunde publikoa zena, pribatua baina jaberik gabea balitz bezala kudeatua izan zen. Jar ditzagun mahai gainean hainbat zehaztasun:
1976an Nafarroako Aurrezki Kutxaren estatutuak berritu beharreko garaian, egindako bidea Ogasuneko Ministerioarekin itun bat egitea izan zen; eta horri «konbenioa» deitura eman zitzaion eta foru izaera eta maila aitortu zitzaizkion besterik gabe, horrela foruen aitzakia erabili eta lege arauak saihesteko asmoz.
1979an, Suarezen gobernuko lehendakariorde ekonomikoa zen Fuentes Quintanak lehen dekretu bat eman zuen kutxetako zuzendaritzak politikaren arlotik bereizte aldera; eta agindu hura, Nafarroako Kutxak izan ezik, beste guztiek bete egin zuten, euskal beste lurraldeetakoak ere barne. Desobedientzia haren aitzakia itxuran erabili zen Nafarroako Aurrezki Kutxetako baten estatutuak foru eta konbenio izaera zeukalako leloa, nahiz eta sakoneko arrazoia beste bat zen, zera alegia, Nafarroa estatu gakotzat zeukala zentralismoak.
1981eko Nafarroako estatutuan, hau da, LORAFNA edo Amejoramenduaren 56-1-F artikuluan (gaur egun indarrean jarraitzen du), Nafarroari aitortzen zaio eskumen osoa aurrezki kutxa gaietan. Inoiz ez da bete lege hori, horretarako Nafarroako Kutxaren 76ko estatutuen leloa erabiliz (nahiz konstituzioa eta Amejoramendua baino lehenagokoa izan) eta bere aldaketarako beste konbenio bat beharko litzatekeela argudiatuz, eta ondorioz Amejoramenduari foru arloko goieneko izaerarik aitortu gabe.
1987an, 7/87ko apirilaren 21eko aurrezki kutxen zuzendaritzak arautzeko Lege Forala onartu zen. Ondoren, lege hori garatzeko Dekretu Forala ere, eta bi agindu horiek indarrean egon ziren 2014. urtea arte; baina UPN-PSN erregimenak ez zituen sekula bete. «Pase forala» kargu publikoen soldatak borobiltzeko erabiltzen zen, PPko sobreak bezala eta sobre horiekin bateraezintasunik gabe...
Lekukotasuna eman nezake neronek Aurrezki Kutxa Munizipalean, 87ko Lege eta Dekretuaren araberako estatutuen berritzea prestatu zela, baina agindu bat jaso zen Nafar Gobernutik bertan behera uzteko ahalegin horiek, eta denak berdin jarraitu zuen hondamendiraino.
2/2014 Lege Forala, Ogasun Ministerioaren eta Espainiako Bankuaren esanetara egin zenean, ordura arte eraikitako gezur sare eta trikimailu guztiak agerian gelditu ziren, adibidez, CAN erakunde pribatua zelakoa eta ez publikoa. Egia esan, ezin liteke itxuragabekeria barregarriagorik baieztapen hura baino, zeren eta ez baitziren gai pribatua baldin bazen jabea nor zen esateko ere. Betiere banketean eseri zirenen arteko eskandalurik lotsagarriena da Goñi eta Sanz jaunek onurak jasotzen jarraitu dutela CANen hondamendiarekin pagotxa egin zuen La Caixa erakundearen aldetik.
Nafar biztanleek aurrezki kutxa edukitzen jarrai zezaten modu bakar bat zegoen; eta hori zen 100 urte zeukan Euskal Kutxen Federakundearen ildo, esparru eta eredua jarraitzean. Baina navarrismo-aren erregimena ez zen errudun bakarra izan, zeren eta txanpon beraren beste aldea den bizkaitarrismo-ak ere nahiago izan baitzuen Kordobako kanonigoen porrot egindako kutxa eskuratu, CAN zelakoaren arduradun ergelak CAJASOL izenekoaren hondarrekin nahasten ziren bitartean. BBK kutxak bazuen arrazoi bat CANekin ez elkartzeko eta zen Vital, Kutxa eta CAN, hirurak batean, BBK baino handiagoak zirela. Orain berriki Kutxabank erakundeko lehendakari ahalguztidun eta harroak berriro bota du Kutxabank erakunde pribatua delako astakeria. Zantzu txarrekoa da harroputzak horrelako leloekin astea, horrek pribatizatzeko irrika besterik ez baitu adierazten; eta horra nola dabilen orain Euskaltel burtsako edozein marrazok irentsiko duen arriskuan.
CAN erakundearen desagerpena, gaur egun La Caixaren %1 baizik ez baita, nahiz aldi berean egin duen pagotxaren eskerraren arrazoia ere izan, ez zen hondamendi bat gertatuko, gertatu den bezala, baldin eta zentzuzko esparru eta egitura onartu izan balitz; Euskal Kutxen Federazioarena, alegia.
CAN eta kutxen euskal federazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu